Desalojorik ez! Maravillas herriarentzat!

Ernaiko kideok Iruñeko Alde Zaharreko Maravillas gaztetxearen desalojoa eta berau egiteko erabilitako bortizkeria salatu nahi ditugu, proiektuari eta zaurituei elkartasuna adieraztearekin batera.
Azken urteetan Nafarroan hamaika egitasmo eta tresna garatu ditu gazte mugimenduak. Erregimenari aurre egin eta poltronatik kanporatu ostean, proiektu alternatiboen bidez, kontraboterearen eraikuntzan aritu gara gazte mugimenduok. Autoantolakuntza eta autogestioa oinarri, hainbat gaztetxe eta espazio autogestionatu jaio dira gurean, Maravillas gaztetxea kasu.
Hamaika garaipen txiki gisa ulertzen ditugu proiektuok. Gaztetxe eta bestelako espazio autogestionatuak sistema kapitalista heteropatriarkal espainiarrak eragindako zapalkuntzei aurre egiteko ezinbestekoak dira gazteontzat, espazio askeak eta sortzaileak. Gure etxeak.
Alde Zaharrean horrelako proiektu bat izateak auzoarentzako arnasgune bat eskaintzen du; autogestioan oinarritutako proiektu baten beharra agerikoa da, eta Maravillaseen desalojoa irmoki salatzen dugu. Bide batez, indar errepresiboen papera salatu nahi dugu. Beste behin auzoa gerra egitera etorritako poliziaz beteta esnatu da, eta hala jarraitzen du oraindik ere. Zauritu gaituzue, baina ezin dizkiguzue ametsak lapurtu!
Herritik herriarentzat, auzotik auzoarentzat, gazteongandik eta gazteontzat, itotzen gaituen sistemari arrakala berriak eragin eta gazteon elkartrukerako botereguneak sortzen jarraituko dugu. Auzoak eraldatu, gazteak boteretu, indar politikoa metatu eta Nafarroaren burujabetza prozesuaren mesedetan artikulatzeko ezinbesteko tresnak dira.
Auzo bat, gaztetxe bat! Alde zaharrak gaztetxea behar du! Autogestioaz eta autoantolakuntzaz gazte boterea eraiki! Nafarroa burujabearen bidean, Gaztetxeak aurrera! Maravillas aurrera!