Duintasunaren borrokak ez du etenik

Martxoak 3, Gasteizko sarraskiaren urteurrena

1970ko hamarkada desegonkotasunak eta krisiak ezaugarritu zuen. Edozein txokotan ezinegona nabarmena zen eta nola ez, Euskal Herrian ere bai. Gogoan dugu 1976. urte hura non greba eta mobilizazio giroak kaleaketa lantokiak hartu zituen. Eta nola ahaztu martxoaren 3an Erregimenaren poliziak, helburu argi bati jarraiki, Romualdo Barroso, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda erail zituen.

Ordutik ia 50 urte pasa diren arren, egungo egoera ez da egoera hartatik gehiegi urruntzen. Pandemiaren eraginez sistemaren baitako krisi eta arrakalak areagotu egin dira egonkortasun eza hedatuz. Besteak beste,krisi ekonomiko-politikoak, zaintza krisiak, krisi ekologikoak eta migrazio krisiak zehazkatzen gaituzte egun. Eta bitartean, elite ekonomikoek jendarteko sektore zaurgarrienen bizitzak prekarizatuz aberasten jarraitzen dute, langileriaren miseriaz haien negozioa eraikiz. Horren adibide dira etorkizun eta espektatiba ezaren zamasoinean daramagun gazteon egoeraren okertze nabarmena, prekaritatea betikotzen duen patrolanaren neurrira egindako lan erreforma, herritarron mesedetara egon beharko litzatekeen sistema publikoa indartu ordez baliabide publikoen desmantelamendu basatia edota urtea hasi denetik prekarizazioaren ondorioz hil diren 9 langileak.

Sistema heteropatriarkal neoliberalaren oldarraldia bete-betean bizitzen ari garen honetan, Euskal Herrian errotiko aldaketak bultzatzea ezinbestekoa da. Onartezina da besoak gurutzaturik geratzea. Kaleak aldarrikapenez betetzen jarraitzeko unea da, antolakuntza bazter guztietara hedatzeko unea. 1976anerakutsitako irmotasun berarekin erakusten dizkiogu hortzak eskubideen murrizketei zein kaleratzeei. Kaleak egunez-egun betez erresidentzietako langileek egiten duten gisara, egoera honen aurrean ezetz esan etazutitzen diren osasungintzako langileek bezala eta egoerari aurre egiten ari den oro bezala: sektore publikoko langileak, metalgintzakoak, pentsionistak… Izan ere, jakin badakigu borrokak merezi duela.

Borroka hauek eredugarriak dira eta izango dira; nahiz eta ezabatu eta ahazteko Espainiar Estatuaren ahaleginak sutsuak izan. Baina memoria duen herria gara, memoria duen gazteria eta guri dagokigu borroka hauen lekukoa hartzea ez ezik, hauen aitortza egitea. Memoria baita borrokarako tresna. Iraultzaren grinari helduz, Euskal Herria ardatz, sozialismoaren eta feminismoaren bidea egingo dugu.

Bizitza duinen aldeko borrokan lerratzen gara, gazteok dugu borrokarako giltza, batasunez eta elkarlanean arituz. Gazteon bizitzek balio duten aldarrikapenari eutsi eta kaleak hartzeko garaia da. Duela 46 urte egin zuten bezala, segi dezagun antolakuntzaz, duintasunera bidea eraikiz!

Duintasunaren borrokak ez du etenik!