Desalojoaren aurka, Maravillas herriarentzat!

Gaur goizaldean Geroa Baik Iruñeko Maravillas gaztetxea hutsarazi du. Geroa Baik Alde Zaharreko auzokide eta gazteok eraikitakoaren kontra egin du gaurkoan. Autogestioan oinarritutako proiektu eraldatzaile baten kontra. Hutsik eta hilda zegoen eraikin bati bizitza eman dio Maravillasek azken hamaika hilabetetan. Zer bilatu da desalojo honekin?
Ez gara zuek bezain handiak, baina txiki asko elkartuta herri honetan gauza handiak egiten ikasi dugu. Badakigu marabillak eraikitzen. Bat hustuta ez dituzue gaztetxeak geldituko, beste hamaika gune autogestionatu jaioko dira. Gure bihotza eta borrokarako ilusioa zuen gainetik pasa ziren aspaldi.
Gaurkoan kargak eta porrak izan dira zuen hizkuntza bakarra, gure ametsak errealitate egin nahi izateagatik jo gaituzue. Jabetza kolektiboa defendatzeagatik jo gaituzue. Poliziaren papera salatu eta erantzukizun politikoak argitzeko eskatzen dugu. Zauritu gaituzue, baina ez diguzue aurrera egiteko indarrik kendu. Gaur, datorren larunbatean eta behar den guztietan mobilizatzen jarraituko dugu.
Gure ametsen hiltzaileei, auzoa okupatu diguzuenei: ez gaituzue geldituko.
Gazte boterea eta gaztetxeak eraikitzen jarraituko dugu.
Maravillas herriarentzat!