Ez dugu onartzen inposaketarik, gazteok independentzia baietz!

Gezurra dirudi, hauteskundeei buruz hitz egin behar dugu berriro. Aurreko guztiak bezala, hauek ere ez dira ohiko hauteskundeak, zapaltzen gaituen estatuarenak dira eta ezegonkortasun nabariarekin ospatuko dira. Hala ere, badakigu hauteskunde espaƱolak ez direla sekula ohiko hauteskundeak izango guretzat. Kateatuta jarraitzen dugun artean, lau urtetan laugarren aldiz, bagoaz.
Espainiar estatua eta honen inposizioa onartzen ez dugula erakutsi dugu gazteok azken asteetan. Altsasukoen zein kataluniarren aurkako sententizek milaka herritar atera dituzte kalera. Injustiziak atera gaitu kalera, parean daukagunarekiko haserreak. Bi epai hauen atzean Euskal Herriak urte luzez pairatutako zapalkuntza argi islatzen delako. Elkartasun hutsaletik haratago, gainera, espainiar kateekin hausteko aldarria izan da kalera atera duguna. Independentziaren aldeko milaka oihuk erakutsi dute bulkada berrien askatasun nahia.
Espainiar estatuaren eskaintza autoritarioari gazte eta herri erantzun eredugarriak eman dizkiogu eta honek datorrenari heltzeko oinarri batzuk jartzen dituela uste dugu. Krisi kapitalista baten eta mundu mailako ordenaren egokitzapen baten aurrean aurkitzen gara. Espainiar erregimena bera ere birkonfiguratzen ari dela diogunean ez dugu baldintza sozioekonomikoetatik deslotuta ulertzen, izan ere, espainiar estatua krisian dago eta honen aurrean Madrildik hartuko diren erabakiak inposizio forman iritsiko zaizkigu Euskal Herrira. Eta honi ere aurre egin beharko diogu eta mugimendu sozial eta sindikalarekin batera garatuko dugun Greba Orokorra dugu horren adibide.
Bizitza lerratzea dela genioen apirilean eta hilabete gutxitan baldintzak okertu baino ez direla egin ikusita, pisu handiagoa dauka baieztapenak. Abiadura azkarrean doan prekarizazio prozesua lehen pertsonan pairatzen dugu euskal gazteok, gure bizitzen gaineko erabakiak hartzeko eskubideak murriztu eta harreman eredu kapitalisten arabera hezten gaituzte. Inposizioa berriro ere, gure gorputz eta bizitzen gainekoa. Mundua bera ere nola suntsitzen doan ikusten dugu eta ongizatea bera zentralizatzeari ekingo dioten bezala, beronen ulerkera ere balore konkretu batzuen gainean salduko digute. Agenda progresistaz mozorratuta egingo dute gainera, bere horretan ustela den estatuak emakumeon* hitza zalantzan jarri, gutxieneko pentsioa bermatu ez eta hezkuntza eredu arrotza inposatzen jarraituko duen bitartean. Ez dugu onartzen!