GALDU EZ GAITEZEN, GALDU EZ DEZAGUN, EUSKARAZ BIZIKO GARA

Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna

Geldirik. Ez aurrera eta ez atzera; horra hor gaur egungo euskararen egoera. Hortaz, nekez hitz egin daiteke euskararen normalizazio prozesuaz, aurrerapauso errealik ez duen bideaz ari bagara, behintzat. Bizitzen ari garena, ordea, ez da berria. Urteak daramatzate euskalgintzako hainbat sektorek euskalduntze fase honen agorpenaz ohartarazten, erabileraren beherakada nabaria izanagatik alarma piztuta, eta euskararen biziberritzerako neurri urgenteak eskatzen.

Bien bitartean, euskararen aurkako eraso eta oztopoek bere horretan diraute: Iruñeko Udalak euskara sustatzeko dirulaguntzak murriztu ditu; Eusko Legebiltzarrak atzera bota du euskaraz doan ikasteko lege proposamena, EAJ, PSE-EE, PP-C’s eta Voxen aurkako bozkekin; Ipar Euskal Herriari dagokionez, Hiriburuko Baste Quieta eskola publikoan murgiltze eredua debekatzen saiatu zen Frantziako Gobernua, gerora, mobilizazio eta herri-presioaren ondorioz debekuak aurrera egin ez bazuen ere. Azken asteotako gertakarien bilduma labur bat baino ez da hori, adibide isolatutzat har ezin ditzakegunak.

Izan ere, euskarak jasaten duen zapalkuntza orokorragoa da; sistematikoa eta egiturazkoa. Hizkuntza nazio baten eraikuntzan katebegirik sendo, ezinbesteko eta oinarrizkoenetakoa izanik -besteak beste, (hiztun) komunitate baten baitan sortzen duen atxikimendu, nortasun eta izateagatik- nazio bat deseraikitzeko eta desagerrarazteko ardatzik ahulena ere bilaka daiteke. Hori da, hain zuzen ere, Espainiako eta Frantziako estatuen misioa aspaldi-aspalditik: euskara hizkuntza gutxitua izatetik hizkuntza txikitua izatea saiatzea; Euskal Herriaren zapalkuntza nazionalean sakonduz.

Historikoki, espainiar eta frantziar nazionalismoaren proiektua inposizioan, autoritarismoan eta homogeneizazio lingustiko zein kulturalean oinarritu da, ondo baino hobeto baitakite, asimilazioaren bidez, haien menpekoa den egitasmo askatzaile bati zailtasunak biderkatzen zaizkiola.
Ezin esan haien helburuak betetzen ari ez direnik. Egun, atzeraldi linguistiko, kultural eta nazional betean, nabarmena da gure hizkuntza eta kultur sistemaren ahulezia, eta globalizazioaren ondorioei zein digitalizazioaren edota Herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko zailtasunak areagotzen ari zaizkigula. Euskalduntze fase berri bat ardatz duen estrategia nazional baten beharra inoiz baino beharrezkoagoa dugu, uste baino arinago berandu izan ez dadin.

Gauzak horrela, Covid19ak sortutako egoerak are ageriagoan utzi ditu eremu ahulenen egoera lazgarriak, artean, euskararenak. Zoritxarrez, egun batetik bestera azaleratutako gabezia guztiak ez dira berriak. Hainbat hilabetez euskaraz hitz bat ere entzun eta hitz egin gabe egon den haur eta gaztea ez baitu Covid19ak sortutako egoerak bat-batean kolpatu; urteak agortuta daramatzan hizkuntza (eta hezkuntza) ereduak baizik.

Era berean, pandemia garaian ondo baino hobeto adierazi dute Euskal Herriko administrazio eta erakunde publiko nagusiek eta horien arduradun politikoek euskararekiko duten jarrera: erdarei zentralitatea eta lehentasuna, euskara bigarren mailara pasaz, eta, kasu askotan, guztiz desagerraraziz. Informazio azkarraren arrazoi lotsagabeaz, beste behin, euskara eta euskaldunok galtzaile.
Joera horren bozgorailu ere izan da EITB, Euskal Herriko komunikabide publiko nagusia; gaztelaniaz eta gaztelania erdigunean jarriz, aspaldi utzi zion euskararen normalizaziorako funtsezko tresna izateari. Hizkuntza ohiturak aldatzearena ez omen doa haiekin bat.

Euskarak ez du momentu honetan hitz goxorik behar; aitzitik, biziberritzeko neurri estruktural, ausart eta efektiboak behar ditu, hizkuntza politika sendo bat eraikitzeko zutarriak, hau da, zutitzeko plan estrategiko bat.
Ertz guztiak -hezkuntza, administrazio eta erakunde publikoak, komunikazio sistema, lan-eremua…- bustiko dituen plan integral bat diseinatu eta garatu ezean, ezerezean gera daitezke ezinbestekoak diren euskalgintzak antolatutako Euskaraldia, Korrika eta abarrak. Ardura guztia ezin baita gogotsu, indartsu eta ilusioz antolatzen den komunitate euskaltzalearen bizkar utzi. Horregatik, “orain ez da momentua” etengabe errepikatzen duten horiei exijitzen diegu duten erantzukizuna haien gain har dezatela, eta, berandu baino lehen, hizkuntza problematikari hel diezaiotela.

Halaber, ezin uka mugimendu euskaltzale berritu bat berreraiki eta eratzea behar-beharrezkoa dela, azken urteotako inertzia eta impasse egoerarekin amaitu eta euskararen borroka, berriro ere, agenda politikoan kokatuko duena. Hots, hizkuntza gatazka azalaratzeaz ari gara, euskararen problematika ikusgarri egiteaz; hiztun gisa urratzen zaizkigun eskubideez aritzea.
Horretarako, gure iritziz, ezinbestekoa da borroka euskaltzalea azken urteotako olatu sozialekin (feminismoa, gazte, ikasle eta langile borrokak, LGTBIQ+, pentsionistak…) batera kokatzea. Batetik, bide propioan duen egiteko zabalean pausoak emanez, eta, bestetik, borroken arteko elkarlana, eta euskarak horietan guztietan betetzen duen eraldaketarako papera azpimarratuz. Finean, batzuetan zein besteetan, eskubidez eta duintasunez ari baikara. Horra gure aldarria: eskubide osoz, euskal hiztun duinak izatea.

Sartuta gauden labirintitotik ateratzeko, exijitutako neurri orokorrez gain, nahitaezkoa da euskaldun eta euskaltzaleok ahalduntzea. Euskal hiztunon beharra da, kontrabotere ariketa etengabean, euskaraz arituko diren espazioak bultzatzea eta irabaztea: gaztetxean zein ikastetxeetan; lantokian eta kalean; militantzian edota lagunartean, euskararen botereguneak aldarrikatuz horiek biderkatzea da gakoa.
Norabide horretan kokatzen ditugu murgilduta gauden Euskaraldia bezalako ekimenak. Logika berean, txalogarria deritzogu Euskal Herriko bederatzi gaztek -beste hainbat gazte euskara talderekin batera- abiatutako Gaztealdia ekimena. Zortzi egunez euskara hutsean bizitzeko hautua eginez erakutsi dute, batetik, euskaraz bizitzeko hautu politiko eta kontzientearen garrantzia; bestetik, euskararen problematika ikusarazteko ardura. Eta ondorio nagusi gisa, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko nahia eta ezina. Gazte euskaltzaleok ez gara geldirik geratuko, hortaz, euskal hiztunak galdu ez gaitezen eta euskara bera ere galdu ez dadin, oztopoz oztopo hiztun akitibo izaten jarraituko dugu, sistemikoki eta egiturazkoak diren oztopo eta labirintoen aurrean iparra argi, euskaratik eta euskaraz egin eta eragiten.

Euskalgintzak eta mugimendu euskaltzaleak behar duten bulkadan aktibo izateko konpromisoan berresten gara gazteok, horrenbestez, euskalgintzan fase berri bat irekitzeko norantzan egingo dugu lan. Nazioak eta hizkuntzak duten elkarren beharraz jakitun, Euskal Herriaren eraikuntzan ardatz politikotzat dugun gure hizkuntza aldarrikatu nahi dugu gaur, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean.

Euskal errepublika sozialista, feminista eta euskaldunaren bidean, borrokatu dezagun euskaratik eta euskaraz.