GUREKIN IZANGO DA EDO EZ DA IZANGO

Bollerak, marikak, transak eta bisexualak konfinatuta gaude. Konfinatuta egon ginen eta bagaude. Konfinatu gintuzten eta, oraindik ere, konfinatu nahi gaituzte. Sistema zishetero-patriarkal-kapitalistarentzat gu ere pandemia gara. Erroak infektatu eta hil ditzakeen pandemia gara. Bazterretara eraman nahi gaituzte, desagerrarazi.
Aurtengo ikasturtea gazteontzat gogorra izan da; eta, are gehiago, gazte transmaribibolloontzat. Pandemia etorri eta konfinamendua bizi genuen, konfinamendu bikoitza, baina. Izan ere, hamaika egunez etxean, eta armairuan, konfinatzera behartuak izan ginen, gure askapenerako guneetatik urrun, isolatu. Panoramak, gainera, ez zuen hobera joan. PSOEren gobernuak Trans legeari uko egiteak estatu espainolaren oinarri zisgeneroak argi utzi ditu. Gure bizitzak arautzen duten estruktura burgesek eta atzerakoiek argi utzi dute ez dagoela aldaketa egiterik gaur egungo markoek dirauten bitartean. Espainiar estatuak eta autonomismoak, beste behin, huts egin eta kolektibo transi uko egin diote oraingoan.
Ildo beretik, hamaika izan dira aurtengo ikasturtean jasandako erasoak. Basauriko eraso homofobotik hasita, kolektiboa posmodernistatzat hartzen dituzten “ezkerreko” mugimendu Igtbfobikoetara. Halere, aintzat hartu behar da eraso hauetan guztietan oinarria bera dela: erregimen zishetero-patriarkal kapitalista. Gure bizitzako adar guztietatik hedatzen den, eta kapitalismoaren biziraupenerako beharrezkoak diren baldintzak birproduzitzen dituena.
Gazte transmaribibollook, ordea, kolpeak jasatera ohituta gaude. Denetariko erasoei aurre egiteko ohituta gaude. Eskuineko eta ezkerreko mugimenduek baztertu gaitzakete. Baina, guk argi dugu borrokan jarraituko dugula. Transmaribibollo borroka klase borroka delako, eta klase borrokak transmaribibollo borroka behar duelako. Euskal Herri libre baterako bidean, genero- eta sexu-askapena tresna dugulako; eta genero eta sexu-askapenera bidean, Euskal Herria tresna dugulako.
Pandemia gara. Hedatzen den eta ideia antikapitalistak, borrokalariak, gazteak, askatzaileak zipriztintzen dituen pandemia. Sistemako erroak infektatzera gatoz, infektatzera eta akabatzera. Horregatik, dei egiten diogu Euskal Herriko gazteriari borroka honetan parte hartzera, eta Euskal Herriko hiriburuetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera. Moral zishetero-patriarkal-kapitalistaren aurrean, GAZTE TRANSMARIBIBOLLOAK KALERA!