Izan ginen eta bagara

Romualdo Barroso, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo, Bienvenido Pereda. Langileen izenak odolez markatu zaizkigu memorian. Gogoan ditugu 1976ko Martxoak 3 triste hartan segurtasun indarrekeragindako ehunka langile zaurituak eta hurrengo egunetan Vicente Anton Ferrero gazte basauriarra eta Tarragonako Juan Gabriel Rodrigo hilik eramango zituen bortizkeria bera. Gogoan ditugu emakume borrokalarien lan nekaezin eta gehienetan ikusezina. Gazteriaren amorru eta inpotentzia garrasiak bizirik dirau gure oihuetan.
Langileriaren aurkako sarraski polizialik bortitzena sufritu zuen egun hartan Euskal Herriak; iraganean eta etorkizunean inposizioaren eta zapalkuntzaren hizkuntza bera entzuten jarraituko bagenuen ere. 1976ko martxoaren 3a gure Maiatzaren Lehena bezala sentitzen dugu eta horrela aldarrikatzen dugu. Horregatik, Euskal Herri Langilearen, Euskal Gazteriaren eta Gasteizko herriaren borroka nekaezinak langile borrokaren eta herri erresistentziaren ikur eta iparrargi bilakatu du Martxoaren 3a.
Isiltasunaren eta gezurraren errelatora kateatu nahi gaituzte, baina ez dute lortu. Urteetan zehar eroritako langileen monolitoa erasotu dute faxistek, baina behin eta berriz osatu dugu. Memoria gara; San Franzisko eliza, plaza eta kaleak betetzen dituen oihatzun borrokalaria. Borroka honi esker langile antolakuntzaren indarra ezagutu dugu, emakumeen borroka itzaletik argira ekarri etagazte borrokaren egungo erronkak hauspotu ditugu. Inpunitatearen aurrean Martin Villaren eta gainontzeko arduradun politikoen auziperatzearen aldeko borrokak irmotasun osoa erakutsi du. Gasteizko udal gobernua Espainiar gobernuaren errelato faltsuarekin eta bere proiektuekin lerratu den arren, gertakariak jorratzeko unitate didaktikoa eskura jarri du Martxoak 3 elkarteak eta Martin Villa dagoeneko pertsona non grata izendatu du Gasteizko udalbatzak.
Urteak pasa dira eta hala ere trantsizio frankistan Ezker Abertzaleak egindakoirakurketa politikoak gaurkotasun izugarria erakusten du. Orduan, oligarkia espainolak dimentsio handiko erreforma politikoa bultzatu zuen frankismoan errotutako nazio eta klase proiektuari jarraibidea eman asmoz. Herrion askatasun sena baretzeko asmoz eredu autonomiko zatikatzailea ezarri zen, burgesia erregionalistak espainiar oligarkian txertatuz. Ezker Abertzaleak espainiar proiektuaren izaeraz ohartuta operazio politiko honi kontrajarri eta benetako haustura demokratikoa azkenengo bururaino defendatu zuen arren, erreforma zikloa itxi zen; agortuta jaio bazen ere.
Gauetik egunera frankistak demokrataz mozorratuko ziren inpunitate osoz kargu politikoetan, enpresetan, elizan eta segurtasun indarretan mantenduz. Espainiar oligarkiaren klase proiektua espainiar nazioaren batasun banaezinan sustraitzen delako errepresioa eta iruzurra izan dira euskal nazio askapen borroka zokoratzeko lanabesak. Gure herriak larrutik ordaindu ditu eredu autoritario, ukatzaile eta esplotatzaile honen ondorioak.
Distantziak gaindituta, egungo abagunean orduko testuingurutik hainbat antzekotasun gogora ekarri nahi ditugu. Kapitala berregituraketa sakonean sartua da eta urteak daramatza aberastasunaren metatzea eta kontzentrazioa handitzeko estrategiak egokitu ezinik, krisi ekonomiko sakon batetik atera ezinik. Nahi horri erantzuteko asmoz modu sistematiko batean aldaketa ekonomikoak, lan erreformak eta bizitzaren eremu guztien merkantilizazioa bultzatu ditu espainiar oligarkiak. Ondorioz, langileriaren bizi baldintzak zeharo kaxkartu eta herri sektoreen proletarizazioagaratzen ari da, gazteria estrategia horren lehen katebegia izanik.
Krisi garaietan gertatu ohi den bezala klase dominantea faxismoan eta ultra-eskuinean gotortzen da bere klase interes eta proiektuak defendatzeko. Egungoa, sakoneko krisi anizkoitz bat da eta mendebaldeko joerek eskuin muturraren zein neoliberalismoaren gorakada nabarmena adierazten dute. Nazio askapen borrokak, gaur atzo bezala, espainiar nazio eta klase proiektu dominantea ezbaian jartzeko indar determinantea dira. Espainolismoaren eta ultraeskuinaren oldarraldia ordea oraingoan ezin izango da gure gainetik pasa!
Euskal Gazteriak ezin dio abagune honi saiheska erantzun. Askapen borroka elikatzen duen kontraesan nagusia ongi identifikatu eta honi zuzen eta zorrotz erantzun behar dio. Autodeterminazioaren gauzapenak espainiar dominazio markoa zartarazten du. Espainiar estatutik inposatzen zaigun legedi eta arautzeak burgesiaren klase proiektua gogortu besterik ez du egiten, herri gisa ukatu eta dagokigun eredu sozial eta ekonomikoa erabakitzea ezinezko bilakatzearekin batera. Burujabetza nazionala eskuratzea burujabetza sozialak eta emantzipazio soziala azkenengo bururaino eramateko ezinbesteko aldagaia da.
Gizarte atomizazioaren aurrean hamaika dira egun bizirik diren herri borrokak. Mugimendu feminista eta pentsionisten mugimenduak batasunaren indarraren esanahia eta balioa erakutsi digute. Gazte mugimenduak ezin dio testuinguruari muzin egin. Herri bat martxan dago eta gazteriak borrokaren lehen lerroan behar du; prekarietatearen eta esplotazioaren aurkako borrokan eta gainontzeko mugimendu sozialekin batera borrokan.
Inoiz desagertu ez diren eta berrindartuta datozen faxistak ez dira Euskal Herritik pasako. Euskal Herria borrokan da, egunez egun askatasun esparruak irabazten. Egunero da martxoaren 3a!
Jo ta ke independentzia, sozialismoa eta feminismoa lortu arte!
Gora langileon borroka!
Gora Euskal Gazteria!