Gure bizitzen jabe

Beti izan gara lan esku merkea kapitalismoarentzat gazteak. Kapitalismoaren zirkuituan beti jorratu izan dugu paper bera: kateak jarrai dezan lan-esku merkea izatea. Baita esparru erreproduktiboan ere, neska gazteok sujetu garrantzitsu izan gara; horren berme eta sostengu, hain zuzen ere. Horri esker jarraitzen du egun kapitalismo zisheteropatriarkalak hain modu basatian bizirik.
Egungo jendartea krisi anizkoitzak zeharkatzen du, eta gazteriaren egoera partikularrak bultzatuta, gehiago gordintzen da gure kasuan pairatzen dugun zapalkutza. Alde batetik, geroz eta sakonagoa den prekarizazio prozesua dugu. Gure gurasoak baino okerrago biziko den lehen belaundaldia izango garela esatean zuzen genbiltzan: ziurgabetasuna da gure bizitzaren oinarri, 30 urterekin emantzipatu ezinik, geroz eta arazo psikosozial gehiago eta larriagoak, langabezian edo lan baldintza kaskarrenekin enplegu prekarioetan… Horri pandemiak azkartutako krisi anizkoitza gehitu, eta belaunaldi bezala itxaropen eza da emaitza.
Belaunaldi bezala espektatiba guztiak puskatu eta erori zaizkigu, bizitza eta kapitalaren arteko talka are agerikoagoa da gazteon artean. Gainera, neoliberalismoaren oldarraldi ideologikoari aurre egitea dagokigu egungo gazteoi. Pentsamolde indibidualista eta geroz eta praktika atomizatuagoek osatzen dute gure bizitza, sen komunitarioa ahulduz doan bitartean.
Testuingurua kontra izanda ere, historian zehar askotan jakin izan du gazteriak zutitu eta egora iraultzen. Izan ere, gazteriaren egoera partikularak bultzatuta, zapalkuntza egoera gordin batean kokatzearekin batera, askapenerako subjektu gisa, borrokarako subjektu gisa ere, baldintza berezietan kokatzen gara. Jendartean posizioak aldatu eta iraultzeko gaitasuna duen subjektua da gazteriarena, gizartea bera aldatzeko adina indar duena. Horretarako, baina, gazte boterea eskuratu beharra dago. Gazte Boterea baita sistema zisheteropatriakalaren boterearekin etengabeko talkan dagoena. Boterea leihatu eta eraiki behar dugu, burujabetzara bidean gazteok bizi proiektu emantzipatzaile eta bizi eredu askatzaileak garatu ahal izateko eskuratzen dugun gaitasun kolektiboa delako Gazte Boterea.
Gure buruen eta gure bizitzen jabe izan nahi dugu. Ez gaude prest beste behin ere, 2008ko krisian bezala, pandemian eta horren osteko agertokian bezala, langile klasea eta herri sektoreak izateko kaltetuenak. Bizitza bizigarriak eta bizitzaren sustengua bera erdigunean jarriko duen eredu politiko, sozial eta ekonomikoaren premia agerikoa da. Ofentsiba kapitalistaren aurrean, gazteok lehen lerroan egongo gara, hamaika esparrutatik egingo diogu aurre prekaritateari: neska* gazteen taldeetatik, mugimendu euskaltzaletik, etxebizitza eredu berriak eskuratzetik, lan baldintza duinen borrokatik… Bizitzak erdigunean jarriko dituen euskal errepublika sozialista eta feminista berri bat aldarrikatu eta eraiki behar dugu. Gure indarrak elkartuz eta umiltasunez, Euskal Herriko gainontzeko indar sozial eta sindikalarekin batera arituz.
Bide horretan ere, gazteok kaleak hartuko ditugu. Zaintza lanak, enplegua eta ondasunaren banaketa bidezkoa egiteko. Ez delako posible gutxi batzuk langileon lepotik aberastea; ez delako posible zaintza lanak emakumezkoen gain soilik egotea; ez delako posible etengabeko lan prekarioetan aritzea.
Gure bizitzen jabe izan nahi dugulako, beste Euskal Herria bat posible delako, Maiatzaren Lehenean kaleak hartu, eta egin dezagun posible.