Harrotasunez beste mundu bat gozatu eta borrokatzera

50 urte betetzen dira aurten moral okzidental eta sistema oso bat astindu zuen Stonwalleko altxamendutik. Protagonistak ordea, ez ziren ez insituzio, ez multinazional, ez autobus baten gainean doazen gizon dirudunak izan. Heterosexual progresistak ere ez, lehen lerroan trans, bollera, marika, drag razializatu eta desjabetuak izan ziren. Bazterrera kondenatu eta eskonboetako adreiluekin poliziari aurre egin ziotenak. Errepresioari borrokaz, antolakuntzaz, botilakadaz eta takoiekin erantzun ziotenak.
Moral berdinaren zaindari diren horien Instagram zein diskurtsoetan ortzadar bat ageri den arren, topatu dute berriz ere gu isildu eta negozioa egiteko aukera. Gayfriendly hotelen atzean, prekarietatea. Bilbo zeharkatzen duen pride itsasontziaren atzean, patologizazioa. Zuen postalen atzean, miseria. Gure bizitzak ordea, ez daude salgai, ezta gure borroka ere. Gure izenean Bangladeshen jositako ortzadarrik ez. Gure diskurtsoaz apropiatuko den heterosexualik ere ez. Gure izenean hiri-eredu elitistak ez. Gure izenean, autodefentsa, borroka, zaintza, aliatzak eta Euskal Herria anitz, aske eta feminista!
Aitzitik, kapitalismo arrosaren aurkako borrokaz gain, hau sustengatzen duen heterosexualitatea modu kolektibo zein politikoan problematizatzen hasi behar dugu. Alde batetik, miseriara eta biolentziara kondenatzen gaituen sistema honen beste zutabe bat delako. Bestetik, pribatuan ez ezik, hautu publiko eta kontzientea delako heterosexualitatea. Jendartean kokatzeko eta harremantzeko botere kategoria hain zuzen ere.
Azkenik, heteronormaren disidentzian kokatzen garen gazteok ezinbestekoa dugu elkartu, antolatu, eztabaidatu eta borrokatzen hastea. Eskal Herrian sortzen ari diren sare, espazio eta agenteekin aliantzak eraiki, eta gure bizitzak, hautu eta identidadeak erdigunera ekartzea.
Gazteok harrotasunez beste mudu bat gozatu eta borrokatzera goaz!
Gazte transmaribolloak* lehen lerrora!