Ernairen babesa 11/13 makroepaiketako auzipetuei

Epaiketa eta honen aurrekari zein ondorio guztien aurrean antolatu eta dinamikaren parte aktibo izateko konpromisoa helarazi diegu

Irailaren 16an abiatuko da Madrilgo Audientzia Nazionalean 47 euskal herritarren aurkako makroepaiketa. 2012. urtetik aurrera, euskal preso politikoen eta hauen senideen eskubideen defentsan aritzeagatik salatu, atxilotu eta auzipetu zituzten kideen aurkakoa.

Duela aste batzuk martxan jarri zen nazio mailan 47ak Herrian dinamika. Zentzugabekeria judiziala sozializatu eta salatzeko helburuarekin herri dinamikak piztu(ko) dira Euskal Herriko hamaika txokotan. Honekin, 600 urtera arteko espetxe zigor eskaerari aurre egin eta epaiketa fartsa salatzea da helburua. Gainera, mobilizazio esanguratsu bat antolatzen ari da irailaren 14rako Bilbon.

Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikal ugarirekin harreman bira egiten ari dira auziperatuak. Haiekin biltzeko aukera izan dugu gaur eta gure babes eta elkartasuna adieraztearekin batera, epaiketa eta honen aurrekari zein ondorio guztien aurrean antolatu eta dinamikaren parte aktibo izateko konpromisoa helarazi diegu. Zuekin gaude!

Makroepaiketaren inguruko informazio guztia eta herrietan dinamikak antolatzeko baliabideak: 11-13makroepaiketa.eus