Mugarik gabe, Euskal Herri euskaldunerantz

Euskara da gure territorio libre bakarra. Espetxearen ilunetik libertatearen usain ederra ekarri zigun Sarrionandiak bere poemekin. Geroztik hamaika bazter argitu ditu Euskal Herrian zehar. Egun, ordea, euskaraz bizi nahi duen Herria ilunpean zokoratua egotera kondenatu nahi dabiltza.
Ofizialtasunaren trapua astintzen dabiltza sasi-euskaltzaleak. Alta, ofizialtasunetik harago euskarak biziraun dezan, eremu guztietara euskara zabaldu eta erabilerari eta eskubideei benetan heltzea ezinbestekoa da. Nafarroan, “Vascuence Legeak” are eta muga gehiago ezartzen dizkigu euskaldunoi; hiru eremu administratibo desberdinetan zatitzen du Nafarroa, eta gure hizkuntza-eskubideak oztopatzen ditu. Horren adibide da 2015era arte euskaraz ikastetxe publikoetan ikasteko ezintasuna.
Erregimenaren estrategia beti izan da euskaldunok baztertu eta gure hizkuntzari ahalik eta traba gehien jartzea. Azken urteetan, euskararen alde egin diren aldaketa guztiek erregimena urduri jarri eta eraso orokortu eta planifikatua ekarri dute. Zonifikazioaren desagertzea hil ala bizikoa da euskararentzat eta euskaraz bizi nahi dugun guztiontzat. Euskarak ofiziala behar du izan Euskal Herria osoan.
Espainiar estatuak oldarraldi berri bati ekin dio. Euskal hezkuntza eta euskararen eremuan ematen den pauso oro oztopatzeko ahaleginean ari da: murgiltze-ereduaren inguruko mamua zabaldu, Katalunian gaztelera administrazioan berrezarri… Espainiar Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jartzeak ere ondorio lazgarriak ekar ditzake hizkuntza gutxituei. Atzeranzko joera nabarmena da. Frantziar Estatua ere zentralizazio eta hizkuntza gutxituekiko mespretxuaren adibide garbia da.
Gazteok nazkatuta gaude “heziketa onaren” izenean euskarari trabak jartzeaz. Nazkatuta gaude euskaraz ikasteko zailtasunak izateaz. Nazkatuta gaude euskara egunez egun azpiratua, mespretxatua eta gutxietsia izateaz. Nazkatuta gaude euskararen aldeko adierazpen hutsalez. Nazkatuta gaude gure hizkuntza-eskubideak egunez egun erasotzeaz. Nazkatuta, hitz politek atzean dituzten gezurrez.
Eta kalera aterako gara, mugarik gabeko euskara ahoan dugulako. Mugarik gabe Euskal Herrian euskaraz lan, bizi eta ikasi nahi dugulako. Euskaraz maitatu nahi dugulako, euskaraz lo egin nahi dugulako, euskaraz amets egin nahi dugulako. Euskaraz nahi dugulako Euskal Herria eraiki, bazterrak erdigunera ekarri. Eta horretara goaz. Mugarik gabe, gazteok gure oraina borrokatzen jarraituko dugu, euskaratik eta euskaraz. Aske eta euskaraz.
Mugarik gabe euskaraz Euskal Herrian bizi nahi dugulako, martxoaren 24an gazteok Iruñean izanen gara. Euskal Herria euskaldun, independente, sozialista eta feminista helburu, gazteok borrokan!