ORAIN AUTODEFENTSA FEMINISTA

A25 EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Indarkeria gure egunerokoan bizi dugu neska, trans eta bollerok eta tamalez geroz eta arruntagoa egiten zaigu. Indarkeriak zenbait aurpegi ditu eta dagoeneko sutilenak zein adierazleenak ere normalizatu ditugu.

Indakeria zuzena eta agerikoa da batzuetan, beste batzuetan, modu oso sutilean zeharkatzen gaitu. Batean zein bestean zisheteropatriarkatuak eragindako egiturazko indarkeriaz ari gara. Sistema heteropatriarkal kapitalistaren erreprodukzioa bera indarkeria da, indarkeria erreproduzitzen du. Zentzu honetan, indarkeria bizi dugu familia barruko zaintza lan guztiak bakarrik egitea dagokigunean guk erabaki gabe, generoagatik lan aukera gutxiago eta prekarioagoak izatean, eta baita jai espazioetan baboso bat atzetik dugunean ere.

Sistema honek gainera, balore patriarkal eta matxisten hedapena sustatzen du. Eta hau beste esparru batzuetatik ere indartzen da: zenbait komunikabideren inplikazioz, gizarte eragile eta eragile politikoen mezuez, feminismoaren aurkako diskurtsoez, ultra eskuinaren inpunitateaz, justizia patriarkalaz… horiek ere arduradun dira.

Olatu erreakzionario baten aurrean gaudela esan dezakegu, feminismoaren indartze eta zabaltzearekin batera, hau desprestijiatzeko, erridikulizatzeko, erasotzeko, saiakerak ugariak izan baitira. Guretzat, (eraso) horiek aldiz, bide onetik goazela gogoratu, eta feminismoa zapaltzen gaituen sistema iraultzeko tresna dela berresteko arrazoi bat gehiago dira.

Feminismoa eta autodefentsa feminista, komunitatea ulertzeko, antolatzeko eta jarduteko modu bat dira, finean bizitzeko beste eredu bat da. Euskal Herria eraldatzeko norabidea eskaintzen diguna, tresna eta helburua da. Eta bide honetan neska, trans eta bolleron boteretze kolektiboa ezinbestekoa da. Autodefentsa feministaz armatuko gara eta eguneroko lan eta borrokatik sistema aldatuko dugu, eguneroko indarkerien aurrean saretuko gara. Indarkeriarik gabeko herri bat behar dugulako orain, bizitzak erdigunean kokatuko dituen herri bat eraikitzen dihardugu.

Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako eguna dugun honetan, Mugimendu Feministak mobilizatzeko egindako eskaintza zabalean parte hartzera dei egiten dugu. Eta honetaz gain, neska* gazteok saretzeari, antolatzeari eta borrokatzeari ekin behar diogu.

Feminismoa dena aldatzeko,

Orain autodefentsa feminista!