IKASLEOK HITZA ETA ERABAKIA

Irailak 15, Greba Eguna hezkuntzan

Ikasturte berria hasi da eta egoera ez da behar lukeena. Covid19-a dela eta konfinatu gintuztenetik hilabete luzeak pasa diren arren, pandemiaren lehen egunean bagina bezala jarraitzen du hezkuntzaren eremuak; ikastetxe zein unibertsitateek. Nahasmena, informazio eza eta inkoherentzia  nagusitu dira: ikasgaiak aurrez aurrekoak izango direla esan digute egun batean, eta hurrengoan telematikoki jarraitu beharrekoak izango direla; datorren astelehenean hasi behar dugula esan eta ostera bi aste  beranduago hasiko ditugula diote… Konfinamendu garaia hasi zenean ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitu zuen aurrera unibertsitateak. Denbora probestu eta ikasleriaren errealitate eta baldintzak aintzat hartuko dituen itzulera prestatu beharrean, oraingoan ere, inprobisatzen eta erabakiak aldebakartasunez hartzen jarraitzen dute agintariek, hezkuntza komunitatearen  eskakizunei mutu-gor.

Hala ere, ahoa hitzez bete eta unibertsitatea pandemia egoerara  egokitzeko neurriak  hartu  dituztela esango  dute: gradu bakoitzean ikasturtea egun ezberdinean hasiko dela, ratioak erdira “jaitsi” direla pilaketak ekiditeko, ordutegiak egun osoan zehar luzatu dituztela fakultateetan pilaketak ekiditeko (pentsatu gabe ikasleek egun osoa kanpusean pasa beharko dutela)…  Baina, aldi berean, beste hamaika arazoren aurrean ezikusiarena egin dute. Ez dira aintzat hartu ikasleek era duinean jarduteko dituzten beharrak eta inork ez du ezer argirik egin edo esan: kanpusera hurbiltzeko garraioan aldaketarik ez, unibertsitateko espazioen erabilera mugatu eta behar hori asetzeko beste aterabiderik eskaini ez… Hala-moduzko neurriak, beraz. 

Gure begirada, ordea, “osasun segurtasuneko” irizpideetatik harago doa. Pandemia testuinguruan sakondutako krisialdi sozioekonomikoa gazteria gogor kolpatzen ari da, eta modu agerian ikasleria. Inor ez da jarri pentsatzen unibertsitateak egun exijitzen duen gastu ekonomikoa ez dela eskuragarria ikasle ororentzat. Tasak jaistea, bekak ugaritzea eta hauen eskuragarritasuna, ikasketa materialaren doakotasuna edota unibertsitaterako garraioaren prezioa murriztea bezalako neurriak dira hain justu mahaigainean jarri ez direnak. Unibertsitatearen pribatizazio eta elitizazioan sakontzeko abagune ideala da honakoa agintarientzat. Eta guk,  Euskal Herriko unibertsitatea publikoa, pertsona ororentzat eskuragarria eta doakoa izan behar dela aldarrikatzen dugun heinean, neurri horiek har daitezen exijitzen dugu. 

Gutxi balitz, badira haien interes pribatuen mesedetan unea aprobetxatzen ari direnak. Aurrez aurreko ikasketak ikasketa telematikoekin ordezkatzea, mota horretako ikasketak jarraitzeko baliabide materialen beharrezkotasuna eta horrek berarekin dakarren akademiaren merkantilizazioa, langile eta ikasleon posta zerbitzua Microsoft Office 365-en eskutan jartzea bezalako neurriekin oinarrizko zerbitzuen pribatizazioa sustatzea, eta txikiak diruditen arren aldaketa handiak dakartzaten beste hainbat neurri dira horren adibide. Osasun segurtasunaren izenean hartzen ari diren erabakien bidez unibertsitate ereduan atzera urratsak egitea onartu ezin dugun zerbait da. 

Ikasleen egoera bezain gogorra da hezkuntza komunitateko gazte langileena. Irakasleak, jangeletako langileak, begiraleak… Haietako askok ERTEak ezagutu  zituzten konfinamenduan, beste asko baldintza negargarrietan trebatu behar izan ziren klase telematikoak ematen. Eta orain, ziurgabetasuna dute nagusi.

Ziurgabetasunaren aurrean,  ikastetxe eta  unibertsitateetara itzulera segurua eta adostua aldarrikatzeko greba  eguna deitu dute sindikatuek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Hezkuntza komunitatearen aldarriak kalera aterako dira irailaren 15ean eta, zentzu horretan, geure egiten ditugu. Herri erronka potoloa dugu parez pare, Hezkuntza sistema seguru eta duina bermatu dadin bateratasuna ezinbestekoa izango da; Nafarroako  Hezkuntza Foroa dugu horren adibide. Horregatik, bat egiten dugu hurrengo astearterako deitu diren mobilizazioekin: dei egiten diogu euskal  gazteriari greba egunean parte  hartu eta hezkuntza komunitatearen deialdietara bertaratzea.  Ikastetxez ikastetxe, herriz herri, kaleak hartzera!