Neska* gazteok Euskal Herria Feminista!

Martxoak 8, antolatu eta borrokatu!

Sistema heteropatriarkal kapitalistak emakumeon* gorputzak gudu zelai bilkatzen jarraitzen du, gure gorputzen eta erabakien jabe izatea ukatzen digu. Indarkeria matxistaren biktimak gara, zaintza-lan ikusezinen sostengu gara, edertasun hegemonikoaren preso… Hamaika zapalkutza ezberdin pairatzen ditugu, denak dominazio sistema beraren aurpegi ezberdinak, egungo sistemaren biziraupena bermatzen duten zapalkuntzak dira.

Neska* gazteok, egunero pairatzen ditugu horrelako zapalkuntzak, eta egunero gabiltza hauek gelditzeko borrokan. Gure lan prekarioak salatzen ditugu, indarkeria matxistaz beteriko mezu eta jarrera ororen aurrean oldartzen gara, ikastetxeko irakasle autoritarioen aurrean altxatzen gara… Egunerokoan dago gure borroka eta horretarako ezinbestekoa da antolatzea. Bizitzak erdigunean jarriko dituen gizarte baten alde borrokatu behar dugu, sistema osoa eraldatzeko hautua eginez. Izan ere, Mugimendu Feministak urte luzeetan erakutsi duen bezala, antolakuntza da zapalkuntza hauekin guztiekin amaitzeko modua.

Frantziako eta Espainiako Estatuek ordea, etengabeko muga, inposaketa eta zapalkuntza erreproduzitzen dituzte, eta hauen baitan jarraitzen dugun einean, badakigu ezingo dugula aske izan. Argi dugu Euskal Herri Feminista eta Sozialista eraikitzea inoiz baino beharrezkoagoa dela; eta horretarako gure konpromisoa dela tresna. Izan ere, prozesu independentistarik ez da garatuko feminista ez baldin bada. Aldi berean, prozesu feministak independentista izan beharko du bururaino eramateko. Eta Euskal Herri Feminista antolakuntzaren bidez soilik lortuko dugu.

Hamaika adibide ditugu Mugimendu Feminista antolatu eta indartsu batek garaipenak lortzen dituela ikusteko: pasa den urteetako martxoak 8ko greba arrakastatsuak, azaroko Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak edota hainbat gai mahaigaineratu izana (intersekzionalitatea, zaintzaren problematizazioa, zaintza kolektibizatzeko praktikak…).

Mobilizatzeko gaitasun handia erakutsi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak; baita eragiteko gaitasuna ere. Iritzi publikoan ahots propioa izan dugu: erasoen inguruan, soldata arrakalaren inguruan, inposatzen dizkiguten kanonen inguruan, askapen sexualaren inguruan… ekarpen kualitatiboak egin ditugu eta egiten jarraituko dugu. Hau guztia Mugimendu Feministaren urte osoko antolakuntzari eta borrokari esker izan da posible.

Martxoak 8 honetarako ere, Mugimendu Feministak mobilizatzeko eskaintza zabala antolatu du. Eta neska* gazteoi hauetan parte hartzeaz gain, saretzea, antolatzea eta borrokatzea dagokigu. Bizitzak erdigunean jarriko dituen herria gaurdanik eraiki behar dugulako. Hemen badelako indar bat, badelako herri bat.

Gora Borroka Feminista!
Neska* gazteok Euskal Herria Feminista!