Galder eta Aitorren espetxeratzearen aurrean, euskal gazteria kalera!

EZ GAITUZUE GELDITUKO!

Lehenik eta behin, gure besarkadarik sentituena bidali nahi diegu espetxeratutako gazteei, eta haren senide eta lagunei. Gogor salatzen dugu Aitor eta Galderren espetxeratzea eta berau salatzeko antolatutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu.

Ez da apenas aste bat pasa Oier Gomez burkidea agurtzea ekidin nahi izan zigutenetik eta dagoeneko ia urte bete igaro da Julen Ibarrola gazte amurrioarra bahitu zigutenetik. Estatuek Euskal Herriaren aurka darabilten gerra estrategiak errepresioaren zerrenda beltza luzatzen jarraitzen du.

Irmoki salatzen dugu PNVren zipaioek Galder eta Aitorren atxiloketa eta espetxeratzean jokatu duten papera. Kazetariz mozorrotutako borreroen ahoetatik eraikitako akusazioaren ondorioz, Audientzia Nazional faxistaren eskuetan utzi dituzte bi euskal gazte. Galder eta Aitorren espetxeratzearen arduradun zuzenak dira. Txakurrak!

Espainiar epaitegi guztietan dugu euskal militanteok erruduntasun presuntzioa, eta modu berezi batean Audientzia Nazionalean. Auzitegi hau Euskal Herriaren zapalketa, eta Euskal Gazteriaren aurkako jazarpenean protagonista da, ustezko terrorismo kasuak nonahi ekoitziz. Aski ongi ezagutzen dugu jokaldia, urteak baitira bai gazte hauek eta baita Euskal Gazteriak ere, errepresio modus operandi bera pairatzen duela. Adibiderik gertukoenak ditugu Altsasuko auzia, Julen Ibarrolaren eta Alfredo Ramirezen espetxeratzeak, 2013ko Gazte Danbadaren auziperatzea eta abar luze bat. Baina Audientzia Nazionala ez da inor gu epaitzeko, eta Herriak aspaldi epaitu zuen.

Espainiar estatuak faxismoaren eta ultraeskuinaren aurrean duen jarrerak bere instituzioen eta izaeraren berri ematen digute. Estatuaren barrenean izaera nazional-katolikoa errotua da, inoiz garbiketa demokratikorik egin ez zelako. Euskal Herriarentzako eskaintza bakarra españolista atzerakoia da eta hori inposatzeko beharrezkoak diren bermeak jarriko ditu estatuak. Gerra zikina goratu, omendu eta saritzen dute, aurrerantzean ere beharrezkoa balitz berriro egingo luketela argi uzteko. Inkontrolatuak babesten dituzte: Euskal militanteen etxeak tirokatzea doan ateratzen da, saritua ez denean.

Errepresioaren zurrunbiloan ito nahi gaituzte. Baina kalkulu okerrak egin dituzte berriro ere, eta oraindik ez diote Herri honi neurria hartu. Ez dago Euskal Gazteria engaiamendu politikotik aldentzerik, ez eta Euskal Herria gelditzerik.

Jo ta ke, independentzia, sozialismoa eta feminismoa lortu arte!

MOBILIZAZIOA

OTSAILAK 9, LARUNBATA, 18:30ean Correosetik (Gasteiz)