Espainiar faxismoarekin hautsi, Euskal Herriak independentzia, sozialismoa eta feminismoa!

Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako askapen prozesuen azken urteetako garapenak trantsizio frankistan ebatzitako estatu ereduaren zimenduak hankaz gora jarri dituzte. Bere burua berregituratzen ari da Espainiar erregimena, iraganean egin bezala, esentzian bere izaeran mantendu ahal izateko. Erregimenaren berregituraketaren nondik norakoak zehaztu asmoz indar faktikoen arteko barne lehia bat antzematen dugu. Koroaren inguruan aireratutako kalapitak, ejerzito buruen adierazpen frankistak eta Alderdi Popularraren barne lehia besteak beste.
Edozein aldaketa instituzionalen aurrean ordea, espainiar proiektuak aldez aurretik zehaztuta ditu mugak. Espainiar proiektuaren muinean espainiar batasun zatikaezina kokatzen da, menpean dituen herrien ukapena. Eredu honek, espainiar nazio identitate hegemonikoa sustengatzen du nagusiki. Europan zehar faxismoaren gorakada nabarmena ematen ari delarik, Espainiako erresuman españolismo frankista lehenengo lerrora igaro da. Espainiar erregimenean nazio askapen borrokak jo puntuan jarri ditu españolismoak.
Espainiar Estatuak edozein herri erresistentzia erabat mugatu nahi du, eta azken urteetako legedi errepresiboaren berritzearekin batera espainiar erresumak indar faktikoak ukiezinak direla argi adierazi du. Hala nola, espainiar ejerzitoaren adierazpen frankisten inpunitatea, indar okupatzaileen aldeko defentsa irmoa eta Altsasuko gazteen aurkako muntaia, botere judizialaren korporatibismo eta arbitrarietatea…
Egoera honek Euskal Herria ataka larrian mantzematera garamatza. Edozein delarik darabilen aurpegia, españolismoak Euskal Herria jo puntuan duelako. Ultraeskuinaren zirko mediatikoak Euskal Herria joko zelai erabiliko du. Euskal Herriaren etsaiek gatazka betikotu nahi dute inposizioaren, ukazioaren eta zapalkuntzaren konstate historikoei eutsiz.
Franco hil osteko erreforma politikoak mendeetako kultura politikoari heldu zion. Euskal Herria zatikatu, nazio gisa aitortu ez, autodeterminazio eskubidea ukatu eta Espainiak bultzatuko zuen eredu neoliberalaren inposizioa izan da 78ko erregimenak Euskal Herriari eskaini diona. Gatazkaren luzapena, errepresioa eta sufrimendua.
Justizia sozialaren eta askatasun indibidual eta kolektiboen alde borroka egiten dugunontzat espainiar inposizioarekin haustea ezinbesteko urratsa da erroko ariketa demokratizatzailea eman ahal izateko. Inposizioak eragindako gatazka politikoa ezingo da gainditu Euskal Herriari burujabe izateko erabakitze eskubidea errekonozitu ezean.
Espainiar batasuna auzitan jartzea inposizioan oinarritzen den dominazio sistema osoa zalantzan jartzea da. Hitz ponpoxoen zein anbiguetatearen gainetik, independentziaren aldeko egitasmoa da autodeterminazio eskubidearen alde egiten duen egiazko egitasmo bakarra. Autodeterminazio eskubiderik gabe, eta are nazio burujabetzarik gabe, Euskal Herriari ezinezkoa zaio emantzipazio sozialaren alde eta bestelako jendarte eredu baten alde urrats erabakigarriak ematea. Ate guztiak irekitzen dituen giltza da independentzia.
Hispanitatearen eta indar okupatzaileen oldarraldirako eguna da urriaren 12a españolentzat. Euskal Gazteriarentzat inposizioari aurre egiteko beste egun bat da. Prozesu independentista baten alde egiteko eguna da. Hautsi dezagun beraz espainiar faxismoarekin eta borrokatu gaitezen Euskal Herri aske, sozialista eta feministaren alde.
Gora euskal gazteria!
Gora Euskal Herri aske, sozialista eta feminista!