Ez digutelako ezer oparituko, gazteon oraina borrokan da!

Black Friday eguna dugu gaur, mundu mailan ezaguna eta baita Euskal Herrian ere. Milaka eskaintza eta beherapenekin zoratzen gaituzten eguna, iruzurrak argia ikusten duen beste egun bat gehiago. Izenak dioen bezala, black delako gure etorkizuna. Gazteok hemen eta orain bizi dugun egoera ere black da. Beherapenen atzean ezkutatzen den guztia ere black da: sistema kapitalista heteropatriarkalak gazteoi egiten digun eskaintza miseria, esplotazioa eta prekarietatean oinarrituta dago.
Egun seinalatu honetatik harago, ordea, berririk ez gazteon bizitza gero eta prekarizatuagoetan. Euskal Herrian ikasi, lan eta bizitzeko baldintza kaskarrak eguneroko ogia izaten jarraitzen dute. Gazteok ezin dugu bizi-proiektu duin eraiki: aitortzarik gabeko lanetatik hasi eta praktika-kontratu mugagabeetara, enpleguaren eremuan ematen den prekarietateak eskubiderik gabeko subjektu bilakatzen gaitu, hauek enpleguari lotuak edo merkantilizatuak dauden heinean. Horrela, prekarietate gordinaren adibideak nonahi aurkitu ditzazkegu. Langile eta herri sektoreen bizitzen prekarizazio prozesu orokorraren baitan gazteok ez baikara kasu isolatu bat: gutxieneko pentsioa bermatuta ez daukaten nagusiak, soldata arrakala eta zaintza lanen aitortza eza lehen pertsonan pairatzen dugun emakumeak*, kalitatezkoa ez den eta sumisiora lotzen gaituzten hezkuntza sistemen menpeko ikasleak… bakoitzak modu espezifikoan bizi arren, guztiak prekarizazio prozesu beraren ertzak dira.
Kausalitateak ez diren ertzei buruz hitz egiten ari gara. Aipatutakoak ez direlako sistemaren porrot edo desdoitzak, edo gutako bakoitzak bizitzan aurrera egiteko ditugun gaitasun edo gogo ezen ondorio; hauek sistemaren egiturazko prozesu baten ondorio dira, gure bizitzak prekarizatzen dituztenak kapitalismoak iraun dezan. Unibertsitateko gradu bat eta bi master ikasi, lau hizkuntza menperatu eta ekintzaile izanez bizitza duinak izango ditugunaren iruzurra ez dugu irensten. Ez dugu sinisten errealitate gordina behin eta berriro azalaratzen zaigulako: enplegua izanda ere, gazte asko pobrezia mugaren azpitik bizi gara; emantzipatzeko bataz besteko adina 30 urtekoa da nahiz eta gehienok dexente lehenago nahiko genukeen (24 urterekin, ikerketen arabera), eta gure diru-sarreren %60tik nabarmen gora bideratu behar izaten dugu etxebizitza ordaintzera, esaterako.
Datu horien inguruan agian ez horrenbeste, baina krisiaz asko hitz egin da 2007az geroztik, krisi berri batez hitz egiten hasiak gara jada. Baina etorri zen eta datorren mamua bezala saltzen diguten hori ez da sekula desagertu: sistema kapitalistak bizirik dirauen heinean gure bizitzak itotzen jarraitzen du, arnasa kentzen eta estutzen jarraitzen du, hil arte batzuetan. 2019. urtean gutxienez 41 langilek galdu dute bizitza beraien lanpostuetan. Aski da!
Gobernu progresista ahotan darabilten horien partetik ere, prekarietateari aurre egiteko proposamen argirik ez dago. PSOE eta Podemosek sinaturiko aurreakordioan hitz politen artean Troikak ezarritako defizit fiskala betetzeko konpromisoa agertzen da, ez aldiz Raxoiren zein Zapateroren lan erreformak atzera botatzeko konpromisorik. Herritarron interesak bermatu beharrean, poltronak berotzeko negoziazio baten aurrean gaudela ematen du, eta ez daude honetatik kanpo EAEko zein Nafarroako aurrekontuen negoziaketak ere. Kezkaz ikusten dugu Elkarrekin Podemosek Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreformarako PNV eta PSEren proposamena atzera botatzeari uko egin izana. Ez dugu onartuko prekarizazio prozesuari aurre egiteko norabidean ez datorren proposamenik, ez dugu onartuko neurri sozialen bilgarria jartzen zaien opariekin iruzur egiterik.
Elite ekonomikoek interes pribatuak defendatzeko politikak sartzen dituzte kutxa batean. PNV eta PSOEk paperezko bilgarri polita jartzen diote aipatutako kutxari. Azkenik, politika neoliberalen bultzatzaile diren alderiek eta gobernatzen dituzten instituzioek begiztaz itxi eta oparia Teleberrian iragartzen digute. Benetan uste dute kiratsa darion tamainako oparia onartzeko prest gaudela gazteok? Emantzipazioa sustatzeko 20€ko diru-laguntzak, pribatizazio eta estatalizazioa, 1.000€tik gorako matrikulazio eta unibertsitate tasa itogarriak, kontratazioetan zein RGIan iruzurrak, Eurocopan bolondres bezala edo Glovon autonomo faltsu bezala lan egiteko eskaintzak, pobreziaren mugaz azpiko soldatak, joko-aretoak edozein kale kantoitan, patronalen eta ETTen inpunitatea,.. Inozoak garela uste duzue?
Gaur, hemen, haien eskaintza errefusatzen dugu. Ideal bezala saldu diguten bizi proiektuari bizkarra ematen diogu. Oparitu nahi diguten guztia gezur borobila dela azpimarratzera etorri gara. Gazteok ez dugu promes eta ilusio faltsurik nahi, Euskal Herrian modu duinean ikasi, lan eta bizitzeko bermeak nahi ditugu. Bizitzaren sustengua erdigunean jarriko duen eredu politiko, sozial eta ekonomikoa defendatu eta bultzatzen dugu. Hala, kapitalismo heteropatriarkarrak ebazten duen lanaren antolaketa soziala eta honen parte hartze eredu sozial eta politikoa iraultzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Klaseen eta sexu-genero sistemaren araberako banaketa gainditzen duen gizarte antolamendu baten beharraz ari gara. Gure bizitzen gaineko erabakiak hartzeko gaitasun formala eta materiala eskuratzeaz ari gara eta erabaki horietan identitate eta gorputz guztiak aitortuko dituen parte hartzeko eta bizitzeko eredu aktibo eta protagoniko bat bultzatzeaz. Euskal Herri Sozialista eta Feministatren eraikuntza prozesuaz ari gara. Bide honetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mahaigaineratutako aldarriak gure egiten ditugu eta gazteoi begirako planteamendu eta exijentziak sustatu. Batzuk aipatzeagatik, gure bizitzak zein lurraldea inplikatzen dituen neurri guztien inguruan erabaki ahal izatea, 1.200€ko gutxieneko soldata, etxebizitza eta emantzipazioa pribilejio bat izatea baino eskubide bihurtzea, ikas baldintza duinak bermatu eta zerbitzuen publifikazio erreala. Aldarrikapen hauek prekarietatearen inposizioari aurre egiteko indarrak batzeko oinarri komuna izan daitezkeela deritzogu.
Ez gaude bakarrik eta ez dago errezeta magikorik. Gazteok ikusi dugu nola milaka eta milaka pentsiodunek kaleak hartu dituzten azken urteotan. Lehenagotik ere beraien lan eta bizi eskubideen defentsan borrokatzen ziren berdinak dira. Ohartu gara feminismoa den balore eta praktika iraultzailea euskal gizartean eragiten ari den aldaketaz. Belaunaldi berrien indar eta kontzientziak norabide berdinean kokatzen dira. Finean, herri antolatu batek bultzatu dezakeenaz jabetu gara. Oinordetzan jaso ditugun lorpen sozial guztien irakaspen historikoa aldarrikatzen dugu: borroka dela bide bakarra. Azken aste eta hilabeteetan baieztapenari zilegitasuna ematen dioten adibideak aurkitzen ditugu: Bizkaiko metalgintzako langileen greba eta mobilizazioen osteko aurre-hitzarmena, Gasteizko Judimendi auzoko joko-aretoaren aurkako borroka eta ondoriozko itxiera, Eraginek telebista publikotik apustu etxeen inguruko publizitatea erretiratzearen lorpena edo Oreretakoa bezalako etxebizitza komunitarioen sorrera. Ernaiko gazteok hauetan guztietan izan gara, pairatzen dugun problematika gainditu eta gure aldarrikapenak muturreraino eramateko sinergia eta harremanetan sakontzeko beharraz jabetuta. Martxan dagoen mobilizazio ziklo eraldatzailearen parte gara. Gazteona beherapenik gabeko borroka da!
Urtarrilaren 30eko Greba Orokorra aukera bat da indarrak batzeko eta Herri bezala bizitza duinen alde kokatzeko. Batera ekitea eta Herri bezala ahalduntzea da aurrera egiteko bide bakarra. Greba Orokor honek euskal langile eta herri sektoreen indarrak biderkatzeko balio behar du lan, pentsio eta bizi duinen alde. Guzti honengatik, Ernaik, Euskal Herriko gehiengo sozial eta sindikalarekin batera, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean parte hartzera deitzen du euskal gazteria. Erronka bezala heltzen diogu herriz herri eta auzoz auzo antolatzeko beharrari. Gazte zein Herri Mugimenduko ehunka eragilerekin sinergiak sortu eta burujabetza eskuratzeko urrats kualitatiboak emateko konpromisoa hartzen dugu. Garaipen bakoitzaren atzean borroka nekaezina aurkitzen da, mugimendu antolatu bat. Euskal Herri Sozialista eta Feministara bidean, urrats bat gehiago ematera goaz eta gordina den egoerari irmotasunez erantzutera. Batera ekingo diogu, oparitu nahi digutena gezur hutsa dela ohartu ginelako aspaldi. Euskal Herrian Bizitzeko borrokan egingo dugu bat!