HAU EZ DIZU HBOk KONTATUKO

Gaurko egunez 40 urte bete dira Joxe Arregi modu basatian torturatu eta erail zutenetik. Baina ez, hori ez dizu HBOk kontatuko. 1960 eta 2014 artean 5.657 tortura kasu egiaztatu dira Euskal Herrian. Baina ez, Netflixen ez duzu filmik topatuko horren inguruan. Milaka eta milaka euskal militante politikoren aurkako praktika sistematikoa izan den arren, torturaren inguruan isiltasuna, zigorgabetasuna eta arduragabekeria gailentzen dira oraindik ere. Arduradun politikoek eragindako kaltea aitortzeko urratsik eman gabe jarraitzen dute.
5.657 herritarrek jasan dituzte torturak Euskal Herrian, gutxienez. Horiek dira egiaztatu ahal izan diren kasuak. Eta haien atzean, eta beste guztien atzean, hainbat arduradun eta erantzule: PP, PSOE,EAJ eta UPN;tortura planifikatu eta disidentzia politikoarekin bukatzeko estrategia agindu zutenak, jazarpen itogarri eta zerrenda beltzen bitartez. Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak ez ezik, Ertzaintzak ere esku propioz egindakoak. Aitortutako 336 kasu dira Ertzaintzari egotzitako tortura kasuak eta beraz, ezin dugu kasu isolatuei buruz hitz egin; praktika sistemiko bati buruz ari gara.
Herri honen ametsak itotzeko estrategia politikoa izan da tortura. Euskal militante politikoak zigortu, kilildu eta isilaraztekoa. Praktika eta teknika fisiko zein psikologikoen bitartez, torturatutako pertsonak zein euren ingurune sozial eta militantea txikitzea izan da torturaren helburua. Beldurra, mesfidantza, antsietatea… zabalduz, herritarrak eta haien arteko harremanak eta militantzia oztopatu dute hamarkadetan zehar. Gazte belaunaldi batek baino gehiago sufritu zituen tortura eta errepresioaren ondorioak, Herri honen motorea itzaltzeko asmo argiaren ondorioz.
Geure Herriko iragan hurbilaren arrastoak oraindik ere pairatzen ditugu. Ikusezinagoak edo ikusgarriagoakdiren zauri horiek gugan diraute oraindik, eta urteetan iraungo dute. Tortura ez delako egun batetik bestera sendatzen den min bat. Aitortza eta erreparazioan aurrera urratsik ematea ezinezko egin du torturaren inguruan oraindik ere agintzen duen inpunitateak. Zein berme jarri dezakegu, bada, onartua ez den errealitate bat errepikatu ez dadin? Nola sendatu isilarazitako zauriak?
Iraganean kateatuak nahi gaituzten berberek errelatoaren batailan katramilatu nahi dute egia. HBOk ez du kontatuko, agintari politikoek ez dute aitortuko, polizia gorputzek ez dituzte ardurak haien gain hartuko, baina gazteok eguneroko borrokaren bitartez idatziko dugu geure egia. Egia eta kontakizun osoa. Euskal Herri aske baten aldeko lanean, inork inoiz ez dezan halakorik berriz pairatu. Memoria berregin eta osatuz, etorkizuna argituko dugu.