GAZTEOK EH ANTIFAXISTA!

Gernikako bonbardaketaren 85.urteurrena

85 urte pasa dira faxismoak Gernikako herria bonbardatu zuenetik. 85 urte gure herriaren kontrako eraso berri bat egin eta desagerrarazten saiatu zirenetik. Frankismoak Kondor Legio Alemanaren eta Abiazio Italiarraren laguntzaz, etsipenean erorarazten, herri gisa zegozkigun eta dagozkigun eskubideei behin betiko uko egiten eta ahanzturan murgiltzen saiatu ziren. Finean, Herri bizi bati bere etorkizuna bahitzen saiatu ziren.

Bonba burrunba horiek baina, ez zuten herri oso baten ahotsa isildu eta frankismoaren jazarpenaren, bortizkeriaren eta heriotzaren aurrean berriz ere altxatu, herria defendatu eta berreraikitzen hasi ginen. Herri bulkadaz erantzun zitzaion diktaduraren garai ilunei, harriz harri, klandestinitatean, isilpeko lanaz, baina indartsu. Ikastolen sorreratik 60. hamarkadako nazio askapen mugimendura. Langile mugimendutik, feminismotik, lurraren defentsatik eta errefuxiatuen aldeko borrokatik, guztietatik, aurre egin zitzaion faxismoari.

Baina ezin dugu ahaztu faxismoak oraindik bizirik jarraitzen duela. Aurpegia aldatzen saiatu eta haien irudia zuritu nahi izan badute ere, badakigu zeintzuk diren. Egungo espainiar faxismoa, ezinbestean, estatu espainiarraren izaerarekin harremanean ulertu behar dugu. 40 urteko diktaduraren ostean, 1978ko Erregimenarekin itxuraldatu baitzen estatua bera. Elite ekonomiko eta politikoen mesedera jarraituz.

Egun eskuin muturraren eta faxismoaren oldarraldi global batean aurkitzen gara, politikoa zein kulturala. Toki bakoitzean izaera eta forma konkretu batekin, baina testuinguru global berdinean gertatzen ari da. 2008az geroztik azkartu den krisi anizkoitza, prekarizazio orokortua eta Espainiar faxismoaren kasuan independentismoa dira oldarraldi berriaren gako nagusiak.

Faxismoa bizirik dago euskararen aurkako eraso bakoitzean, eraso transmaribibollo bakoitzaren atzean, mugetako heriotza bakoitzean zein muga barruko jarrera xenofoboetan, gure herria eta gure izatea debekatu eta delitu bilakatu nahi dutenean eta indarkeria matxista ukatzean eta zuritzean.

Baina egun faxismoak bizirik jarraitzen badu ere guk biziago jarraitzen dugu. Ertz ezberdinetatik, aipaturiko borroka guztietatik, antifaxismoa berrezaugarritu eta berreraikitzea dagokigu gazteoi. Espainiar faxismoaren jopuntuan dauden borrokak (feminismoa, antirrazismoa, trasmaribibollo borroka, euskalgintza) dira faxismoari aurre egin, eta Euskal Herria aske eta antifaxistaren oinarriak ezarriko dituztenak. Guzti honetan gazteoi lehen lerroan egotea dagokigu, faxismoari aurre egingo dion belaunaldia gara, herri bulkada berria gara.

Aurrean gara gaur. Gazteok EH antifaxista!