Gure garaia da. Bulkadak gara!

40 urteren ondotik, hemen gaude. Zutik eta bizirik. Gazte eta errebelde. Orain dela 40 urte, Arrazoi nagusi batengatik sortu zuten gazte antolakundea.: gazteok gazte izate hutsagatik problematika berezituak ditugunez, antolatu eta borrokatzeko tresna propioak behar ditugu. Gaur, hemen, 40 urteren ondotik, arrazoi berberak batzen gaitu milaka eta milaka gazte: gazte antolakuntza eta borrokarako beharrak eta grinak.
Lau hamarkada igaro dira eta hainbat belaunaldi. Euskal gazteria, beti lehen lerroan. Eztabaidak, akatsak, garaipenak, autokritikak, harrokeriarik gabeko harrotasuna. Errepresioa, elkartasuna, mina eta maitasuna. Transmisioa, ondarea, borrokaren katebegi ugariak eta askapen prozesuari begiratzeko gaur egungo betaurrekoak. Gazte antolakundearen ibilbide oparoan zuen aletxoa ezarri duzuen guzioi esker, gaur egungo gazteok etorkizunaren nostalgia izan dezakegu.
Behin eta berrio entzuten dugu jendarte indibidualista batean bizi garela. Merkatuak, lehiakortasunak eta etekinek agintzen dute hemen. Gaitz larria da indibidualismoarena. Baina, bizitza zer da konprometitzea ez bada ? Bizitza zer da proiektu politiko baten alde lerratzea ez bada ? Duela 40 urte, asmatu egin zuten, gazte borroka eta antolakuntza indibidualismoaren aurkako tresna ezinhobea baita. Eta gaur egun ere, umiltasunez diogu, asmatzen dugula. Konfiantzaz, Leialtasunez eta konpromisoz, borrokan sustraitzen den komunitatea gara.
Aipatuko indibidualismoa zuzenean dago prekaritatearekin lotua. Gure bizitzak prekarizatu dituzte; gure eguneroko ogia dira langabezia, aldi baterako lanaldiak, beltzean kobratutako enplegua, zaintza lan ordaindu gabeak, gurasoen etxetik emantzipatu ezina…Miseriazko espektatibak inposatu dizkioten belaunaldia gara, alternatibarik ez dagoela diote, baina gu geu gara alternatiba. Prekarietatearen eta esplotazioaren aurkako borroka pizteko unea da, kolektiboki basakeria hau geratzekoa. Krisi sistemikoaren seme-alabok, bizitza kapitalaren gainetik jarriko dugu !
Jadanik badira hamaika borroka esperientzia Euskal Herrian prekarietatearen eta esplotazioaren aurka antolatzeko. Ernaik Euskal Herrian Bizi dinamika jarri zuen martxan, IEHko gazteek G7aren aurrean Oldartu dinamika eta anitz dira tokian toki piztu diren borroka eta eragileak. Pentsiodunen eta feministen olatuak ikusi ditugu azken urte eta hilabeteetan, aipatu borroka horiek guztiak batu eta gazte olatu emantzipatzailea altxatzea dagokigu orain.
Egunez egun Euskal Herria balore eraldatzaileen bidez eraikitzen duten gazte eta eragile guztiek ere ekarpen izugarria egiten diote Euskal Herriko askapen prozesuari: gaztetxeak, neska* gazte taldeak, Euskal Herriko euskalduntzea helburu duten dinamikak, etxebizitza eskubidea defendatzen duten gazteak… Zuekin, arloz arlo burujabetza gauzatzen segituko dugu. Benetan… Euskal Herriak duen onena zarete! Zuei esker irabaziko dugu etorkizuna!
Eskuinerantz mugitu nahi dute mundua. Ez dira garai errazak. Ematen du eskuin muturra eta faxismoaren gorakada etenik gabekoak direla. Autoritarismoa gora ari da Europan eta munduan. Hilerri bilakatzen ari dira Europa eta Mediterraneo itsasoa. Gerratik eta miseriatik ihes egiten dutenen hilerri erraldoia. Kapitalismoak eta inperialismoak eskaintza bakarra dute: esplotazioa, ihesa, heriotza. Borroka kolektiboa dagokigu guri. Elkartasuna herrien arteko xamurtasuna delako, besarkada iraultzaileak egun hauetan munduko hainbat herritatik etorri zareten kide guztioi, ez gaituzte geldituko. Hamaika herri, borroka bakarra! Ondoan izanen gaituzue!
Harrapatuta nahi gaituzte. Beldurtuta. Frantses estatua bere aurpegi neoliberal eta nazionalistena erakusten ari zaigu. Zerbitzu militarra berrezarri nahi dute, euskarazko hezkuntza behin eta berriz erasotzen ari dira. Deuseztatzen ari dira eskubide zibil eta politikoak. Estatuarekiko atxikimendua ahultzen ari den honetan, burujabetza prozesuak abian jarri behar ditugu Frantziak zapalduriko herrietan.
Espainia ez da atzean geratzen: mozorroz aldatzen ari da estatua. “Una, grande y libre”-ren Espainia eskaintzen digute alde batetik. Eta bestetik, aurrerapen sozialez mozorrotutako Espainia batua. Maskara desberdina, baina atzean, aurpegi berdina: erregimena. Dena lotuta eta ongi lotuta duen Espainia, herrien autodeterminazioa ukatzen duena. 78ko Erregimenak berdin jarrai dezan, espainiar oligarkien proiektua. Eta guk argi diogu: geldiezinak gara, eta erabakigarriak izatera goaz. Datorren igandean hautesontziak beteko ditugu bozka independentista, ezkertiar, feminista eta antifaxistaz. Beteko ditugu EHBilduren aldeko bozkaz; bataila bat gehiago dugu igandean, ekintza politiko bat gehiago eginen dugu gazteok. Bizitzea posizionatzea delako, eta berriz Madrilera itzuli nahi ez dugulako.
Faxismoaren trikimailurik onena, existitzen ez dela sinestea da. Eta Euskal Herrian ere ez gaude joera autoritario eta neoliberal hauetatik salbu. Hemen ere, batzuen aberastasuna gure miseria da. Hemen ere, badakigu faxistak eta eskuindarrak non dauden eta non egon diren. Esparza: badakigu nork nahi digun Nafarroa lapurtu, nork nahi gaituen desagerrarazi. Kolpez kolpe erregimena botatzen jarraituko dugu; Munilla: emakumeon gorputzak ez dituzue kontrolatuko, milaka deabru gara!; PNV: zertan ari zarete? Zertan ari zarete faxisten bizkartzain? Zertan ari zarete, ustezko posizio neutroan, antifaxisten kontra ertzaintza bidaltzen? Veunac (Miarritzeko auzapeza), G7ko agintariei alfonbra gorriak jartzen ari zarete, Lapurdiko kostaldea militarizatzen, txakurrez betetzen, Diario de Navarra, Diario Vasco, El Correo, komunikabide manipulatzaileak: zuen gezurren gainetik jarraituko dugu Euskal Herria eraldatzen. Navarra Suma: zuek zarete 36ko kuneteroen oinordeko zuzenak! Ciudadanos: ez zarete pasako!
Nazkatuta gaude. Nazkatuta zuen gezurrez, zuen mespretxuez, zuen debekuez, zuen irainez. Utz gaitzazue bakean.
#Esloquehay batean bizitzera kondenatu nahi gaituzte. Baina gu egunero altxatuko gara, ez erresistitzeko, dagokiguna irabazteko baizik! Sistemaren porrota gara. Inposatu diguten sistemaren porrota. Borrokatzen jarraituko dugu. Kolektiboki borrokatzen. Desagerrarazi nahi gintuzuen, baina gurekin jai duzue. Entzun gaitzazue. Entzun ongi, Abascal, Casado, Le Pen, Rivera, Macron, Sanchez. Entzun rzazue, Urkullu, Esparza. Gure herriarekin edozer egin dezakezuela uste duzue. Baina ez gaituzue geldituko. Gazteok borrokaren lekukoa hartu dugu. Aurrerapausuak besterik ez ditugu emanen, eta ezinen duzue olatua gelditu. Geldiezinak garelako! Jasotako kolpe bakoitzeko, milaka bulkada izanen gara!
Herri eta langile sektoreen esplotazioa gainditu eta zapalkuntzarik gabeko gizarte justua eraikitzea da edozein borroka emantzipatzaileren helburua. Baina ez hori bakarrik: bide hori, tokian toki eta unean une egingarriak diren proposamenen bidez egitea da militante iraultzaile orok daukan benetako erronka. Duela 50 urte Txabi Etxebarrietak esan bezala, Euskal Herrian klase borrokak nazio askapen forma hartzen duela ulertzen eta berresten dugu gaur ere; eta zentzu horretan, argi dugu egin dezakegun ekarpenik handiena gaurdanik Euskal Herria eraiki, eta Euskal Estatua erdiestea dela. Herri honen askapen borroka, ordea, iturburu anitzeko erreka izan behar da, eta esperientzia anitzetatik edan behar du horretarako: borroka feminista, euskararen aldeko borroka, langileon borroka eta beste hainbat uztartuz, eta horietako bakoitza gaur eta hemen zer den irakurriz.
Eta hori guztia egitea, guri dagokigu, gazteon garaia delako. Gure garaia da, gazte belaunaldi berri batena. Euskal Herria askearen aldeko borrokari hauspo berritu bat emango dion belaunaldiarena. Gu gara herri honek behar dituen gazte bulkada berri eta sortzaileak. Nostalgiari ihes eginez, iraganetik baliagarri zaiguna gure egin, eta sortu beharreko tresna berriak sortuko ditugunak, sortzen ari garenak. Askapen prozesua bizituko dugunak gara; ikuspegi, identitate eta diskurtso berriak Herri prozesu batean integratzeko gai izanez. Askapen prozesuari bultzada berri bat emateko garaia da. Horretarako jaio ginen, eta egin egingo dugu.
Azken aldian, besteen ahotan entzun behar izan dugu zer garen eta zer ez garen. Baina gaur, guk geuk jarriko dizkiogu izen abizenak gure buruari: Gazte konprometituak gara gu, bizitzarekiko eta herriarekiko maitasunetik borrokatzen garen gazte konprometituak. Eta oso harro gaude garenaz eta egiten dugunaz, gaizki egindakotik ikasiz, eta ondo esanetan berretsiz. Kontraesanak garela aitortuz, eta horrexek mugiarazten gaituela ulertuz. Oso harro, 60 urtez Ezker Abertzaleak egindako borrokak ekarri duelako Herri hau honaino, eta lekuko horri heldu diogulako, hainbeste bidelagunekin batera. Oso harro, egunez egun Euskal Herriaren alde lanean jarraitzen duen mugimendua garelako, txikitasunetik, baina helburu handiak ahaztu gabe. Harro, argi dugulako Ezker Abertzalearen borrokak eta bultzadak eramango gaituela Euskal Herria askatzera. Eta badakigulako hemen bildu garen euskal gazte sozialista, feminista eta independentistak garela horretarako giltza, kolektiboan eta eguneroko lanetik arituz.
Bidean geratu direnak gogoan, eta oraindik gatibu dituztenak bihotzean, hamarkada luzeetako determinazio berdinarekin Euskal Herriaren askapen prozesua muturreraino eramateko sortu ginen, eta egin egingo dugu, ez dugu etsiko lortu arte. Eta horretarako, jakin ez dagoela errezeta magikorik, lana besterik ez: konpromisoa eta maitasuna, antolakuntza eta borroka. Egun hauetan Lemoan bildutako jakintza, emozio eta indar guztiak Euskal Herriko ikastetxe, gaztetxe, lantoki eta kaleetara eramango ditugu bihar. Askatasun bulkadak gara, leher gaitezen eta eraman dezagun Euskal Herria independentziara!
Gora euskal gazteria!
Gora euskal herria askatuta!
Gora Ernai! Gora Aitzina!
Gora euskal herria sozialista eta feminista!
2019ko apirilaren 20an Lemoan,
Ernai eta Aitzina Gazte Antolakundeak