Hegoafrikan izan gara, YCLSAren kongresuan

Hegoafrikako Gazteen Liga Komunistak (YCLSA) East London hirian (Hegoafrika) egindako kongresuan izan gara nazioarteko gonbidatu gisa. YCLSA-k 20.000 militante inguru ditu eta Hegoafrikako alderdi komunistaren (SACP) gazte antolakundea da, azken hau ANC-rekin (Afrikako Kongresu Nazionala) aliatuta dago.
Parte hartu dugun kongresuan nazioarteko ordezkaritza zabala egon da, bertan izan gara Venezuela, Zinbawe, Zanbia, Botswana, Lesotho, Swazilandia, Palestina, Grezia eta Euskal Herriko gazte antolakunde ezberdinetako ordezkariak eta milatik gora YCLSAko probintzia delegatu. Egonaldian zehar haien kultura politiko ezagutu eta herrialde ezberdinetako errealitateak konpartitzeko aukera izan dugu. Horrez gain, antolakundeekin harreman berriak sortu eta aliantzak sendotzeko baliagarria izan zaigu.
Kongresu amaierako plenarioan, kide Hegoafrikarrek Euskal Herria agurtu eta egungo egoera eta erronkak azaltzeko tartea utzi digute. Gure borroka eta herria ez dira ezagunegiak han, baina gure problematikarekin identifikatzen dira. Gainera, nazioarteko elkartasunari asko zor diotenaren kontzientzia dute eta gutaz gehiago jakiteko interesa adierazi dute. Hori horrela, Gazte Topagunera etortzeko gonbidapena luzatu diogu YCLSA-ri.
Ezker Abertzaleak aspalditik dauka lotura sendoa Hegoafrikako antolakunde iraultzaileekin (SACP, ANC, COSATU). YCLSA-ren kongresuan, harremanetan sakontzen jarraitu eta etorkizunera begirako mugarriak finkatu ditugu.
Amandla awethu!
Viva YCL viva!
Hamaika herri, borroka bakarra!