Gora langileon borroka!

Maiatzaren Lehenean munduko langileriak hamaika herrialdeetako milaka mobilizaziotan hartzen du parte. Baina ez da folklorizatutako egun bat langileriaren eguneroko antolakuntza eta borroka bultzatzen dugunontzat.
Kapitalismoaren erabateko hegemonia bizi dugun honetan, klase dominazioren gogortze basatia nagusitu da. Aberastasuna eta boterea geroz eta esku gutxiagotan metatzen da. Krisi sistemikoa deritzogu burgesiak langile klasearen izerdia eta odolaz ateratzen duen irabazien errentagarritasunari. Lanaren liberalizazioa, gorputzen eta bizitzen gaineko kontrola zorroztea eta biosferaren mugak gainditzea ez dira nahikoa izan kapitalisten gosea asetzeko. Kontrara, muturreko jendarte egoerak nagusitu dira, pobrezia, bazterketa soziala, bizi baldintzen kaxkartzea, apatia politikoa, faxismoaren mehatxua, gure gorputz eta bizitzen gaineko kontrola, jendarte atomizazioa, errepresioa, amalurraren suntsiketa… eta inperialismoaren sarraskiek eragin zuzena izan dute guregan.
Kapitalaren agenda zapaltzailea da langileriarentzat; eta are gehiago estaturik gabeko herrientzat. Europar Batasunak ebatzitako agendak Espainiar eta Frantziar estatuen bidez marrazten ditu Euskal Herriak jarraitu beharreko estrategia sozioekonomikoaren nondik norakoak.
Bizitza eta kapitalaren arteko kontraesanak erroko aterabide bat behar du, Euskal Herrian eta munduan. Ez dago kapitalismo gizatiarrago bat egiteko aukerarik, ez eta hau erreformatzerik ere; kapitalismo patriarkarraren logika sozialak bizitza bera ezeztatzen duelako, kapitala zentroan kokatzen duelako. Bizitzaren sustengua erdigunean jarriko duen eredu politiko, sozial eta ekonomikoaren premia agerikoa da. Kapitalismo patriarkarrak ebazten duen lanaren antolaketa soziala eta parte hartze eredu sozial eta politikoa iraultzea ezinbestekoa da. Klaseen eta sexu-genero sistemaren banaketa gainditzen duen gizarte antolamendu batez ari gara. Identitate eta gorputz guztiak aitortuko dituen parte hartzeko eta bizitzeko eredu aktibo eta protagoniko bat bultzatzeaz.
Euskal Herri independente, sozialista eta feminista gorpuztu ahal izateko erabateko iraultza soziala beharrezkoa da, eta prozesu hori elikatzeko biderik zuzen eta zorrotzena aztertzen du euskal gazteri borrokalari eta iraultzaileak. Zein da testuinguru honetan zerumuga hori eskuratzeko egitasmorik eraginkorrena?
Independentzia, Sozialismoa eta Feminismoak ardazten duen proiektu politikoak forma ematen dio gure askatasun senari, eta Euskal Gazteriak hala partekatu dezan borrokatzen gara. Proiektu politikoa gauzatzeko ezker abertzaleak ebatzitako subjektu historikoa berregituratzea dagokigu. Kapitalak kontraesan anitzak sortzen ditu, muinean bizitza eta kapitalaren arteko gatazka aurkitzen baita. Kontraesan horiek herri borroka eta herri mugimendu anitzei forma ematen die, eta horietatik guztietatik edaten du Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokak.
Borroka fronte bakoitzean eskuratutako lorpen eta porrot bakoitzean sustraitzen da egungo Euskal Herriko jendarte egitura eta egun leihan dugun indar korrelazioa. Klase gatazkaren izaera nazionalak bateratu eta egituratu ditu borroka horiek guztiak, proiektu politiko alternatibo bat -zerumuga askatzaile bat- eskaini duen bitartean.
Espainiar oligarkiak argi eta garbi adierazi du bere dominazio proiektua ezbaian jartzeko egitasmorik iraultzaileena nazio askapen forma hartzen duten herri prozesuak direla. Independentzia baita bere dominazio proiektuari arrakalak sortzen dizkion egitasmo eraginkorrena. Baita hautu sozialistaren garapenerako Euskal Herri Langileari aukera berriak irekitzen dizkion eszenatokia ere.
Zein dira hortaz Euskal Gazteriak Euskal Herriaren askapen borroka azkartzeko eta langile borroka indartzeko egitekorik funtsezkoenak?
Klase kontzientzia sortzea eta hedatzea, atomizatutako gazteri langilea berregituratzea, eguneroko lan nekaezinaren bidez borrokak piztea eta antolatzeko espazioak erraztea, gatazka sozialei ikusgarritasuna ematea, autogestioa hedatzea, parte hartze politikoaktibo eta protagonikoa bultzatzea… Doakiela gure errekonozimendu osoa lan umil eta nekaezin honetan diharduten gazte eragilei.
Dagoeneko borrokan diren olatu sozial ezberdinek egin bezala, Euskal Gazteriak pairatzen duen prekarizazio prozesuari aurre egiteko oinarrizko adostaunen gaineko ekintza batasuna sustatzea ere badagokigu. Gazteri langilearen bizi baldintzen kaxkartzea eta bizi proiektuaren garapen eza langile klase guztiaren aurkako oldarraldi batean parte baitira. Indarrak batzea eta batera ekitea premiazkoa da.
Euskal Gazteriak Euskal Herri Langilearen gainontzeko protagonistekin aliantzak indartzea eta borroka fronteak egitasmo independentista, sozialista eta feministarekin elikatzea dagokigu.
Aurtengo Maiatzaren Lehenak zentzu horri erreparatzen dio. Euskal Herri Langilearen berregituratzea, herri borrokei hauspoa ematea, Independentzia, Sozialismoaren eta Feminismoaren proiektu politikoa elikatzea eta batez ere, antolakuntzan eta borrokan berrestea. Garenaz harro, ekinaren ekinez, Euskal Gazteria lehen lerrora!
Gora langileon borroka!