HETEROARAUARI GAZTEOK SALTO!

COVID19ak eta konfinamenduak eragin zuzena izan du LGTBI komunitatean ere, sektore zaurgarrienak pandemia garaietan are eta zaurgarriago izaten dira, eta krisi honek ere hala erakutsi du. Armairua egitera behartuta egon gara, itotzen gintuzten armairuetara itzultzea izan da konfinamendua askorentzat. Gazte askok familia nuklearraren eredura itzuli behar izan dugu, LGTBIfobiaz betetako familietan konfinatuta egon izan behar dugu; horren guztiaren atzean dagoen biolentziarekin. Gure espazioak ere inbadituak izan dira, telelanak eta bideo deiek gure espazioak erakustera behartu gaituzte, gure etxeko eta gelako iruditegia guztientzako ikusgarri jartzea, gure eremuak eta oro har heteronormak gorpuzten dituen hormak izan dira ikusgarrienak.
Sistemak berak gu isildu eta negozioa egiteko aukera ikusi du, kapitalismo arrosak geroz eta indar handiagoa du. Gure bizitzak ez daude salgai, ezta gure borroka ere. Borroka hau ez da kontsumo bat, gure identitateak ez daude salgai, borrokatu egiten ditugu. Kapitalismo arrosa egiten duten berdinek sustengatzen dute heteropatriarkatua, eta heteropatriarkatuak hiltzen gaitu.
Ekainak 28a bestelako identitate ez normatibo eta disidentzia sexualaren aldeko eguna da; borroka eguna guretzat. Izan ere, ez dugu ahaztu behar horrelako egunak behar baditugu sistema heteronormatibo oso bat egunerokoan gu zapaltzen ari delako dela. Eta ezkerreko mugimenduak, militantzia, gure komunitatea ere ez dago heteroarau horretatik salbu. Genero sistema bera, familia nuklearra osatu beharra eta bikotea izateko beharra, estetika konkretuak, horren errotuta dugun ligatze sistema eta urteak aurrera joan ahala haurrak eduki beharraren presioa, hezkuntza saileko erabakieta… Sistema oso batek barnebiltzen ditu ezaugarri horiek guztiek, baina gure egunerokoan, gure espazioetan ere presente dagoen zerbait da. Horregatik, Euskal Herri Feminista eta ez heteronormatibo bat nahi badugu, gure jardunaren berrikuspen bat egitea dagokigu, gure espazioetan ere praktika eraldatzaileak martxan jartzea.
Heteroarauaren disidentzian kokatzen garen gazteok ezinbestekoa dugu elkartu, antolatu, eztabaidatu eta borrokatzea. Gure egunerokoa politizatu eta borroka eremu bihurtzea dagokigu. Gazte transmaribollook salto egingo dugu lehen lerrora, salto bizi berri batera!