Euskararen herria eraikitzeko, gu geu gara pieza

#BEHINGOZ, urriak 27 gazteok Iruñera!

Beñat Jusue Rosano – Ernai Tutera

 

Egunero goaz aurrera eta egunero kentzen diogu zonifikazioak sortutako harresi ikusezinari harriren bat edo beste. Erriberako herritarrok egunero bizi dugun errealitateak badu bere «berezitasuna», euskarari buruz ari bagara. Gogoz hasten gara lanean euskararen alde, eta gogotsu jarraitzen dugu, helburua buruan, nahi ez gaituztenak nonahi daude, baina badakigu berdintasunaren bidean ari garela, ez beste ezeren alde. Besterik ez dugu aldarri. Berdintasuna, gure ondoko atarikoek gure lagunek dituzten aukera berak izateko, bazterkeriarik gabe.

Erriberan aurrerapausoak ematen ari gara egunero eta balioa eman behar diegu euskararen aldeko egitasmo guztiei. Irakurle Taldea, AEK, Ikastola, Txosnak, Euskararen eguna, lan harremanetan saiakerak, Euskararen festak, elkarte euskaltzaleak, Errigora, Euskaraldia… Komunitate euskalduna piztuta dabil, ilusioa eta lanerako grina badago eta horien parean, beharra. Premiazkoa da gure lana eta gure eskubideak egunero itotzen eta zapaltzen dituzten neurriak deuseztatzea. Erriberak lege aldaketak behar ditu eta Aldaketak Erribera behar du. Guztiok dugu lan handia egiteko.

Erregimenak aspaldi sortu zituen lehenengo, bigarren eta hirugarren mailako herritarrak. Neurri honen arteko emaitza nabarmenena, herrien arteko distantziak are gehiago handitu dituena. Nork erabaki zuen zein eremutakoa izan behar zuen herri batek edo beste batek? Herrien artean zenbat arrakala sortu ditu zonifikazioak? Nola onar dezakegu apenas kilometro batzuetako tartean eskubide galera hau? Zonifikazioa da erregimenaren garaipenetako bat, bazterkeriaren nafar ikurra: Azkoien, Irunberri, Aldatz, Arbizu, Lodosa, Baztan, Antsoain, Erriberri, Murchante, Tutera, Esa, Martzilla, Erronkari, Iruñea, Deikaztelu, Irurtzun eta Leitza banatzen dituen neurri injustua.

UPNk, PSNk eta PPk ahal duten aldiro ateratzen dute euskararen mamua eta euskararekiko fobia lau haizeetara, beharrezko kolaboratzailea den Diario de Navarra-rekin batera. Baina gure eskubideekin ez da jolasten. Ez gaude prest eskubide urraketa hau sufritzen jarraitzeko. Nahikoa eragin izan du dagoeneko gure bizitzetan eta egunerokoan.

Ezin dugu ahaztu, halaber, gure hizkuntza-eskubideak askoz urrunago doazela, eta legezko aldaketez harago, eremu eta arlo desberdinetan premiak daudela: unibertsitatean eta Lanbide Heziketan euskaraz ikasteko eskubidea, administrazioaren euskalduntzea, euskara ikasteko laguntzak… Guk geuk euskaraz bizitzeko eguneroko konpromisoak hartu ditugu; Euskaraldia bezalako ekimenak uholdea izanen dira Euskal Herria osoan. Horrekin batera, instituzioek gure hizkuntza-eskubideak bermatzera jo behar dute. Ez dezagun ahaztu Nafarroan milaka direla hogeita hamar urte luze hauetan euskaraz ikasteko aukera izan ez duten gazte eta herritarrak.

Justizia kontua da. Nafarroan euskararen lege berri bat behar dugu; ezin dugu gehiago itxaron. Azken hilabete eta urteetan aurrerapauso batzuk eman dira. Hala ere, bide handia dago aldaketa hauetan sakontzeko. Baina, horretarako, ezinbestekoa da euskaldunok gure eskubideak aitortuta ikustea. Bigarren eta hirugarren mailako izateari uzteko, beharrezkoa da ofizialtasuna martxan jartzea eta zonifikazioa amaitzea.

Euskaraz bizi nahi dugulako eta euskaraz bizitzera goazelako, guk hartua dugu konpromisoa: urriaren 27an, Iruñeko kaleak hartuko ditugu. Euskara ofiziala Nafarroa osoan, behingoz!