Herrien Nazioarteko Asanbladan izan gara, Venezuelan

Venezuelako herriak ez du laguntza humanitarioz mozorrotatutako interbentzio militarrik behar

Otsailaren 24tik 27ra bitarte, Herrien Nazioarteko Asanbladaren lehenengo topaketa ospatu dugu Caracasen. Hemen, 90 herrialdeetatik etorritako herri mugimendu eta antolakunde politiko anitzetako 500 delegatu inguru batu gara Iraultza Bolibartarrari gure elkartasun osoa adierazi eta Venezuelako herriaren burujabetza eta autodeterminazio eskubidea defendatzeko.

Lau egun hauetan Venezuelako herri eta Gobernuari gure babesa nola eman eztabaidatzen egon gara, badakigu eta etsai oso indartsu baten aurrean gaudela. 2008tik kapitalismoa sufritzen ari den krisi estruktural eta historiko honen baitan, Estatu Batuak beren hegemonia mundiala sustengatzeko edozein bide erabiltzen ari dira. Aberastasun naturalak bereganatzeko eraso, inbasio eta gerrek ez dute mugarik. Venezuelan, burujabetza eta autodeterminazio eskubideak daude jokoan, gizartearen etorkizuna.

Horregatik, Herrien Nazioarteko Asanbladak, hurrengoa aldarrikatu du azken egunean egindako deklarazio politikoan:

  • Venezuelako herriaren kontrako blokeo ekonomikoarekin bukatzea, blokeo horrek herriaren sufrimendua bakarrik ekartzen duelako.
  • Demokrazia parte hartzailea, Burujabetza eta Venezuelak bere proiektu ekonomiko zein errekurtso naturalak kudeatzeko eskubidearen aldeko defentsa.
  • Munduko herrialdeek bakea nahi dute, ez dute gerra gehiagorik nahi. Venezuelak eskubidea du edozein desadostasun hitz eginez edota konstituzioak berak zein nazioarteko zuzenbide publikoak dituen baliabideak erabiliz konpontzeko.

Asanbladak martxoaren 16an (Estatu Batuek Irak inbaditu zuten egun berean) herrialde guztietan mobilizazioak egiteko deia egin du inperialismoren aurrean Iraultza Bolibartarrari elkartasuna adierazteko.

Bestetik, “Che Guevara” Brigada Internaziolistak, gazte bezala, konpromezu eta betebehar zehatz batzuk asumitu ditu azken egunean ateratako manifestuan. Besteak beste, eredu antiinperialista, antipatriarkal, antikolonial, antineoliberal eta antiarrazista izango duen “Juventud en Lucha” nazioarteko artikulazioa eraiki eta sendotzea; formazio politiko eta ideologikoa sustatzen jarraitzea; herri mugimenduen artean batasuna lortzea, bai gure herrialdeetan baita nazioartean ere; krisi garaian, beharrezkoa den arerioaren proiektua salatu eta aldi berean gurea kalera ateratzea agitazio eta propaganda bitartez gazteon irudimearen indarra baliatuz antolakuntzarako tresna berritzaileak eraikiz; eta azkenik, Brigada internazionalistak errepikatzea inperialismoaren eta kapitalismoaren erasoen aurrean herrien arteko elkartasuna indartzeko helburuarekin.

Beraz, bi aste hauetan zehar, argi ikusi dugu Venezuelako herriak ez duela laguntza humanitarioz mozorrotatutako interbentzio militarrik behar. Gobernuak behin eta berriz adierazi du, baita Asanbladan bertan ere, elkarrizketarako prest dagoela, baina etsaiari petroleoa bakarrik interesatzen zaio. Elkarrizketarik ez onartzea ez da kasualitate beraz.
Demokraziaren aldeko hautua Iraultza Bolibartarrak bakarrik egin du eta zailtasunak zailtasun, herri honek adorea soberan dauka egoerari aurre egiteko!

Yankees go home!

Euskal Gazteria Venezuelarekin!

Gora Iraultza Bolibartarra!