Euskal Herrian bizitzeko, erabaki

Milaka izan ginen 2014ko ekainaren 8an Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko giza-kate erraldoian parte hartu genuen herritarrak. Lau urte igaro dira zita hartatik eta igande honetan, ekainak 10, berriro egitera goaz.
Espainiar erregimena 155ak inposatutako batasun konstituzionalari eutsi beharrean aurkitzen da. Honen osaketa eta egituraketa inoiz baino baldintzatuago ikusten dugu, herrion burujabetza nahi eta beharra agerian geratzen ari den bitartean. 155a geratzeko etorri da eta guri dagokigu honekin haustea.
Inoiz baino beharrezkoagoa da elkartu eta etorkizun duina irabazteko urratsak ematea. Euskal Herrian BIZI nahi dugun gazteok, guztiaren inguruan erabakitzeko beharra daukagu. Prekarietate gordinera kondenatzen gaituen sistema kapitalista eta patriarkala ezin daitekeelako ulertu espainiar eta frantziar estatu ustelen inposaketarik gabe.
Independentzia, sozialismoa eta feminismoaren aldeko borrokan urrats bat gehiago emango dugu igande honetan eta dei egiten diogu euskal gazteriari Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katean parte hartzera.
Ekainaren 10ean gazteok zita bat daukagu Euskal Herriaren etorkizunarekin.
Euskal Herrian bizitzeko, erabaki!