Heldu diogu, borrokan gara!

Gaurko egunean Txiki eta Otaegiren memoria dugu gogoan, baita hamarkadetan zehar zapalkuntzari eta errepresioari aurre eginez askatasun argia eman diguten ehunka izar gorriak ere. Haiek gabe, Euskal Herria ez litzateke Euskal Herria izango. Haiek gabe, ezina ekin gabe legoke. Haiek gabe gazte belaunaldi berriek ez genuke Kantauriko hegian Herri bat dela esaterik izango.
Duela 43 urte, 1975eko irailaren 27an, bere trantsizioa antolatzen hasia zen diktadura frankistak gogor jo zuen Juan Paredes Manot “Txiki” eta Angel Otaegi Etxeberria ETAko militanteen aurka. Haiekin batera, FRAP-eko Humberto Baena, José Luis Sanchez Bravo eta Ramón García Sanz militante antifrankistak erailak izan ziren. Herriak amorruz egin zuen negar. Bi gazteak askatasun haize ziren eta dira, egun ere.
Hamarkadetako ondare politikoa ezabatu eta milaka militanteren eskuzabaltasuna eta memoria ezabatu nahi digu espainiar estatuak, herri memoria jazarri eta errelato faltsu bat inposatuz. Gatazka politikoaren ukapena eta honen ondorioak lantzeko borondate falta nabaria da haien partetik. Urteetako borroka antzutzat jo eta etsipena nagusitu nahi dute Euskal Herriaren etsaiek. Iragana lapurtuz etorkizuna bahitu nahi digute. Baina guk, memoriaz beteriko oraina borrokatzen dugu egunez egun.
Herriminean lurperatua zegoen Euskal Herria biziberritu eta borrokan jarri zuen orduko gazte belaunaldiak. Aldian aldiko belaunaldi berriek askatasun amets zaharra sendotu eta biziberritu dute. Euskal erresistentziak Herriaren aldeko egitasmo burujabea ardaztu du historikoki. Euskal Herriaren aitortza, izaera eta erabakitzeko eskubidea izan du oinarri eta herritarren askatasun osoa ipar. Oinarri sendo hauek ahalbidetu dute askatasun sena izutzeko jarritako amarruei aurre egitea.
Ezker Abertzaleak trantsizio frankista eta autonomismoa sutsuki borrokatu bazituen ere, ordenamentu politiko administratibo espainol burgesa gailendu zen. Ondorioz, Euskal Herriaren ukazioa eta beronen Herri Langilearen esplotazioak bere horretan dirau. Alabaina, Euskal Herria askatasun esparruak irabazten joan da. Indar eta kemenez defendatu baititugu langileon eta emakumeon eskubideak, Amalurra, gure hizkuntza eta kultura. Tinko mantendu gara faxismoaren eta inperialismoaren aurrean; eta baita herrion arteko xamurtasuna praktikatu ere.
Urteetako nazio eraikuntza arriskuan dago. Kapitalismo patriarkalaren enbatak inoiz baino sakonago kolpatzen dihardu eta hori Euskal Gazteriak larrutik ezagutzen du. Miseria eta prekarietatea normalizatu eta bizirautera kondenatzen gaituzte. Sistemaren zurrunbiloan galdurik, inposatutako koordenadetan ibil gaitezen.
Espainiar estatuak eraberritze operazio bat abiarazi du, bere zimenduak mantentzeko. Eskuin espainolistaren arteko norgehiagoka faxistak, frankismo soziologikoa aktibatu eta mobilizatu du.
Euskal Herria bidegurutzean da. Espainiar estatuaren erreforma sustengatzearen edo haustura demokratikoaren aldeko apustu adoretsuan aurrera egitea dagokigu. Euskal Autonomia Erkidegoko estatutu erreformak Hego Euskal Herrian prozesu subiranista artikulatzeko aukerak eskaintzen ditu, baldin eta nazio subiranotasuna oinarri independentzia ipar mantenduz gero. Hil ala bizikoa da amarru autonomista arbuiatzea eta Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatuak izateko lanabesak defendatzea.
Euskal Herriak bere burua askatzeko indar nahikoa du. Euskal Gazteriak matxinada berriak idatziko ditu Euskal Herriko historian, borrokak aurrera darraielako. Euskal Gazteriaren bulkadaz Kantauriko hegian herri libre bat dela esaterik izan dugu, esango dugu. Borrokarako dei eginaz irrintzi bat dabil eta gazteok heldu diogu. Borrokan bizi gara, borrokan gara.
Jo ta ke independentzia, sozialismoa eta feminismoa lortu arte!
Gora Eusko Gudariak!
Gora Euskal Herria Askatuta!
Gora euskal gazteria!
EKITALDIAK UNIBERTSITATEETAN
- Iruñea (NUP): 11:45 · Liburutegi plaza
- Gasteiz (EHU): 12:45 · Elurreta
- Leioa (EHU): 13:00 · Mikel Laboa
- Ibaeta (EHU): 13:00 · Aulariopea