EUSKAL GAZTERIA AURRERA!

Lehenik eta behin, gure elkarkasun guztia eta besarkadarik beroena Aitor eta Galderrentzat. Argi diogu ez dugula onartzen eipaketa bera. Aitor eta Galder Euskal Herrian aske nahi eta behar ditugu.
Espainiar estatuak berriro ere, bere makinaria errepresibo guztia martxan jarri du, bere izaera inposatzaile eta autoritarioa erakutsiz. Justizia deitzen dioten legedi faxistaren bidez epaituko dituzte Aitor eta Galder; herri honen askatasun grina zapuzteko sortu zuten salbuespen legediaz eta espainiar proiektu atzerakoiaren interesen arabera agintzen duen Audientzia Nazionalean. Argi daukagu Espainian ez dagoela demokraziarik, eta are gutxiago justizia oinarrian daukan estatua. Hori dela eta, gazteok ez dugu onartzen injustizian oinarritutako epaiketa hau, gazteria zigortzea eta beldurtzea baitu helburu. Eta ozen diogu, ez dugula absoluzioa ez den beste epairik onartuko.
Herri honetako gazteok ondo eta gertutik ezagutzen dugu espainiar estatuaren aparatu errepresiboa. Ondo dakigu zein den espainiar proiektuaren zein bere oinarriak astintzeko borrokatzen duten herri eta militanteen kontra aktibatzen duten makinaria errepresiboa: epaiketak eta prozesu judizialak, indar polizialen jazarpena, mehatxu eta bortizkeria, isun ekonomikoak, manipulazio mediatikoa… Gertutik ezagutzen dugu, belaunaldiz belaunaldi, herri honen askatasunaren alde borrokatzeagatik jo puntuan egon baita euskal gazteria. Izan ere, jakin badakite borrokarako motorea gazteok garela, eta gu geldiarazteko erabiltzen duten errezeta gazteon aurkako kriminalizazioa, errepresioa eta jazarpena da. Gure borrokarako grina eta konpromisoa zapaltzeko asko dira baliatzen dituzten azpijoko eta erasoak. Haien tresneria guztia behin eta berriz erabili arren, ez dute lortuko gazteon konbentzimendutik eta borrokarako egin dugun haututik deslotzea.
Horretaz gain, gogor salatu nahi dugu gatazka politiko armatua betikotzeko espainiar estatuaren etengabeko saiakera. Gatazkaren konponbidea blokeatzen dute, euskal herritarrok gure herriaren etorkizuna libreki erabaki dezagun galarazi nahian. Argi esan nahi dugu ez dela espetxeak betetzen jarraitzeko garaia, espetxeak hustekoak baizik.
Azkenik, belaunaldiz belaunaldi, hainbat eta hainbat gaztek, Aitor eta Galderrek barne, beste Euskal Herri bat eraikitzeko egindako ekarpena goraipatu eta gogora ekarri nahiko genuke. Haria eten ez dadin, gure konpromisoa adierazten dugu. Jakin badakigu borroka honek piztuta dirauen bitartean, errepresioa eta jazarpena existituko direla. Baina gazte belaunaldi honek ere, injuntizia guztien gainetik, Euskal Herri feminista, sozialista eta euskalduna lortzeko borrokatzeko hautua hartuta dauka.
Errepresio kasu honek, borrokan jarraitzeko arrazoi bat gehiago bestetik ez digu ematen. Argi geratzen baita, ezer aldatzeko prest ez dagoen erregimen autoritarioaren aurrrean aukera bakarra dugula: independentzia. Hori dela eta, gazteon elkartasun onena zigortzen duten borroka berarekin jarraitzea izango da. Ez dute lortuko gu gelditzerik.