M1 | GAZTEOK LEHEN LERROAN!

Krisiak jan ez gaitzan, guk irentsiko ditugu

Krisia kapitalak ordaindu dezala!

COVID-19ak ezustean harrapatu gintuen duela bi hilabete. Telesail distopikoen kutsua hartu zuen bat-batean gure egunerokoan. Krisi sanitario berri batek harrapatu gaitu, bada, eta honek sistema kapitalista heteropatriarkalaren kolapsoa jarri du mahaigainean, bere hamaika aurpegiak ikusaraziz: krisi ekonomikoa, krisi soziala, zaintzen krisia…

Egun hauetan ikusi dugu kapitala bizitzen gainetik jarri dela etengabe. Ordena burgesak soilik burgesiaren interesak defendatu egin ditu, beste behin ere: langile klasearen eta herri sektore kaltetuenen gain jarri du ardura eta pisu guztia. Urte hasieratik, 29 langileren bizitza kendu dizkigute eta COVID-19aren osasun krisiaren ondorioz, beste hainbestek galdu dute bizitza beharrezko neurriak hartu ez izanagatik. Horretaz gain, Joaquin eta Albertok desagerturik jarraitzen dute Zaldibarreko zabortegiaren lur azpian.

Herri sektore zaurgarrienak dira krisi sanitario honen ondorioak pairatzen ari direnak; ari garenak. Gazteon langabezia tasak izugarri egin du gora, behin-behineko kontratuak zituzten gazteetako asko lehenengo egunetik kaleratuak izan dira inolako prestazioetarako eskubiderik gabe, ikasleengan presioa eta ziurgabetasuna besterik ez dira elikatzen ari…

Etorkizun iluna, garai zailak datoz. Geroz eta argiago ikus liteke osasun krisi hau krisi sozial eta ekonomiko berri baten parte besterik ez dela. Eta beste behin ere, oraingoan ere, pisu guztia geure bizkarren gainean jarri nahiko dute. 2008ko krisian egin bezala, krisi berria ere langileok ordaintzea nahiko dute. Bada, guk ez dugu krisi hau ordainduko. Krisi hau kapitalak ordaindu dezala!

Bizitza eta kapitalaren arteko kontraesanak erroko aterabide bat behar du, Euskal Herrian eta munduan. Ez dago kapitalismo gizatiarrago bat egiteko aukerarik, ez eta hau erreformatzerik ere; kapitalismo patriarkalaren logika sozialak bizitza bera ezeztatzen duelako, kapitala zentroan kokatzen duelako. Bizitzaren sustengua erdigunean jarriko duen eredu politiko, sozial eta ekonomikoaren premia agerikoa da. Kapitalismo patriarkalak ebazten duen lanaren antolaketa soziala eta parte-hartze eredu sozial eta politikoa iraultzea ezinbestekoa da. Klaseen eta sexu-genero sistemaren banaketa gainditzen duen gizarte antolamendu batez ari gara. Identitate eta gorputz guztiak aitortuko dituen parte-hartzeko eta bizitzeko eredu aktibo eta protagoniko bat bultzatzeaz. Eta borroka horretan, gazteak lehen lerroan egon behar gara.

Herriak bakarrik salba dezake herria

Alarma egoera baliatuz, normaltasun berri baten ideia irentsiarazi nahi digute. Baina guk argi dugu ez dela normala egun hauetan erabiltzen ari diren indarkeria poliziala eta eraso arrazistak, Espainiar Estatuko militarrak kalean eta telebistan egun osoa desfilatzen ikustea, alokairua ezin ordaintzea, langabezia tasa %20 baino altuagoa izatea, langileak segurtasun neurririk gabe lan egitera behartuak izatea, ezin protesta egitea… Haien normaltasun berriaren aurrean, mundu berri bat marrazteko aukera zabaldu zaigu.

Alarma egoera honetan ere, herritarrok erakutsi dugu komunitatean eta autoantolakuntza oinarri izanda jardun gaitezkela. Herri ahaldundua garela. Zaintza sareen bidez geure bizilagunen beharrei kolektiboki erantzun diegu, ikasleen artean elkarri lagundu diogu, elkar zaindu dugu. Konfinamendu osteko agertokiari ere hala erantzun beharko diogu: komunitatean.

Datorren krisiari herri gisa erantzuteko beharra dugu. Greba orokorrean egin bezala, ofentsiba kapitalistaren aurrean, bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu sozioekonomiko berri bat bultzatuko duen olatu soziala aktibatzeko garaia da. Herrii bultzada berri bat behar dugu eta gazteok lehen lerroan egon behar gara!

2008ko krisia ezagutu genuen eta orain beste bat biziko dugu. Krisien belaunaldia gara. Injustizien aurrean altxatu eta antolatzen den belaunaldia ere bagara: ekologismotik, neska* gazte taldeetatik, asanblada prekarioetatik… erantzun diogu geure herria aldatzeko grinari. Datorkigun erronka berriari ere, gazteok lehen lerrotik egingo diogu aurre. Antolakuntza eta borroka, horiexek dira gure arma baliotsuenak. Krisi honek jan ez gaitzan, guk irentsiko ditugu!

Dagoeneko borrokan diren olatu sozialek egin bezala, Euskal Gazteriak pairatzen duen prekarizazio prozesuari aurre egiteko oinarrizko adostasunen gaineko ekintza batasuna sustatzea ere badagokigu. Gazteri langilearen bizi baldintzen kaxkartzea eta bizi proiektuaren garapen eza langile klase guztiaren aurkako oldarraldi batean parte baitira. Indarrak batzea eta batera ekitea premiazkoa da.

Aukera bakarra: burujabetza

Pandemia honen aurretik agerikoa zen kapitalaren eta nazionalismo espainolaren berezko izaera dela autoritarismoan sakotzeko joera. Konfinamenduko asteetan zehar, ordea, birzentralizazioa eta erregimena are gehiago indartzeko urratsak eman ditu Espainiako Gobernuak. Egun batetik bestera, osasun krisiaren aitzakipean isilpeko 155a aplikatu dute; birzentralizazioa, eskubide sozial eta ekonomikokaen murriztea eta formula neoliberaletan sakontzea ekarri duten Moncloako Itunen bidez.

Ikusi dugu urteetan murrizketak eta pribatizazioa besterik jasan ez duen osasun sistema gainezka egiten. Eta ikusi ditugu Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua Confebask eta CEN-en interes ekonomikoak defendatzen, langileak lanera bidaliz. Eta hori ez da behar eta nahi dugun eredua.

Behar eta aldarrikatzen dugun eredu sozioekonomiko berria eraikitzeko burujabetza ezinbestekoa da; egoera honi guztiari aurre egiteko bidea. Euskal Herritik pentsatu, sortu eta eraikiko duguna. Guk erabakia, eta ez Madril edota Parisetik inposatua. Bizitzak erdigunean jarriko dituen herri eredua sortzeko, erabakiak hemen eta orain hartu behar ditugu.

Euskal Herri askea helburu

Independentziak, Sozialismoak eta Feminismoak ardazten duen proiektu politikoak forma ematen dio gure askatasun senari, eta Euskal Gazteriak hala partekatu dezan borrokatzen gara. Borroka fronte bakoitzean eskuratutako lorpen eta porrot bakoitzean sustraitzen da egungo Euskal Herriko jendarte egitura eta egun leihan dugun indar korrelazioa. Klase gatazkaren izaera nazionalak bateratu eta egituratu ditu borroka horiek guztiak, proiektu politiko alternatibo bat – hau da, zerumuga askatzaile bat – eskaini duen bitartean.
Gaur egungo testuinguruan, Frantziako eta Espainiako oligarkiak argi eta garbi adierazi du bere dominazio proiektua ezbaian jartzeko egitasmorik iraultzaileena nazio askapen forma hartzen duten herri prozesuak direla. Independentzia baita bere dominazio proiektuari arrakalak sortzen dizkion egitasmo eraginkorrena. Baita hautu sozialistaren garapenerako Euskal Herri Langileari aukera berriak irekitzen dizkion eszenatokia ere.
Euskal Gazteriak Euskal Herri Langilearen gainontzeko protagonistekin aliantzak indartzea eta borroka fronteak egitasmo independentista, sozialista eta feministarekin elikatzea dagokigu. Aurtengo maiatzaren lehenak uzten dizkigun erronkak ondorengo hauek dira: bizitzen ari garen eta datorren krisiari erantzuteko aldaketaren aldeko indarrak bloke berean artikulatzea; Independentzia, Sozialismoaren eta Feminismoaren proiektu politikoa elikatzea eta, nola ez, antolakuntzan eta borrokan berrestea.

Euskal Gazteria lehen lerrora!
Gora langileon borroka!