Nafarroako gazteon oraina borrokan da

Abenduaren 8an: 'Nafarroan Bizi' eguna

Gure bizitzako esparru guztiak busti nahi dituzte prekarietatez. Bizirautera kondenatu nahi gaitu sistemak: ziurgabetasuna, helduleku falta, ezegonkortasuna… ez digu beste eskaintzarik egiten kapitalista eta patriarkala den sistemak. Ez bakarrik lanean ditugun baldintza kaxkarrez bidez: hezkuntzan, etxebizitzan, harremanetan, osasunean, parte-hartzean… eragiten du prekarietateak. Bizi proiektu duin bat eraikitzea ezinezko egin nahi digute.

Gazteok baina, nazkatuta gaude eta ez gaude prest beste batzuek markatutako koordenadetan bizirauteko. Nafarroan bizitzeko hautua egina dugu gazteok: era duinean lan, bizi eta ikasi nahi dugu. Bizitzaren sostengarritasuna eta zaintza erdigunean jartzeko apustua egiten dugu.Azken hilabeteetan behin eta berriz egin dugu horren aldeko apustua: mobilizatu gara, kaleak hartu ditugu eta alternatiben eraikuntzan jarraitu dugu. Autogestioaren alde, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuz, kaleak gureak izan daitezen borrokatuz, Altsasuko gazteen alde lanean, prekarietatearen kontra…

Gazteok badugu zer esan, zer egin eta zer borrokatu. Nafarroan garatzen hasia da eraldaketa sozial eta politikoa; horretan ere motore izatea dagokigu. Nafarroaren burujabetzaren aldeko pausuak ematen jarraitzeko konpromisoa hartu eta eraldaketan sakontzeko apustua egiten dugu. Erregimena ahulduta dago, baina bere erasoek egunerokoak izaten jarraitzen dute. Eta berriz ere, frankismoaren oinordekoak eta oligarkia ekonomikoen ordezkariak españolismo faxistaren erakustaldi bat egitera datoz gure herrira.

Gazteon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua eraikitzeko beharrean gaude eta eraikiko dugu. Nafarroan bizi nahi dugu, Euskal Herrian bizi nahi dugu. Eta horretara goaz, bizitzako esparru guztietan burujabetza borrokatu eta eskuratzera. Konstituzioen gainetik, injustizien gainetik, lege arrotzen gainetik, zapalkuntzen gainetik borrokatzera.

Euskal Herrian bizi nahi dugu eta badakigu Nafarroako gazteon oraina borrokan dela. Horretan gure indar guztiak jarriko ditugu datozen hilabeteetan ekimen desberdinen bidez. Prekrietatera kondenatzen gaituzten alor ezberdinei egingo diegu aurre, eta gurekin batera lanerako dei egiten diogu nafar gazteriari, borrokaz soilik irabaziko baitugu. Abenduaren 6an Espainiar proiektu politikoaren ikur nagusi den konstituzio zapaltzaileak 40 urte beteko ditu eta aurrean izango gaitu. Hala, burujabetzaren aldeko borrokan jarraitzen dugula erakutsiko dugu abenduaren 8an ere, Iruñean eginen dugun Nafarroan Bizi egunean.

Ez dezatela gure bizitzekin jokatzen jarraitu. Nafarroako gazteon oraina borrokan da!