EZ GAUDE INOREN ZAIN

Plazetan, herriz herri eta auzoz auzo, ospatuko dugu aurten Aberri Eguna. Balkoiak aldarriz bete eta kantuan zabalduko ditugu kalean. Iaz, etxeetatik eta balkoietatik egin genuen Herri gisa keinu bat batera, pandemiaren zurrunbiloaren bete-betean ginelarik. Orduan hala esan genuen eta aurten ere berriz diogu: komunitatea trinkoturik, gai izango gara aurrera egiteko.
Izan ere, azken hilabete hauetan gauza asko ikusi ditugu aldatzen gure inguruan. Bizi dugun mundua arrakalatu egin da, sistema kapitalista ase-ezin honen hutsuneak eta ondorioak azalerazi egin dira. Burujabetza materialaren ezintasuna da agerian geratu den gauzetako bat: herri bezala erabakitzekoezintasuna, Madril edo Parisetik diseinatutako politikak eta 155ak, barne mugak itxita Herri are zatitutagoa bihurtu gara… Egoera honi aurre egiteko komunitatearen indarra eta beharra azaleratu dira urte luze honetan zehar.
Indar horrek, gainera, badu norantza zehatza: burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren beharra inoiz baino agerikoagoa da. Impasse egoeran jarri gaituen pandemiak are argiago utzi baitu irtenbidea ez dela formula zaharretan, espainiar eta frantziar neoliberalismoen errezetetan, oinarrituko. Burujabetza eta eraldaketa sozialean aktibo izan behar gara gazteok.
Balio eraldatzaileek mugitzen gaituzte: feminismoak, ekologismoak… Eta balio eraldatzaile horiek bihurtu nahi ditugu etorkizuneko Euskal Errepublikaren oinarri. Hala, gazteria independentista aktibatu, artikulatu eta kalera ateratzeko unea da. 78ko erregimenaren injustizien aurrean, Euskal Herri berri bat ortzimugan. Sozialismoa eta feminismoa gauzagarri egingo dituen independentzia nahi dugu, ez dugulako edonolako Euskal Herria nahi. Zapalkuntzarik gabeko gizartea ahalbidetuko duen Euskal Errepublika dugu helburu.
Testuinguru zaila bizi dugu ordea gazteok. Prekarizazio prozesuaren eta krisi sistemiko baten ondorioak azkartu eta handitu ditu covid-19ak, kriminalizazioa eta jazarpena jasan dugu, harremantzea mugatu eta debekatu egin zaigu, depresio eta suizidio tasek handitzen jarraitzen dute… Etorkizunik gabe, helduleku faltan eta aurreikuspen gutxirekin; ezegonkortasunean bizi gara. Maiatzaren 9an aurreikusia du Espainiar Estatuak alarma egoerari amaiera ematea. Gazteok ordea, larrialdi egoeran jarraituko dugu. Espainiar Estatuaren baitan, etorkizun gutxi dugulako gazteok, baita Herri honek ere. Eraldaketa soziala eta burujabetza ditugu aterabide, antolakuntza eta borroka dira gazteon lanabes, eta gu ez gaude inoren zain!
Komunitateak eraikiz eta saretuz, Herria eginez, eragile eta indar sozial zein kuturalekin batera egingo dugu aurrera. Biharko egunean bezala, keinuak batera eginez, elkarrekin bidea eraikiz. Euskal matxinadaren grina bizkargainean, belaunaldi berri batek plazetatik, lantokietatik, ikastetxeetatik, gaztetxeetatik eta kaleetatik egingo dugu borroka Euskal Herri euskaldun, sozialista eta feminista lortu arte.
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora euskal gazteria!