Kapitalismo arrosaren aurrean, harrotasun errebeldea

Bilboko uretatik nabigatzen duen katamaran mediterraneoa, produktu mainstream ezberdinak saltzen dituzten enpresa israeldarrak, telefono konpainiak eta babarrun egosiak saltzen dituzten supermekatuak, irrati kate ultrakatolikoak eta edari isotonikoak koloretako bandera batean atzean ezkutaturik, gizonak, takoiak, muskuloak, proteinak, bizarrak, purpurina, lumak, ezpainetako gorria eta larrua… Lgt..zerbait omen diren ministro sasi-progresistak, Urkullu Twitterreko kontuan ortzadar bat jartzen eta nork daki Albert Ribera armairutik aterako den oraingoan. Pride nor? Harro GU!
Baztertuak izan gara batzuetan, eta bazterrak bizitzen ikasi ditugu, “Zain dago ama, zain aita, zain andre…”k frustratu egin gaitu, familia nuklearraren horregatik, baina argi dugu “Hator hator etxera!” oihukatzen jarraituko dugula. Patologizatu, kriminalizatu eta ridikulizatu egin gaituzte, jipoitu, bideratzen eta gu erosten saiatu dira, baina guk haustura, plazerra, militantzia, kolektiboa eta zaintza erabaki genuen. Erabaki nahi dugu, erabaki nahi dugu gure buruen eta gorputzen gain, gure praktika, identitate eta jardunen gain, baina hemen eta orain erabaki nahi dugu, Euskal Herrian eta Euskal Herria erabaki nahi dugu eta Euskal Herria irabaztera goaz!
Errebeldeak gara plazerretik eta plazerrean baina baita haratago ere, dildo eta arnesetatik haratago, errebeldeak gara kapitalismoaren aurrean, patriarkatu eta elizaren aurrean, heterosexualen eta aitaren aurrean, errebeldeak kalean eta tabernetan, errebeldeak gara.
Indibidualismoan nahi gaituzte, baina gure haserrea, frustrazioak, eromenak, lumak, ideiak, erotika eta harremanak antolatzera goaz, kitzikatu eta inkomodatzera gatoz, beraz astindu armairuak gazte, kapitalismo eta heteropatriarkatuaren aurrean harrotasun errebeldea!