Ez da kirol hutsa, ‘La Vuelta’ kanpora!

Irailaren 12an Euskal Herrian

Kontrakoa sinetsarazi nahi diguten arren, “La Vuelta a España” ez da kirol hutsa. Aurten, berriro ere, Euskal Herritik igaroko da espainiar erregimen autoritario eta faxistaren izena eta izana daraman txirrindularitza lasterketa.

Pedalkada, gurpil eta txirrindularien gainetik, ederki diseinaturiko zapalkuntza baten aurrean aurkitzen gara. Erortzear dagoen Estatuaren mugak markatu eta beraien gurpil zoroan galdurik nahi gaituzte.

Euskal Herrian ospe handia dauka txirrindularitzak eta milaka dira kirol honen bueltan batzen diren herritarrak. “La Vuelta a España”, baina, ez da kirol hutsa. Honen atzean espainiar estatuaren batasun zatiezinaren esentzia ezkutatzen da, marka espainiarraren aurpegi garbiketa.

Marka honen atzean daude, besteak beste, Katalunian inposatutako 155. artikulua, pentsionisten miseria, euskal preso eta iheslarien aurkako mendeku politika, La Manada kalean mantentzen duen justizia patriarkala edota gazteon bizitzak zeharkatzen dituen prekarietate gordina. Hauek eta beste hamaika ezkutatzen ditu lasterketak, horrexegatik ez da kirol hutsa. Estatu aparatu eta egitura oso baten aurpegi polita da “La Vuelta a España”.

Euskal gazteriak, ordea, aspaldi kendu zion mozorro-maiota 78ko erregimenari. Irailaren 12an, Bizkaiko herri ezberdinetatik igarotzen da “La Vuelta a España” eta zapalkuntzak kirol forma hartzen duen honetan, aldarri ozenarekin erantzungo diogu: Ez da kirol hutsa, La Vuelta KANPORA!