DENA DUGU IRABAZTEKO. GORA LANGILEON BORROKA

Maiatzak 1, Langileon Nazioarteko Eguna

1, 2, 3, 4… 16. 196 gazte langabe Hego Euskal Herrian. Denbora daramagu esaten: langileriak oro har eta gazteria modu espezifiko batean prekarizazio prozesu basati bat jasaten ari gara. COVID19-aren osasun krisiak egoera okertu besterik ez du egin, hartu diren neurriak kapitalaren logikan sakondu eta lehendik zetorren krisia azkartu egin du. Gure eskubideetan eta bizi baldintzetan atzera urratsak ematen denbora zeramaten arren, orain kolpeak agerikoagoak dira: PCBko langileak, TUBACEX, Aernova, unibertsitateetako garbitzaileak… eta azken hilabeteetan modu ikusezinago batean kaleratu dituzten ehundaka eta ehundaka langile eta gazte.

Gazteria sektore kolpatuenetako bat izan dela ukaezina da. Eta izaten jarraituko du, norabidea aldarazten ez baldin badugu behintzat. Bidegurutze honetan, oso argi geratzen ari da nor dagoen alde bakoitzean: nork egin duen eta egiten duen kapitalaren alde eta nork bizitzen alde. Guk, herri burujabetzan sakondu eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako bidean bultza egin behar dugu.

Dagokiguna berreskuratu eta borrokatu eta sektore kaltetuenak babesteko neurriak hartu eta har daitezela exijitzea tokatzen da. Gure gaitasunak borroka kolektiboen mesedetan jartzeko momentua da, pertsona askoren bizi baldintzak daudelako jokoan. Gure indarrak elkartuz eta umiltasunez, Euskal Herriko gainontzeko indar sozial eta sindikalarekin batera aritzeko, eredu aldaketarantz. Bizi dugun momentuari erantzutea dagokigu gazte langileoi, eta hori kaleetan, plazak hartzen, mobilizatzen, gazte mugimenduetan urratsak planteatzen eta apustu ausartak egiten lortzen da.

Arrazoiak eta aldarriak soberan ditugu. Badakigu inork ez diola bere pribilegioei uko egiten, are gutxiago boterea eta aberastasuna metatzeko aukera dakarrenean. “Hauxe da dagoena” inposatu nahi dute, borroka kolektiboak ito, autoritarismoaren bidez blokeatu edota bortizkeriaren bidez erreprimitu.

Baina guk, oinordetzan jaso ditugun lorpen sozial guztien irakaspen historikoa aldarrikatzen dugu: borroka dela bide bakarra. Langile antolakuntzan bere onena eman dutenei omenez, Independentzia, sozialismoa eta feminismoa ipar, Euskal Herri langilearen antolakuntzan gure kemen eta grin osoarekin jardutea dagokigu ere gazte belaunaldi borrokalarioi.

Langileon aurkako kolpeak handiak dira, baina erantzuna handiagoa izango da. Jasotako kolpe bakoitzeko milaka bulkada izango garelako. Prekarietatearen aurkako mobilizazio izugarriak pizten, erreferentzia eta ilusio berriak pizten ari dira langile mugimenduan… Borroka aro berri baterako prestatzen ari gara finean, eta gazteok lehen lerroan egon behar dugu! Dagokiguna eskuan hartzera goazelako!

 

Dena dugu irabazteko!

Gora langileon borroka!

Independentzia · Sozialismoa · Feminismoa