EZ GARA ZUEN TITERE

Azken asteetan Covid-19 pandemiaren bilakaerak okerrera egin du nabarmen, eta hurrengo asteetarako ez dago aurreikuspen hoberik. Guzti honen aurrean, erakunde eta gobernu ezberdinen jarrerek lehengo lepotik dute burua; zerbitzu publikoak indartzetik urrun, neurri murriztaile hutsen eta kontrol sozial eta polizialaren errezeta aplikatzen dute. Albistegi eta titularretan, berriz, gazteok gaude jo-puntuan.
Gainera, eguberrien testuinguruan kontsumismo basatia sustatzeko, eta sistema kapitalista eta gutxi batzuen etekin ekonomikoak hauspotzeko helburuarekin hartu zituzten neurri aldaketek porrot egin dute. Guztion begietara argia zena gertatu da, eta egoera pandemiko okerragoa dugu gaur. Honekin nahikoa ez, eta kapitalismoarentzat pertsona funtzionalak izateko neurriak soilik aplikatzen dituzte; ikasi, lan eta kontsumitzera mugatuz gure bizitza. Krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriei dagokienez, berri txikienik ere ez daukagu, krisiaren kostuak langile, herritar eta gazteon bizkar utziz beste behin ere. Azken asteetako argiaren prezioaren igoera lotsagarriarekin ikusi ahal izan dugun moduan.
Guzti hau gutxi balitz, azken asteetan era bortitzean jarri gaituzte gazteak jo puntuan. Ez da berria. Pandemia hasi zenetik arduradun politikoek gazteok erabili nahi izan gaituzte, haien ardura politikoa garbitu eta pandemiaren erantzukizuna gure gain jartzeko titere gisa erabiliz. Erantzukizun indibiduala eskatzen dute, herritarren ardura indibiduala agintarien ardura politikoaren gainetik jarri nahian.
Erantzukizun indibidualaren aitzakiapean norbanakooi begirako neurriak soilik hartu dira, bestelako neurri ekonomiko eta sozialak albo batera utziz. Hirugarren olatuaren atarian, arduradun politiko eta elite ekonomikoaren interesen araberako neurriak hartu ziren, berriro ere. Ez dira babes sozialerako neurriak hartu, ez da alokairuaren etete bat bultzatu; eta oinarrizko diru sarrerak bermatzeko errentak edo ERTEak ez dira nahikoak. Gazteon langabezia tasa %51,6koa da, emantzipatuta bizitzeko aukera dugunok ez dakigu alokairua nola ordaindu, harreman sozialak izateko espazio eta aukerak ikaragarri mugatu eta baldintzatuta ditugu… Neurriak hartzea beharrezkoa bada, pertsonak modu integralean ulertzen gaituzten neurriak izan behar dira.
Eta nazkatuta gaude. Nazkatuta gaude gazteok pandemiaren errudun bihurtzeko saiakerekin. Nazkatuta gaude komunikabideetan botiloi bati gazteon bizitzak zeharkatzen dituen prekarietateari baino denbora gehiago eskaintzearekin. Nazkatuta gaude arduradun politikoek eta erakundeek gazteongan erantzukizuna jarri eta pandemiaren kudeaketa nergargarri honetan duten ardura desitxuratzearekin. Nazkatuta gaude kolore guztietako poliziek gazteria behin eta berriz jo puntuan jartzeaz.
Esan bezala, azken asteetan hainbat gertakari izan ditugu Euskal Herrian, gazteak jo puntuan jarri eta espektakulu polizialen bidez auzo eta herri ezberdinetako gazteak jazarriz eta auzo edo herriak poliziez okupatuz. Irmoki salatzen ditugu Donostian, Mungian edo Ondarrun azken asteetan ertzainek egindako muntaiak; edota pandemiaren aitzakiaz gune autogestionatuetako eta gazte mugimenduen jarduna oztopatzeko egin dituzten saiakera ezberdinak. Pandemiaren aitzakiapean polizia eredua are gehiago bortiztu eta militarizatzen ari direla salatu nahi dugu, kontrol sozialean oinarrituz polizia eredua, eta gazteenganako gorrotoa eta konfrontazioa bultzatuz.
Eta guzti honen atzean, agintari politikoek duten papera ere salatu nahi dugu. EAEn pandemia bete-betean egonda iragarri diren OPE bakarrak Ertzaintzarenak izateak EAJ-ren eredu ekonomiko eta soziala ezin hobeto definitzen du. Zerbitzu publikoak indartzearen bidez aurre egin beharrean pandemiari; irakasle, osasun langile edo gizarte zerbitzuak indartu beharrean, indar polizialen aldeko apustua eginez berriz ere.
Azkenik, antolatzen eta borrokatzen jarraitzeko deia luzatzen diogu euskal gazteriari. Gazteon kriminalizazioari aurre egin diezaiogun, batetik, kriminalizazio kasu bakoitzaren aurrean gazteria antolatu eta herri erantzunak artikulatuz; eta bereziki, eguneroko antolakuntzaren bidez elkar zaintza eta bizitza bizigarri eta duin baten aldeko borrokaren alde lerratuz.