Irautea baino, guk bizitzak!

Uztailaren 12an, gazteok EHBildu

Bizi ala iraun?

Data aldaketa eta nahasmen korapilatsuen ostean, uztailaren 12an ospatuko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hauteskundeak. Hala erabaki du PNVk; COVID 19-ak goitik behera baldintzatutako testuinguruan ospatuko dira EAEko hausteskundeak. Azken hilabeteetan behin eta berriz errepikatu dugu: krisi sanitarioak bestelako krisi batzuk azaleratu ditu; baina ez ditu sortu. Sistema bera pandemia; eta bertan dago krisi hauen erroa. Horregatik, nahiz eta askok gu konbentzitu nahi izan, argi dugu kapitalismo heteropatriarkalaren berregituratzea dela “normaltasun berriaren” ideiarekin mozorratu digutena.

Testuinguru honetan, eredu aldaketa inoiz baino beharrezkoagoa da. Aldatu beharrekoa, eredua zein sistema bera dela argi geratu baita. Eta ataka horretan kokatzen dira uztaileko hateskundeak; izan ere, mahai gainean duguna bi ereduren arteko talka da: kapitalaren eredua edo bizitzak erdigunean jartzen dituena, PNVren Euskal Oasia edo EH Bilduren alternatiba.

Eredu ustela dugu alde batetik. Zaldibarreko langileak lurpean dituena, De Miguel eta Montairen eredua, proiektu nazional bati uko egiten diona, Confebasken interesak babesten dituena, AHT eta erraustegia bezalako proiektuekin gutxi batzuen poltsikoak betetzeko gure herria suntsitzen eta porlanez betetzen duena, gazteria prekarietatean bizirautera kondenatzen duena…

Beste aldean, gure eredua, EHBildu-ren eredua. Bizitzak kapitalaren gainetik kokatzen dituena, zaintza lanei balio ematen diena, planetaren bizitza eta eredu ekologista ardatz duena, balore feministak dituena, gazteon hitza eta erabakimena kontutan hartzen duena…

Sistema honetan irautera kondenatzen gaituztenen aurrean, zalantza gutxi dugu gazteok. Guk BIZITZAK erdigunean jarriko dituen eredu bat defendatuko dugu. Euskal Herritar guztiok etxebizitza, osasun, hezkuntza, enplegu duina, planeta jasangarria eta zaintza sistema publiko eta komunitarioa bermatuko duen eredua defendatuko dugu. Bizitzea ez baita irautea.

Gazteok une historiko eta ia distopiko honetan bizi duen egoeraren kontziente izan eta bizitza duinen aldeko hautu erradikala egiten dugula adierazten dugu. COVID 19-ak sortutako egoera honetan eta datorren krisialdi sozio-ekonomikoan, gazteria berriro ere sektore kolpatuenetako bat izango da. Gazteriak bizi duen egoera arazo politikoa da, eta halako trataera ematea dagokio.

Instituzio publikoetatik aplikatzen diren neurri eta politiken norabidea aldatu ezean, gazteok ez dugu bizi proiekturik garatzetik izango; gaur, bihar ezta etzi ere. Lanpostu prekarioenak betez, ziurgabetasun egoeran, emantzipaziorako aukerarik gabe eta pribatizazioaren eta elitizazioaren ondorioz ikasketa prozesuak garatzeko ezintasunarekin… etorkizun beltza dugu parez pare.

Mahai gainean kolpe bat emateko aukera dugu uztailaren 12an, irautea eta berdin jarraitzea ez baita aukera bat. Kaleak astinduz, antolatuz eta herriz herri erantzun behar zaiolako datorren ofentsiba neoliberalari, baina baita hautsontzietan ere, gazte bozkarekin.

Gazte bozka ezkertiarra, feminista, ekologista, independentista eta euskalduna da. Eta balio horiek osatzen dute EH Bilduren proiektu politikoa. Autoritarismoaren, kapitalismoaren eta patriarkatuaren kontra, irautera kondenatzen gaituen ereduaren aurkakoa. Uztailaren 12an beraz, egin dezagun salto eskuin muturraren gainetik, PNV-ren ereduaren gainetik eta azaleko aldaketak bakarrik ekarriko dituztenen gainetik. Aldaketa erradikala eta erreala behar dugu.

Irautea baino, guk BIZITZAK!

Gazteok EH Bildu!