Hemen bizi nahi dugulako

Bizitzari errespeturik adierazten ez dion sistema kanibal baten aurrean aurkitzen gara. Gazteok ongi baino hobeto dakigu zer esan nahi dugun honekin, prekarietate gordinak gure bizitzak lurperatu baititu. Bizitzak ez du esplotazioa ez den beste esanahirik kapitalisten ahotan.
Hain da ankerra logika hau, bizitza guztian esplotatuak izan ostean zahartzaroaz gozatzeko aukera ere lapurtu nahi digutela. Europa eta Madriletik jubilazioa atzeratzeko mehatxua lau haizetara dabil. Bazterketa soziala bultzatu eta pentsionistak pobrezia arrisku larrira eramango dituen pentsio sitema miserable bat du esku artean Espainiar estatuak. Kaltetuetan kaltetuenak, berriro ere emakumeak.
Hamaika aitzaki darabil klase politikoak eta patronalak neurri neoliberal hauek aplikatzeko. Urte luze hauetan gazteak langabeziara eta prekarietate egoera gordinera kondenatzeko erabili izan dituzten bezain beste. Ez gaitzatela engainatu. Burgesiak eta oligarkek dirutza egin dute eta egiten jarraitzen dute gure kontura. Urrutira joan gabe, Sanchez Galán jaunak (Iberdrolako buruak) 25.000 € irabazten ditu egunean.
Pentsioen arazoa ez da problematika isolatu bat. Ezin genezake ulertu babes eta gizarte segurantza sisteman emandako murrizketak eta pribatizaziorako joera, lan merkatuaren liberalizazioaren alde, eta gizarte zerbitzuen murrizketak aintzat hartu gabe. Geroz eta esku gutxiagoren gain geroz eta aberastasun gehiago metatzeko desjabetze eta pobretze jokaldi neoliberal baten aurrean aurkitzen gara. Ekuazioa erraza da euskal gazteriarentzat. Gu galtzaile.
Dirua egon badago. Kapital pribatuarekin lerratuta dagoen klase politikoaren ondorioz, esku pribatuetan zoritxarrez. Euskal kutxen pribatizazioa, erreforma fiskala, Espainiar konstituzioaren 135. artikuluaren erreforma, zor publikoaren pribatizazioa, aurrekontu atzerakoiak… izan dira PNV, PSOE, PP eta UPNren ekarpenak Euskal Herri injustuago baten alde.
Zorionez, konponbidea ere, egon badago. Sistema kapitalista patriarkarra gainditu beharrean gaude, honen logika erabat bateraezina baita bizitza eta beharizan norbanako eta kolektiboak zentroan jarriko dituen herri egitasmo batekin. Kapitalaren enbaten aurrean euskal langile herriaren egoera babesgabeari buelta ematea lehentasunezko eginkizuna da.
Euskal Herriak Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema Propioa beharrezkoa du. Bazterketa sozialari eta pobreziari mugak jartzea ezinbestekoa da, fiskalitatea eta aurrekontuak honen mesedetara jarriz.
Kalitatezko enplegua eta gazteon prekarizazioari mugak jartzeko lan harremanen esparru propioa garatu behar du Euskal Herriak. Madriletik inposatzen den legedia gainditzea eta enplegu politika duinak garatzea premiazkoa da aberastasunaren produkzio justu baten alde.
Euskal Herriaren egitura ekonomikoaren eta industriaren suntsiketarekin amaitu behar da. Irabazi azkarrak baina etorkizun handia eskaintzen ez digun tertziarizazio basatiarekin amaitu eta Euskal Herrian zentratutako ehun ekonomiko baten alde egin behar dugu.
Finean, Euskal Herrian zentratutako eta herri langilearen mesedetan garatutako politiken faltan, pentsio duinen bermea ez da ziurtatua egongo. Klase politikoaren utzikeriaz gain, egungo marko autonomikoak agorpen zantzu argiak adierazi ditu norabide honetan aurrera egin ahal izateko.
Gazteoi pentsio duinen aldeko borrokak gaurdanik eragiten digu, ez da etorkizunean pairatuko dugun arazo bat. Irabazi tasa handitzearen alde, gazteok zein helduagoak baikara kosteak gutxiagotzen dizkiogunak gutxiengoen eliteari. Esplotazioaren aurkako borrokak hamaika aurpegi ditu.
Pentsio duinen aldeko borroka gazteon borroka ere badelako, ozen diogu: hemen bizi nahi dugu. Maiatzaren 26an kalera aterako gara eta dei egiten diogu euskal gazteriari Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.
Independentzia, sozialismoa eta feminismoa!