Ehunka gazte Lasarten erraustegiaren aurka

Paro arrakastatsuak ikastetxeetan eta manifestazio jendetsua

Gaur hasi da Erraustegien Foroa Bilbon, gaur hasi eta bihar arte luzatuko den elkargunea izango dena. Elite politiko eta ekonomikoak eta euren mesedetara lanean dabiltzan gorbatadunak elkartuko dituena. Honako foroa, beste hainbat lekutan geldiarazitako proiektuen zergatiari entzungor eginez burutuko dute, besteak beste, duela bi hilabete Belfasten gelditutakoa.

Erraustegia egungo sistema kapitalista heteropatriarkalaren ikonoa da, gutxi batzuen etekin ekonomikoa jartzen baitu gu guztion bizitzen gainetik. Haien engranajearen beste pieza bat gehiago da erraustegia. Izan ere, bulego ilunetan itxitako eta jatetxe garestietan ospatutako tratu milionarioak izan dira haien boterearen berme eta xede nagusia. Argi dago erraustegiak ez diola herriaren interesei erantzungo, gutxi batzuen poltsikoen mesedeei baizik. Berriro ere poltsikoak diru ustelez beteko dituzte erraustegia beharrezkoa dela diotenek. Proiektu txikitzaile hauek babesten dituztenek ongi dakite gizartearen kalterako proiektuak direla. Herritarrak itotzekoa da haien intentzioa, kasu honetan itoko gaituen aire kutsatzailearen bidez, eta maskarilak banatuko dizkigute isilik egon gaitezen.

Argi dago, EAJ-k PSE-ren laguntzarekin zabaldu nahi duen eredua dela honakoa, Gipuzkoan zein Euskal Herri osoan, konstruktora eta lagunekin hitzarmenak egin eta poltsikoak diruz betetzea ahalbidetuko diena. Herritarron hitzari entzungor egin eta gu guztiok heriotzera kondenatuko gaituen proiektua, hilkortasun tasa %13 eta minbizia kasuak %3,5 igoaz inguruko eremuetan.

Herriaren hitza alde batera utzi eta haien interes pribatuen aldeko apustua egin du beste behin ere EAJ-ak. Hau baita beraien ustez herriaren alde lan egitea. Baina argi geratu da Gipuzkoako herritarrok ez dugula proiektu txikitzaile honen aldeko apusturik egiten, ikusi besterik ez daude lehengo urtean burututako manifestazio jendetsuak eta Zubieta inguruan dauden herritarrek behin eta berriz antolatutako ekimen arrakastatsuak.

Aste honetan bertan antolatutako ekimen ugariek beraiek urduritzea eragin duela argi geratu zaigu. Antolatutako mobilizazio guztien aurrean erantzun bat eman beharrean, beraien komunikabideak martxan jarri dituzte proiektu txikitzaile hau zuritzen saiatuz eta 9 hilabeteren buruan eraikitze lanak bukatuko dituztela argitaratuz. Halako makro-proiektua horren denbora gutxian eraikia izan dela jakiteak, langileen lan baldintza prekarioak ikustarazten ditu. Gau eta egun egon baitira lanean, ahalik eta denbora gutxienean lanak bukatuta egon zitezen, EAJ eta bere aliatuen mesedetan.

Gazteok ere prekaritatea zer den ondotxo dakigu, gure bizitzak zeharkatzen baititu egunerokoan. Bizi baino, irautera kondenatzen gaituzte. Gutxi batzuk aberastu daitezen produktu hutsak bilakatzen gaituzte, eskulan merke gisa erabiltzen gaituztelarik. Egoera hau salatzeko, urriaren 11, 12 eta 13an Euskal Herriko hiriburuetan zehar ibiliko da Gazte Bira, beraz hemendik gure gonbidapena zuek guztiak bertan parte hartzera animatu zaitezten!

Argi dugu beste bizimodu baten aldeko apustua egin behar dugula, beraz, alferrikako azpiegitura kutsakor eta garestiak eraikitzeari utzi eta gure bizitzak kutsatu nahi dituztenen aurrean gu guztion bizitzak erdigunean jartzera goaz. Gazteok argi dugu, herriaren aurkako iruzurrik ez dugu onartuko. Merkatua eta interes pribatuak lehenesten dituen ereduaren aurrean, bizitzaren aldeko apustua egiten dugu. Euskal Herrian BIZI nahi dugulako, maskarilak kendu eta erraustegia geldituko dugu; zuen inperioa hankaz gora jartzeko lehen pieza botako dugu. Gurekin jai duzue!

Utzi bizitzak kutsatzeari! Erraustegia gelditzera goaz!

Gazteon oraina borrokan da!