Gazteok klika, Euskararen Herria gure bulkadaz eraikitzen

Bi urtean behin Euskal Herriko hamaika txoko lotzen ditu Korrikak. Euskararen alde egiten dugun ekimen luzeena datozen egunetan pasatuko da gure herri eta auzoetatik. Eta aurtengoan ere, ezinbestekoa izango da gazteok ematen diogun bultzada, Korrikak ere Bulkada berriak behar dituelako indarrez jarraitzeko. Gazteok klika egitea ezinbestekoa da, euskararen hautua hartzea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Euskarak garai berriei egiten die klika, eta bulkada berriek euskarari egiten diogu.
Azken hamar urteetako joera aldatuz, euskararen erabilera beherantza doa; azken datuek diote erabilera gutxitzen ari dela diote eta beraz, euskalduntze fase berri baterako indar soziala aktibatu behar dugu. Euskalduntze fase berri bati heldu behar dio Euskal Herriak, eta gazteok paper garrantzitsua jokatu beharko dugu.
Horretarako ezinbestekoa da gure egunerokoan euskararen hautua egitea, euskaraz bizitzeko hautua hartzea. Baina, beharrekoa da hizkuntza politiketan jauzi bat ematea ere. Ezin da ardura oso hiztun komunitatearen ahalduntzearen gain kokatu, eta beraz, beharrezkoak diren neurri politikoak exigitzea beharrezkoa da. Gazte ikuspegitik aipatzekoak dira: euskaraz ikasteko eskubidea bermatzea Euskal Herri osoan, formazioa euskaraz jasotzeko eskubidearen bermea unibertsitate eta Lanbide Heziketetan, Ipar Euskal Herrian euskararen aitortza haur hezkuntzatik unibertsitatera, euskarazko eskaintza oso bat bermatuz, enpleguaren esparrua eta hainbat administrazio euskalduntzea, euskarazko kultura zabaltzea…
Gazteontzat garrantzitsua da gazte mugimenduan eragiteko ardura hartzea eta euskalgintzarekin loturiko jardunean parte hartzea ere. Eta jadanik bagabiltza lan horretan; adibide garbiak dira Topa Gaitezen gazte euskalzaleen topaketak, NUPen euskaraz ikasi eta bizitzeko abian jarri dituzten borrokak, Arabako euskara taldeen konpromezua, Baxoa euskaraz dinamika bera… Zerumuga komuna Euskal Herri euskalduna izanik, elkarlanerako espazioa da euskararen aldeko borroka, euskalerrigintzarako esparru gisa ulertzen dugu. Horregatik, dei egiten dugu gure herri eta auzoetako gazte kilometro guztietan gure alea jartzera, gazteria euskalduna izango baita Euskal Herri berri baterako oinarri. Burujabetza prozesuan ezinbestekoa izango da euskara, eta izango gara gazte euskaldunak. Estatu propiorik gabeko euskarak etorkizun iluna izango baitu, eta beraz ezinbestekoa izango da independentzia. Eta era berean, euskararik gabe prozesu independentista ematea ere ezinezkoa da. Elkarloturik dauden eta elkarelikatzen bideak baitira euskararena eta independentziarena.
Hamar eguneko martxa baino askoz gehiago da korrika. Euskaratik eta euskaraz Euskal Herri euskalduna eraikitzeko beste urrats bat da bi urtean behin egiten dugun ekimen hau. Euskal Gazteriak ere erdigunean kokatzen baitu euskara eta burujabetza prozesurako ezinbesteko tresna eta borroka izango da. Gazteok klika egin dugu eta euskara hautatu dugu. Euskararen Herria euskaraz eraikitzen jarraituko dugu!