Larrialdi klimatikoa: gazteok Euskal Herritik borrokatu beharrekoa

Euskal Herriak burujabetza politikoa behar du herri eta langile sektoreen mesedetara trantsizio ekosoziala bideratu ahal izateko.

Klima aldaketaren gaiak zentralitatea hartu du eztabaida politikoan eta mediatikoan azken hilabeteetan. Alde batetik, bada errealitate objektibo bat: euri jasa bortitzak, sute ikaragarriak, uda gero eta beroagoak… hauek giza jarduerek eragindako klima aldaketaren ondorio dira eta bide beretik jarraituz gero ondorioak oso larriak eta itzulezinak izango dira planetaren biziraupenerako. Bestetik, badira errealitate horren aurrean hainbat adierazpen eta proposamen politiko, instituzional eta sozial erabat ezberdinak direnak, eta horrek tentuz aritzera behartzen gaitu.

Aldaketa klimatikoa denok interpelatzen gaituen errealitate bat da. Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko panelak (IPCC) adierazi duenez planetaren temperaturaren igoera 2°C baino handiagoa izateak eragin lazgarriak eragingo lituzke planetan, eta hori ekiditeko, beharrezkoa litzateke 2050 urterako %40 eta %70 artean murriztea berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa atmosferara, besteak beste. Mundu mailako erronka honek tokian toki hartzen du lurra, adibide bat jartze aldera, EAE-n herritar bakoitzeko 9,2 gramo karbono dioxido isuri ziren atmosferara 2017an, munduko bataz bestekoaren bikoitza. Horren aurrean, arlo honetako aditu eta arituek egoera “larrialdi klimatiko” bezala izendatzea eta horren araberako politikak eta neurriak hartzea galdegin dute hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalek egin bezala; datorren irailaren 27ko greba da horren adibide. Bina, eztabaidaren erdigunean gaia kokatu bada ere, ez dira dagozkion neurriak hartzen ari. Arrazoiak sakonekoak dira: klima aldaketaren afera ez da kontu isolatu bat, kapitalismoaren izaera estrukturalaren ondorio baizik. Klima aldaketa eta sistema kapitalistaren garapena eskutik lotuta doaz.

Klima aldaketa sakonagoa den krisi ekologiko baten ondorio da eta krisi honek gure bizitzak eta planeta jartzen ditu arriskuan, baina baita sistema kapitalistaren erreprodukzioa bera ere; izan ere, sistema kapitalistak planetaren muga biofisikoekin egin du topo. Sistema kapitalistaren oinarrian ekonomiaren etengabeko hazkundearen paradigma aurkitzen dugu, baliabide finituak dituen planeta batean: System error. Sistema kapitalistak izaki bizidunen eta ingurumenaren arteko harremanak eta materia eta energia fluxuak moldatu ditu kapital metaketaren mesedetan, eta orain, krisi ekologikoak harreman mota horiek zalantzan jartzen ditu. Klima aldaketaren aferak oihartzun soziala hartu duen honetan, baliabide material eta energetikoen agorpenari eta ekosistemen suntsiketari begiratzea beharrezkoa da ondorio politiko eta sozialak aztertzeko, baliabide hauen agorpenak dinamika kapitalistentzat korapilatsuak izango baitira baitira epe laburrean.

Mundu mailako elite politiko eta ekonomiko neoliberaletatik bultzatzen den klima aldaketari aurre egiteko markoak, dinamika kapitalista ez du zalantzan jartzen; are gehiago, indartu egiten du. Esaterako, kapitalismo berdea eta merkatuaren indartzea bultzatzen da, hazkunde ekonomiko eta negoziorako aukera berriak irekiz; garapen teknologikoa honen mesedetan ematen da (energia berriztagarriak, material biodegradagarriak…) baliabide urritasunetik teknologiak salbatuko gaituenaren falazia indartuz. Bestetik, “salba dezagun denok batera planeta” paradigma hedatzen ari da, arreta norabanakoen bizi ereduen aldaketan jarriz (kontsumo ohituren aldaketa kasu) eta langile eta herri sektore batzuei eragiten dieten neurriak hartuz. Baina bizi ereduen aldaketa beharrezkoa dela ez dute ukatzen, eta paradigma honek beharrezko egiturazko aldaketetatik aldentzen du begirada, eta elite politiko eta ekonomikoek duten arduratik. Gaia pil-pilean dagoen honetan, bada “kapitalismo berdearen” paradigmapean kapitala metatzen jarraitu nahi duenik, baita zurikerian aritzen denik ere, neurri antiekologikoak mezu instituzionalekin estaliz. Eta ez,ez gara urruneko errealitateetaz ari: AHT-az ari gara, Supersurra hedatzeko Bolintxu suntsitzeaz, Zubietako erraustegiaz eta Zabalgarbikoaz, Larruni buruz ari gara… Euskal Herriari buruz ari gara, eta bertako elite politiko eta ekonomikoak bultzatutako Herri ereduaz.

Krisi ekologikoa ondorio sozial larriak izaten ari da, eta ekofaxismoan oinarrituriko joerak agertzen hasi dira. Baliabide natural eta energetikoen kontrol geopolitikorako gatazkak areagotu dira potentzia kapitalisten artean, baita hainbat estatu kolpe leun ere (Venezuelan kasu). Hondamendi klimatikoen zein gerren ondorioz migrazio fluxu ikaragarriak ematen dira. Eta pertsona hauek hiltzen ari diren bitartean, beste aldera begiratzen dugu; baina, badira norbere herrialde edo eskualdearen eskubideak defendatzen dituztenak joera autoritario eta arrazisten babesean (planetako beste txoko batzuk ustiatzeari uko egin gabe, noski). Hau ez da kasualitatea. Batez ere klima aldaketaz hitz egiten badugu ere, erregai fosilen agorpenak matrize energetikoaren aldaketa beharrezkoa bihurtzen du (eta ez da isuritako isuritako gasek klima aldaketan duten eraginagatik soilik, baizik eta egungo produkzio eredua sostengatu ezina delako). Aberastasuna metatzen jarraitu ahal izateko, aldaketa bortitz eta antidemokratikoetan oinarrituz kapitalismoak eman beharreko moldaketak emango ditu trantsizio energetiko eta garapen teknologikoaren hitz politen artean, baliabide urritasunak gizartearen gero eta sektore gehiago baztertu eta miseriara kondenatuko dituelarik.

Egoera larria da eta horren aurrean ezin gara kapitalismo berdearen ameskeriaren eta ekofaxismoaren bortizkeriaren artean ibiltzera mugatu. Egoera larria da eta kontzientziak astintzen ari da, bereziki aipagarriak bihurtzen ari direlarik mundu mailako ikasleen mobilizazioak eta Greta Thunberg gazteak gidaturiko mugimendua, zeinak eztabaida politikoa mahai gainean modu zabalean jartzea ahalbidetu duen. Olatuaren jatorriari buruzko eztabaidan sartu gabe, testuinguru hau aukera bezala ulertu behar dugu, izan ere indibidualismoak eta gure zilborrari begira egoteak zeharkatutako gazte belaunaldion mundu ikuskeran eragina izaten ari da, kontzientziak pizten ari da eta aktibazio soziala bultzatzen.

Hori horrela, Ernaitik hainbat gako azpimarratu nahiko genituzke.

  • Larrialdi klimatikoa arazo sozial globala da, eta ezin da kapitalismoaren garapenetik isolatuki ulertu. Ezinbestean beraz, ikuspegi antikapitalista, feminista eta internazionalista batetik egin behar zaio aurre, ongizatearen ulerkera hegemonikoarekin hausturan bizitzak erdigunera ekartzeko proposamen bat garatuz.
  • Klima aldaketa ez da “E egun” batekin konponduko, eta beraz egungo errealitatetik abiatutako trantsizio ekologikoa hausnartu, adostu eta praktikan garatu behar da. Honek neurri zehatzak ezarri eta betetzea eskatzen du, logika integral baten baitan. Ez da gazteon etorkizunaren inguruko afera bat, gure orainaldiko borroka espazio bat izan behar da.
  • Kritika eta eraldaketa eskutik joan behar dira, gazte mailan ematen ari den mobilizazioa bihurtu behar delarik eraldaketa horren motore. Eraldaketa hori pertsonala da alde batetik, gure eguneoko ohiturak aldatzea eskatzen duelako, batez ere antolaketa kolektiboaren bidezkoa izango da eraldaketa horiek biderkatzeko baldintzak sortzeko.
  • Horrekin batera eraldaketa estrukturala izan behar da. Honela, klima aldaketa denon ardura bada ere, denok ez dugu ardura maila bera. Kapitalismoaren mesedetan jarduten duten erakundeek eta transnazionalek duten ardura ukaezina da. Horregatik, aldaketa estrukturalak alternatiba integrala esan nahi du eta hau ekosozialismoaren eskutik etorriko da, mundu mailako langile eta herri-sektoreen mesedetan garatuko den alternatiba bat. Eta horrek produkzio prozesuen eta harremanen demokratizazioa esan nahi du, baliabide material eta energetikoen jabetza soziala eta produkzio prozesuen gaineko kontrol soziala areagotuz.
  • Arazo globala bada ere, alternatibak lokaletik eraiki behar ditugu tokiko garapena, bizitzak eta lurraldeak erdigunera ekarriz. Izan ere, krisi ekologikoa natur baliabideen ustiapen neurrigabean oinarritzen den Herri ereduaren ondorio da, eta Euskal Herria ez da salbuespen bat: AHT-a, erraustegia, Petronor horren adibide dira. Aterabidea sistema sozialen tokikotzearen eta konplexutasun galeraren eskutik etorriko da. Mobilizazio orokorrez gain, tokian tokiko antolakuntza eta borroka sustatzea ezinbestekoa da, Euskal Herrian eraldatu behar dugu eredua, zurikeriak eta orokorkeriak alboratu eta erroetara joz.
  • Euskal Herrian borroka ekologistak adierazpen askotarikoak ditu, iraganean izan dira eta egun badira hainbat borroka piztuta: Erraustegiaren aurkako mugimendua, Larrun ez hunki, AHT-aren aurkako borroka, Supersurraren hedatzearen aurkako borroka… Horretaz gain, hainbat alternatiba garatzen ari dira: elikadura burujabetza lantzen duten mugimenduak, hainbat udaletatik egiten ari den lana energia berriztagarrien hornikuntza hedatzeko, Goiener bezalako egitasmoak… Guzti hauek indartu eta biderkatu behar dira, horiek direlako klima aldaketaren aurka ekiteko tresna.
  • Borroka ekologistez gain, Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta sindikalen eta mugimendu ekologistaren arteko elkarlanean trantsizio ekosozial horretarako agenda eta borrokak adostu behar ditugu. Prozesu horren parte izan behar gara gazteok, gure bizi-ereduak eraldatuz lehen esan bezala, baina baita borroka espazio ezberdinetan sinergiak batuz ere. Euskal Herrian bada horretarako baldintzarik.
  • Horrekin batera azpimarratu behar dugu Euskal Herriak burujabetza behar duela krisi ekologikoari aurre egiteko tresnak izateko (juridikoak, ekonomikoak eta abar). Estatuen papera garrantzitsua da egiturazko neurriak hartzera bidean eta beraz, Euskal Herriak burujabetza politikoa behar du herri eta langile sektoreen mesedetara trantsizio ekosoziala bideratu ahal izateko ekosozialismoa ipar.