Galder eta Aitor askatu!

Lehenik eta behin, gure besarkadarik sentituena bidali nahi diegu atxilotutako gazteei, eta haren senide eta lagunei. Aitor eta Galderren baldintzarik gabeko berehalako askatasuna exijitzen dugu eta atxiloketak salatzeko antolatutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu.
Ez da apenas aste bat pasa Oier Gomez burkidea agurtzea ekidin nahi izan zigutenetik eta dagoeneko ia urte bete igaro da Julen Ibarrola gazte amurrioarra bahitu zigutenetik. Estatuek Euskal Herriaren aurka darabilten gerra estrategiak errepresioaren zerrenda beltza luzatzen jarraitzen du. Ertzaintzaren eta Audientzia Nazionalaren arteko kolaboraziorik arbuagarrienaren ondorioz, Euskal Gazteria jo puntuan jarrri dute berriro ere.
Ertzaintzak lehen eskutik bere bertsio ofiziala zabaldu du kazetariz mozorrotutako borreroen ahotik, kausa judiziala medioetatik eraiki asmoz. Espainiar epaitegi guztietan dugu euskal militanteok erruduntasun presuntzioa, eta modu berezi batean Audientzia Nazionalean. Auzitegi hau Euskal Herriaren zapalketa, eta Euskal Gazteriaren aurkako jazarpenean protagonista da, ustezko terrorismo kasuak nonahi ekoitziz. Aski ongi ezagutzen dugu jokaldia, urteak baitira bai gazte hauek eta baita Euskal Gazteriak ere, errepresio modus operandi bera pairatzen duela. Adibiderik gertukoenak ditugu Altsasuko auzia, Julen Ibarrolaren eta Alfredo Ramirezen espetxeratzeak, 2013ko Gazte Danbadaren auziperatzea eta abar luze bat. Baina Audientzia Nazionala ez da inor gu epaitzeko, eta Herriak aspaldi epaitu zuen.
Espainiar estatuak faxismoaren eta ultraeskuinaren aurrean duen jarrerak bere instituzioen eta izaeraren berri ematen digute. Estatuaren barrenean izaera nazional-katolikoa errotua da, inoiz garbiketa demokratikorik egin ez zelako. Euskal Herriarentzako eskaintza bakarra espaƱolista atzerakoia da eta hori inposatzeko beharrezkoak diren bermeak jarriko ditu estatuak. Gerra zikina goratu, omendu eta saritzen dute, aurrerantzean ere beharrezkoa balitz berriro egingo luketela argi uzteko. Inkontrolatuak babesten dituzte: Euskal militanteen etxeak tirokatzea doan ateratzen da, saritua ez denean.
Errepresioaren zurrunbiloan ito nahi gaituzte. Baina kalkulu okerrak egin dituzte berriro ere, eta oraindik ez diote Herri honi neurria hartu. Ez dago Euskal Gazteria engaiamendu politikotik aldentzerik, ez eta Euskal Herria gelditzerik.
Jo ta ke, independentzia, sozialismoa eta feminismoa lortu arte!
MOBILIZAZIOAK
- Amurrio: otsailaren 8an, 12:00etan plazan
- Amurrio: otsailaren 8an, 19:00etan plazan