Ez digutenez ezer oparituko, Greba Orokorrerako prestatzen hasi gara

Pasa den asteburuan, batzuek gogoeta eguna deitzen dioten horretan, Ernaiko gazteak hausnartzen ibili gara. Guk ez genuen hauteskundeen testuinguruan bozkaren inguruan gogoetarik egin beharrik, argi dugu zein den gure aukera bakarra. Baina aurrera begirako urratsen inguruan eztabaidatu dugu, eta martxan gaude hurrengo erronkei erantzuteko.
Ez dugula onartzen esan genuen pasa den hilabetean, ez genuela onartzen, ez genuela onartzen hautetsontziak jartzeagatik hamarnaka urtez espetxeratzea, ez genuela onartzen gure herria asimilatu eta mapatik ezabatzea, ez genuela onartzen altsasuko gazteen absoluzioa ez den beste epairik, ez genuela onartzen… eta igandean baietz bozkatu genion independentziari. Baina, parean duguna ziklo mobilizatzaile indartsu bat da. Borroka sozialek berebiziko garrantzia duten garaiotan antolatzeko eta borrokatzeko beharra nabaria da. Horregatik, bildu gara Ernaiko kideak datozen hilabeteetako erronketarako prestatzeko. Izan ere, gazteok argi dugu inork ez digula ezer oparituko eta gure irtenbide bakarra antolatu eta borrokatzea dela.
Duela ia bi urte esan genuen gazteon oraina borrokan dela, eta ez da lehenaldia bihurtu; gaur ere, gure oraina borrokan da. Horretarako markatu genituen koordenadak, eta duela urtebete sortu genuen Bizitzak Gure Neurrira prekarietatea borrokatzeko gazte aldarrien tresna. Bizitzaren sustengua erdigunean jarriko duen eredu politiko, sozial eta ekonomikoa eraiki behar dugu eta hain zuzen ere klaseen eta sexu-genero sistemaren banaketa gainditzen duen gizarte antolamendu baten beharraz ari gara. Eta gaurdanik hasi behar dugu gure herri eredu hori eraikitzen, horretarako ziklo mobilizatzaile garrantsitsu bat dugu parez pare eta gazteok ezinbesteko motor izango gara horretan.
Larunbatean pentsionistekin aterako gara kalera, pentsio duinen baina baita bizitza duinen aldarri egitera. Azaroaren 25ean neska* gazteok autodefentsa feministaz busti eta kaleak hartuko ditugu; 28an ikasleak indarra izango dira eta indarra emango diote hezkuntza sistema propioari. 29an Black Friday-a ospatu beharrean gure egunerokotasun prekarizatu eta beltza azaleratuko dugu, eta beherapenik gabeko borrokan berresten garela adierazi. Datozen asteak hitzorduz beteak ditugu, eta guztietan jarriko dugu gure alea, baina baita urtarrileko Greba Orokorrean ere. Bakoitzak guretik, baina guztiok batera egin beharrekoa da eta.
Euskal gazteriari inoiz ez diote ezer oparitu, eta ez digute ezer oparituko; eskubideak eta bizitza duinak borrokaz lortuko ditugu. Horretarako, ezinbestekoa izango da datozen egunetan herri eta auzoetan antolatu eta martxan jartzea.
Gazteon oraina borrokan da!