Indarkeriarik gabeko herrirantz

Neska* gazteok Euskal Herri feminista

Bizitzen gaineko biolentziaren areagotzea ukaezina da: prekarietatea, gure gorputzen gaineko kontrola, erasotuak izateko subjektu izatearen sakontzea… Azkenaldian gorantz egin duten indarkeriak dira, bereziki emakume* zeinneska* gazteonganakoak.

Ez dira gutxi izan azkenaldian bizi, ikusi eta irakurri ditugun indarkeria matxista kasuak. Horren atzean, noski,etengabe zapaltzen gaituen gizarte heteropatriarkala dago. Pandemiak eta krisi estrukturalaren azaleratze gordinak, gainera, indibidualismoan sakondu eta, ondorioz, norbanakoaren interesen aldeko jarreren handitzea ekarri du. Aldiberean, eskuinak eta ultra eskuinak zabaltzen dituzten gorroto mezuekiko inpunitateak gizartearen sektore zaurgarrienekiko mota guztietako erasoen handitzea ekarri du: eraso sexistak, arrazistak, lgtbfobikoak edota aporafobikoak, besteak beste.

Halere, ezin ditugu eraso hauek pandemiaren ondorio gisa ulertu: indarkeria estrukturala da. Sistema heteropatriarkal kapitalistaren erreprodukzioa bera indarkeria da. Bizirauteko botere harremanen erreprodukzioa beharrezkoa duen sistema baita. Adibide ditugu prekarietatea sektore feminizatuetan bereziki handiagoa izatea, zaintza lanen sostengua emakumeon* betebehar bihurtu izana, indarkeria ekonomikoa bere osotasunean, hipersexualizazioa…

Bizitza duina garatzeko ezintasuna neska* gazteok sakontasun handiagoz bizi dugu. Kontraturik gabeko eta baldintza prekarioetan zaintza- edota klase partikularretako irakasle- lanetan ibiltzea, erasotuak izatera bultzatzen duen aisialdi eredua, kapitalismoak sustaturiko gure gorputzen gaineko kontrola, epaiketa eta estigmatizazioa… Ez da kasualitatea gazteriaren artean osasun mentalarekin lotutako arazo eta gaitzei dagokionez, neska* gazteon datuek erakustendutena: pandemia hasi zenetik EAEn %50 hazi dira nerabeen ospitalizazioak unitate psikiatrikoa, gehiengoa neska* gazteak dira. Nafarroan aldiz, osasun mentalarekin loturiko kontsulten %53-a neska* gazteok betetzen dituzte. Neska* gazteen artean anorexia nerbiosoen kasuen gorakada ere larritzekoa da.

Neska* gazteon bizitzen aurka doan sistema hau gelditu eta irauli beharra dugu. Logika honetan erantzunak artikulatzen doaz; herrietan, auzoetan, eraso matxisten aurka zein zeharkatzen gaituzten prekarietate forma ezberdinen kontra. Hori da bidea: autodefentsa feminista ezinbestekoa dugu erasoei aurre egin eta eredu berriak sortzeko. Indarkeriarik gabeko herrirantz, burujabetzak eskuratu behar ditugu, gure gorputzen gaineko erabakiak hartzeko, gure etorkizuna eraikitzeko, neska* gazteon erabateko boteretzea lortzeko. Herri honen balore komunitarioak berreskuratu eta Euskal Herria feminista bat eraikitzeko.