HitzEkin

Gazteok Euskal Herria euskalduna

Osasun krisiaren ondorioz urte bat atzeratua izan ostean, egunotan Korrikak Euskal Herriko hamaika txoko zeharkatuko ditu. Inposatutako mugak hautsiz, euskaren aldarria gure herri eta auzoak lotzera doa. Euskararen aldeko ekimen luzeena denak ezinbestean gazteon parte-hartzea behar du, gazteok HitzEkin eta euskararen aldeko ekintzaile aktiboak izan behar dugu.

Aurten Korrikak garrantzi berezia hartu du. Azken hamarkadetako euskara normalizatzeko eta erabilera sustatzeko indarrean egon diren politikek goia jo dute. Administrazioak erabilera kuotak bermatzera mugatzen dira, gizarteak behar dituen politika euskaltzaleak martxan jarri gabe. Gainera, egoera hori azken urteetan areagotzen ari den euskaren kontrako erasoaldiarekin lotuta ulertu behar dugu: Laudioko eta Tolosako udal langileen euskaren ezagutzaren beharrezkotasunaren aurkako epaileen ebazpenak, Nafarroako zonifikazioaren betikotzea eta indartzea edota Ipar Euskal Herriko ikasleen hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa izan daitezke honen adibiderik argienak.

Euskarak ez du etorkizunik ez Espainiako ezta Frantziako Estatuan ere. Nazio auzia Espainako Estatuko katebegirik ahulena da. Kontuan izanda euskarak egiten gaituela Herri eta burujabetza prozesuan ezinbestekoa dela, espainar proiektuaren biziraupenerako ezinbestekoa zaie euskaren gaineko zapalkuntza. Frantziako estatu jakobino eta zentralistak soberan erakutsi izan du euskarentzat bazterketa eta zapalkuntza besterik ez duela. Horregatik, normalizazioa eta erabilera susatzeko neurriez gain, euskarak estatu propio bat behar du: euskarak independentzia behar du.

Euskara larrialdi egoeran dago Horren aurrean, euskalduntzerako fase berri bati hasi eman behar dio euskal gizarteak. Horretan gazteok ardura handia dugu, euskararen hautua egin, erabili eta borroka horretan inplikatzea dagokigu. Gazte euskaltzaleok, euskara taldeetan parte-hartzen, saretzen, euskaraz ikasteko eta oro har euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen… jarraitu behar dugu, olatu berrian borrokaren lehen lerroa hartuz. Ernaiko militanteok geure burua eta ingurua euskalduntzeko agente aktibo izan behar gara, diskurtsoetatik zein praktikatik eraginez, pausoz pauso Euskal Herria euskalduna eraikitzeko.

Era berean, euskararen borrokak gure espazio eta bestelako borroka guztiak zeharkatu behar ditu. Eraldaketarako hizkuntza da euskara. Hamaika borroka eta espresioren hizkuntza izan behar da eta, Euskal Herri euskalduna helburu izanik, burujabetza prozesuaren hizkuntza.

Korrika ez da ospakizun soila, euskaltzale guztion topaleku da, indarrak hartu eta batu egiten ditugun ekimena. Beraz, Euskal Gazteriari Korrikan parte hartzera eta, era berean, urteko gainontzeko egunetan Euskararen aldeko hauta egiteara, dei egiten diogu; hiztun ekintzaile izateara, alegia. Gazteok HitzEkiten jarraituko dugu, kilometroz kilometro Euskararen Herria eraikitzen!