GAUR, ATZO BEZALA, GAZTE ANTOLAKUNTZA!

Martxoak 3

45 urte dira espainiar polizia frankistak Gasteiz eta Euskal Herrian gorriz markatutako egun hartatik. 45 urte igaro dira hilabeteetan zehar antolatzen eta borrokatzen zebilen langileriaren aurka polizia gogor oldartu zenetik. 45 urte Romualdo Barroso, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo eta Bienvenido Peredaren bizitzak lapurtu zituztenetik. 45 urte dira kapitalak eskura zituen baliabide guztiak erabili zituenetik Gasteizko langileria esplotatu eta miseriara kondenatzeko. Lau hamarkada baino gehiago igaro diren honetan gauzak ez dira hainbeste aldatu.

Poliziak garaian funtzio argia zeukan, erregimenari eta hau sustengatzen zuen oligarkiari arrakalak eragiteko aukera izan zezakeen edozein disidentzia politiko eta sozial isilaraztea; beharrezkoak ziren prozedurak erabiliz: torturak, atxiloketak, erailketak… Erortzear zegoena erori ez zedin karta zuria zeukaten garaiko kasko grisek. Denak balio omen zuen. Mundua eta bizitza beraren sostengarritasuna kolokan dauden honetan, denak balio duenaren pentsamendu horretan jarraitzen dute kapitala bizitzaren gainetik jartzen duten horiek guztiek. Izan ere, denak balio du betikoek ordaintzen dugun bitartean. Grisetik gorrira igaro diren kaskoek gazteak eta enpleguaren defentsan dauden langileak jarri dituzte jo putuan; ITPtik TUBACEXERA eta Gernikatik Mendillorrira. Langileriaren eta bereziki gazte sektoreen aurkako oldarraldi polizialak eguneroko ogi dira. Baina gazteok atzoko eta gaurko indarkeria polizalaren aurka antolatzen jarraituko dugu.

Kapitalaren gose ase-ezinak gogor kolpatzen du Euskal Herria. Covid-19aren krisiak sistema kapitalista heteropatriarkalaren zirrikituak eta gabeziak agerian utzi ditu; baina baita krisi ekonomikoa, zaintza krisia… azeleratu eta sistemaren alderik basatiena erakutsi ere. Kapitalaren pandemia da bizitzen ari garena. Osasun krisiaren aitzakia baliatuz langile klasearen prekarizazio prozesuan sakontzeko aukera baliatzen ari dira: gutxi batzuen poltsikoak betetzeko, gainontzekoen miseriaren trukean.

Baina, 1976ko martxoaren 3an egin bezala, langileak duintasunaren, elkartasunaren eta borrokaren aurpegia izaten ari dira berriro ere. Kaleetan, lantokietan, asanbladetan… erakutsitako irmotasun berdinarekin erakusten dizkiogu hortzak eskubideen murrizketei zein kaleratzeei. Lan eta bizi duinaren alde borrokan gara gaur kaleetan, bihar grebara aterako diren zaintza zerbitzuetako langile guztiekin batera zaintza lanak aitortu eta duintzeko edo etzi Tubacexeko langileekin batera piketeak antolatuz.

Ahazteko eta ixiltzeko esan ziguten. Baina injustiziaren eta inpotentziaren minak gure erraietan dirau, zapalduon memoriak ez du ahazten eta ez gara ixiltzen. Atzoko eta gaurko gazte konprometituok ez dugu ahazten. Memoriarako espazioak zabaltzen jarraitu dezagun, gure egia borrokatzen, Estatu Espainolaren inpunitatearen aurrean. Romualdo Barroso, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo, Bienvenido Pereda zein Vicente Anton Ferrero eta Juan Gabriel Rodrigo iraganeko sarraski polizial baten biktimak baino askoz gehiago direlako. Euskal Herri Langilearen historia bizia dira, iraganera iltzatu baino, etorkizunera bultzatzen gaituen bulkada. Haiengan langileriaren eta zapalduon indar kolektiboa, antolakuntzarena eta borrokaren bultzada ikusten dugulako.

Urte horietako borroka esperientziak ezagutzeak etorkizunera begirako gakoak eskaintzen dizkigu. Kolektiboaren indarrak eta langile sektore desberdinen arteko batasunak edozein estaturen ametsik gaiztoena badela argi geratu zen. Hortaz, praktikara eraman dezagun historiak irakatsitakoa. Iraultzaren grinari helduz, Euskal Herria ardatz, sozialismoaren eta feminismoaren bidea egingo dugu.

Memoria. Justizia. Antolakuntza.

Omenaldirik onena borrokan jarraitzea delako!