GURE ZAURIEK, GURE AHOTSA

Otsailak 13, torturaren aurkako eguna. Sabelean korapiloa eragiten digun eguna. 41 urte bete dira Polizia Espainiarrak Joxe Arregi euskal militantea torturatu eta erail zuenetik. Lau hamarkada baino gehiago igaro diren honetan, ez dugu bere izena historia liburuetan ikusiko, ez dugu EITBren produkzio audiobisualik ikusiko, ez dugu memorialik ikusiko eta are gutxiago ez dugu Joxe Arregi torturatu zuten 70 polizien barkamenik ikusiko. Ez da amnesia, aitortza eza baizik. Jakin baitakite geldiezina zena gelditzeko eskura zituzten bitarteko guztiak baliatu zituztela.
Pistola ahoan sartu eta mehatxuka zegoen Gurdia Zibilak, elektrodoak entxufatzen zituen polizi nazional espainiarrak zein poltsa buruan jartzen zuen ertzainak inpunitate osoz aritu zitezkeen estatu-egitura oso bat atzean zutelako. Erabaki politiko bat materializatzen ari ziren, denak balio zuen euskal militante independentisten kontra. Baliabide ekonomiko, politiko, judizial eta mediatiko guztiak erabili dituzte estatuek proiektu politiko baten kontra; estatuen zutabeak dardarka jarri dituen proiektu politiko baten aurka, hain zuzen ere. Horrela soilik uler dezakegu ofentsibaren horretan irekitako fronte guztien artean gazte antolakundeetako militantzia politikoaren ilegalizazio, atxiloketa eta torturetan amaitzen zuten interrogatorioak, besteak beste.
Ez zuten lortu eta ez dute lortuko. Hemen gaude eta belaunaldi berrioi dagokigu gatazka politikoaren inguruko errelato zapaltzaileari eguneroko borrokaz aurre egitea. Meliton Manzas torturatzaile frankistaren omenez eraikitako Memoriala bezalako ekintza zapaltzaileak ez baititugu onartuko. Egiaren eta aitortzaren kontrako eraso zuzenak izateaz gain espainiar proiektu zapaltzailearen hedapenerako tresnak baitira, Euskal Herriaren asimilaziorako tresna.
Euskal Gazteriak larrutik ordaindu du geure proiektu politikoaren defentsa egitea. Milaka gazte izan dira haien militantzia politikoaren ondorioz torturatuak. Egia itzalpean ezkutatu nahi dutenen aroan, gazteoi dagokigu geure zauriei buruz ahots propioz hitz egitea. Irekitako zauriak ixtea, edo gutxienean, erreparatzea dagokien haiek ardurak har ditzaten. Egia ukatu digutenei geure hitz propioz erantzungo diegu. Eta Euskal Herri feminista, sozialista eta euskalduna eraikiz sendatuko dugu Herri honen mina.