Ez duzue lortu. Hemen gaude, bulkadak gara.

Torturaren Aurkako Eguna

Torturaren hots isil eta amaigabeak belaunaldiz belaunaldi ehundaka gazteren bizitza markatu du Euskal Herrian. Datu hotzek eta isilarizatako testigantzektorturaren erabilpen politikoa eta sistematikoa agerian uzten dute. Baina, hala ere, edo horregatik hain zuzen, tortura onartu, sustengatu edo bultzatu izan dutenek errelato faltsutu bat inposatu nahi digute.

Espainiar estatuak uko egiten dio gatazkaren ondorioen konponbideari, ariketa honek estatuak berak erabilitako guda estrategia, bortizkeria eta eragindako mina aitortzea lekarrelako. Euskal Herriaren zapalkuntzaren erantzuleak errepresio estrategiaren parte izatearekin batera proiektu politiko españolista egituratzen dutelako. Segurtasun indarrek, oligarkia ekonomikoak, alderdi españolistek, elizak, botere judizialak, prentsa hegemonikoek… eskuak odolez zikinduta dituzte eta ez daude gure herria aitortzeko eta libreki erabakitzen uzteko prest.

Izan ere, Espainiar estatuaren errepresio estrategiaren xedea euskal askapen borroka galaraztea da. Torturak suntsiketa pertsonal eta kolektiboa bilatzen du, beronen mamuaren bidez izua eta deserrotze soziala eraginez. Herri borrokalari baten aurka erabilitako eta modu berezi batean gazteok pairatutako, tresna gupidagabea da tortura.

Egun, xede berari helduz, errelato bakar eta faltsutuaren inposizioa darabilte arma gisa. Gatazka armatua desitxuratuz, gatazka politikoa ukatu nahi dute. Memorial baztertzaileak, unitate didaktiko dogmatikoak, herri memoriaren jazarpen judiziala… txanponaren alde batean. Torturatzaileen kondekorazioa, faxismoaren oldartzea, “a por ellos” inkontrolatuak … beste aldean.

Halabaina, torturak aztarna sakonak utzi dizkigu. Ez nolanahikoak. Torturaren salaketa isilarazitako garrasia izan da; eta urteetan zehar erruduntasun sentsazioak, minari aurre egiteko zailtasunek, jendartearen isiltasun konplizeak eta estatuen errepresioak torturaz hitz egitea zaildu digu. Baina memoria duen Herria gara, eta aldarrikatzen dugu. Gure memoria guk kontatu behar dugu eta hori kolektiboki egingo dugu.

Mina eta izugarrizko kalte pertsonal, kolektibo eta politikoa eragin digu bai, baina ezin izan gaituzte gelditu. Txarrenari onena eman diogu; elkartasuna, elkarren arteko babesa, zaintza eta kolektiboaren indarra ezagutu ditugu. Herri borrokalari batean gazte borrokalariak hazten direlako, ez dute lortu, hemen gaude, bulkadak gara.