Milaka gazte kalean, Euskal Herrian duintasunez ikasi, lan eta bizitzearen aldeko aldarri ozenarekin

#U30GrebaOrokorra

Urteak pasa dira azken Greba Orokorretik, baina hau ez da izan egoerak hobera egin duelako: prekarietatearen normalizazioan sakontzen ari den sistema kapitalista heteropatriarkala egiturazko krisia bizitzen ari da. Eta honen aurrean, beste behin erakutsi du euskal gazteriak lehen lerroan dagoela. ZORIONAK! Milaka gazte elkartu gara hemen, baina herriz herri eta egunez egun izugarria izan da egindako lana. Greba Komitetan parte hartzaile aktibo eta sarritan motor izan gara, gazte greba komite propioak sortu ditugu, aldarrikapen taula osatu genuen espazio eta eremu ezberdinetako gazte eta ikasleekin. Bagabiltzala, lanean eta borrokan gabiltzala erakutsi dugu berriro ere. Izugarria izan da gazteriaren indarra testuinguru gordin honetan.

Aberastasunaren birbanaketaren iruzurra agerian geratzen ari da, gizartearen %99aren kaltetan. Desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira, eta ezagunak zaizkigu miseriaren adibiderik gordinenak diren prekarietate egoerak. Gazteon soldatak %21 jeitsi dira aberatsenen soldatak %10 igo diren bitartean, enplegua lortuta ere, gazte asko pobrezia mugaren azpitik bizi gara. Emantzipatzeko bataz besteko adina 30 urtekoa da nahiz eta gehienok dexente lehenago nahiko genukeen (24 urterekin, ikerketen arabera), eta gure diru-sarreren %60tik gora bideratu behar izaten dugu etxebizitza ordaintzeko, esaterako. Honi guztiari gehitzen zaio lehiakortasunean oinarritutako harreman eredu kontsumista eta kapitalista. Arrazoiak, beraz, soberan ditugu protesta egiteko. Gaur kaleak hartzeko. Gure miseriaren erantzuleak seinalatu eta Euskal Herrian Bizitzearen aldeko aldarriz beteditugu eta beteko ditugu kaleak.

Euskal Oasian prekarietateari alfonbra gorria jartzen dioten horiek, patronala eta herritarren %1-arekin lerratu dira berriro ere. Sabin Etxeatik mugimendu sozialak eta langile borrokaren aurka esan eta egindakoek argi uzten dute Greba Orokorrerako deialdiak euskal burgesia urduritu eta jeltzaleen status-quoa zalantzan jartzeko gai izan dela. EAJ ez da sekula Greba Orokor baten alde egongo, prekarietatea banatu eta langileak esplotatzen dituenaren ordezkari politikoa delako. Españolismoaren argudiategia ere bere egin du EAJk, pentsionisten mugimendua zatitzeko saiakerak eta Podemosen posizio politikoa hauspotzeko ahaleginak Teleberriaren eguneroko ogi izan dira azken asteetan.

Zorionez Euskal Herrian, batzuek Andaluziatik hemengo agintarien hitzen aurka argi ikusten duten bezala, bada ehun sozial nahikoa antolatua eta hamaika aldarrikapenekin ulertzen duena borroka eremuak mila eta bat direla. EAJrekin aurrekontu-akordioa sinatzeak eta Espainian X gobernu egoteak ez du egiturazkoa den kapitalaren diktadura eta prekarietatearen normalizazioa ekidingo. Testuinguruak eskatzen du hemen eta han piztutako borroka sektorialak duintasunaren txapelpean kokatzea. Herri bezala ekitea; izan ere, hori da Podemosi gustatzen ez zaiona, Euskal Herrian sustraitutako mugimendu politiko eta sozialak erritmo eta aldarrikapen propioak izatea. Burujabetza da, fnean, langile eta herri sektoreen askapen eta emantzipaziorako giltzarria.

Greba “politikoa” dela salatu dute eta berau irain bezala erabili. Nola ez da ba, greba bat, ekintza politiko bat izango? Batzuek, politika, poltronan eserita garatzen den praktika dela uste dute. Demokrazia bera modu pribatiboan ulertzearen ondorioak direla uste dugu guk. Eredu neoliberala zalantzan jartzera datozen olatu sozialak politika egiten dute eta kasu honetan, borroka tresnarik eraginkorrena greba dela ulertzen genuen eta gaur berriro ere hala erakutsi dugu. Honela, azken urteetan ehuntzen eta elkarrekin borrokan aritu garen mugimendu eta aldarriak era kolektiboan borrokatzeko ezinbesteko tresna izan da. Mahai gainean kolpe bat eman eta aurrera urrats garrantzitsu bat ematekoa. Greba Komiteetatik hasi eta Gazte Aldarrikapen Taularen sorrera egitasmora, konfuentziarako eta sistema beraren eraldaketarako indarrak batuko dituen mugimendu baten osaketan laguntzeko oinarria izaten ari da. Horren adibide garbia da gaur goizean Euskal Herriko hamaika txokotan bildutako gazte guztiak, hiriburuetako mobilizazio jendetsuak, eta azken hilabeteetan zehar eremu ezberdinetako artikulazioaren bidez sortutako aldarri eta neurri zehatzen exijitzea.

Txinaurri lana, desburokratizazioa eta herritarren protagonismoa, elementu hauen baturak egin dute Greba Orokorra arrakastatsu. Badakigu ordea, bihar esnatzerakoan ez dugula amestutako Euskal Herria aurkituko; horregatik egunez egun lanean jarraitzeko konpromisoan berresten gara. Beraz, bihar ere lanera!

Ez digutelako ezer oparituko, gazteon oraina borrokan da!

Gora Euskal Herria Askatuta!
Gora Euskal Herria Sozialista!
Gora Euskal Herria Feminsita!

Gora euskal gazteria!