COVID19ak (ARGITARA) EKARRI DUENAZ

Covid19-ak eragindako pandemiak gizarte krisi bat azalerazi duela konpartitua da; dinamika kapitalistaren kontraesanen areagotzean detonagailu bat izan da. Argi geratu da Covid19-aren ondorengo egoera ez dela atzera buelta bat izango, paradigma berriak ezartzeko tenorea baizik. Sistema kapitalistaren defentsa egiten dutenek “normaltasun berria” dute hizpide; mundua aldatu nahi dugunok aldiz, “normaltasun” kapitalista eta heteropatriarkal horrek ekarri gaituela kolapso honetara.
“Normaltasun berriak” halabeharrezko aterabide ustez neutral bat irudikatzeko saio bat ezkutatzen du, kapital metaketaren aldeko eta langileon eta herritarron aurkako neurriak hartzen diren bitartean. Aurretik zetozen tendentziak aintzat harturik eta baita nagusitzen ari diren joerak ere, ondorengoak aipatuko genituzke:
- Larrialdi ekologikoa eta ekonomiaren hazkunderako mugak galdegiten zituzten politika ausartik ez. Koronabirusak egoera lehertu aurretik larrialdi ekologikoa geroz eta agerikoagoa egiten ari zen: materialen eta energia iturrien krisiak (batez ere petrolioaren gailurraren fasean egoteak) ekonomiaren etengabeko hazkunderako baldintza objektiboen mugak azalarazi zituen, planeten muga biofisikoak direla-eta. Hala ere, ez ziren neurri eraginkorrak hartzen ari kapitalaren errentagarritasuna arriskuan jartzen zutelako. Koronabirusaren egoerak eztabaida hori bigarren plano batera ekarri du; eta nahiz eta konfinamenduak negutegi efektuko gasen murrizketa ekarri duen, ez du ematen beharrezkoak ziren neurriak hartzeko norabidean jardungo denik. Horren isla dira, esaterako, supermerkatu handien alde hartu diren politikak, tokiko ekoizleei oztopoak jarri zaizkien bitartean. Krisi ekologikoak eredu produktiboaren birtokiratzea eta erroko transformazioa eskatzen jarraitzen du, neurgailua hazkunde ekonomiko gisa baztertzearekin batera.
- Finanatziarizazioa edo aurreranzko ihesa. 2008ko krisi ekonomikoari finatziarizazioaren bidez eman zitzaion aterabidea eta geroztik finantziarizazio prozesuetan sakondu da irabazi-tasa mantendu asmoz. Koronabirusaren berri izan aurretik ere entzuten hasiak ginen krisi ekonomiko eta finantziero berri bat zetorrela; eta koronabirusari aurre egiteko hartu beharreko neurriak detonagailua izan dira (Espelt, R., 2020). Ustez, babes sozialerako proposatzen ari diren neurriek enpresen eta familien zorpetzea dute oinarri; eta beraz, epe laburrean produkzio prozesuak eta kontsumoa eusteko balioko balute ere, epe ertainean krisi finantziero berri baten zerumuga kokatzen dute. Gainera, Europako Banku Zentralak estatuei dirua mailegatzea debekatzen duen eta bertan behera utzi ez den Europar Batasuneko Tratatuak, diru hori inbertsio funtsen eta bankuen eskuetara bideratzea eragiten du. Modu horretara, inolako kontrol demokratikorik gabe irabazi ekonomikoak izatera bideratzea ahalbidetzen da (Álvarez Barba, Y., 2020). Agente finantziero hauen prozesu espekulatiboen berri izaten hasi gara, esaterako, etxebizitza merkaturi dagokionez.
- Plataforma digitalak plusbalioari eusteko bide bezala hedatzea. Plataforma digitalen eta baliabide teknologikoen erabileraren hedatzea ekarri du konfinamenda, telelanaren bidez zein plataforma digitalen bidezko kontsumoaren bidez. Honek jada riderrek pairatzen zuten teknologiaren bidezko langileen kontrola hedatu du autoesplotaziorako disziplina bezala. Operazio gastuak langileetara transferitzen ditu, plusbalioa handituz, eta kapital teknologikoak produkzio prozesuak berrantolatzen ditu, produkzio baliabideen monopolio handiagoa bultzatuz (Cancela, E., 2020). Guzti honek gero eta sektore sozial gehiagoren prekarizazioa ekarriko du, uberizazio bezala izendatu den prozesuan sakonduz. Sektore sozial zabalen bizi-baldintzen kaskartze bat emango da horrela.
- Bizitzak ekonomiaren erdigunean egon gabe jarraitzen du. Ekonomia kapitalak errentagarritasun-tasa mantendu ahal izan dezan antolatuta dago formazio sozial kapitalistan. Eta horretarako, babes sozialerako sistemen merkantilizazioa eta pribatizazioa eman da 70. hamarkadaz geroztik, sistema publikoak baliabidez hornitu beharrean. Era berean, sektore produktibo estrategikoak esku pribatuetan mantendu dira inolako kontrolik gabe eta horietako gehienak deslokalizatu dira. Horrek pertsonon beharrizanak asetzeko gizarte bezala dugun gaitasuna mugatzen du eta koronabirusak askaturiko krisi anizkoitzaren aurrean zaurgarriago egin gaitu.
- Aipamen berezia egin beharko genioke bizitzaren zaintzaren bazterreko posizioari, eremu pribatuari lotua eta familiarizatua edo merkantilizatua eta pribatizatua. Izan ere, bizitzaren sostengurako ezinbestekoa den arren, ikusezin izaten jarraitu du. Konfinamendu egoerak zaintza lanen beharra handitu du, baina horri buruzko eztabaida publikoa eta horri loturiko baliabideak ez dira erdigunean kokatu. Lan hauek ikusezin izaten jarraitu dute eta familien esku geratu dira kasu gehienetan. Horretaz gain, erresidentzietan baliabide falta eta muturreko baldintzak eguneroko albiste bilakatu dira eta etxez etxeko langileen egoera are muturrekoagoa bihurtu da. Ez da kasualitatea krisia gogorren pairatzen ari diren sektoreak zaintza lanei loturikoak izatea (Roco, T., 2020). Hauen inbisibilizazioa eta debaluazioa plusbalioa ahalbidetzeko ezinbestekoa baita egungo gizartean. Heroitasunez jantzitako diskurtsoak zuzendu zaizkie zaintzaileei eta sistema publikoan dabiltzanei, baina ez da antolaketa ekonomikoaren eta sozialaren erdigunera ekartzeko inolako planteamendurik garatu. Berriro ere, maitasunagatik egin beharreko sakrifizioa da zaintzarena.
- Zapalduak are kaltetuago. Krisi honek hiritartasunaren kontzeptu abstraktuak ezkutatzen dituen zapalkuntzak azpimarratzeko aukera ematen digu. Formalki denok berdinak izan arren, ez ditugulako baldintza objektibo eta material berdinak. Hartu diren neurriak homogeneoak dira: klasea, baliabide ekonomikoak, generoa, arraza, jatorria, adina, osasuna… kontuan hartu gabe. Neurrien objektua bertako gizon heldu, heterosexual, familiaduna eta enpleguduna izan da eta horrek emakumeak*, pertsona migranteak, haurrak, gazteak, nagusiak… egoera zaurgarriagoan kokatu ditu, ondoren ikusi ditugularik hauei egokituriko neurri espezifikoak.
- Estatu autoritarioak eta faxismo sozialaren goratzea. Koronabirusak jada bazetorren estatu autoritarioen indartzea ekarri du, konfinamendua bete zedin bermatzeko ezarri duten kaleen militarizaioa eta indar polizialen goratzea eginez. Era berean, askatasun zibil eta politikoen mugapen bat ezarri da eta kontrol soziala areagotu da enpresa teknologiko handiek egiten duten gure datuen salerosketaren bidez (Cancela, E., 2020). Koronabirusak eragindako shock egoerak, gainera, babesaren izenean eskubide horiek ez berreskuratzeko baldintzak sortu dituzte (Sotos, E., 2020). Horrekin lotuta, hizkuntza belikoaren erabilerak, gerran bezala, kasu honetan ere “nazioagatik” sakrifikatzeko paradigma indartzea du helburu. Orain osasun krisiari aurre egiteko eta, ondoren, hobe beharrez ezarriko diren neurri ekonomikoak onartarazteko. Horrek guztiak protesta soziala geldiarazteko testuinguru bat sortzea ahalbidetzen du; baita krisi ekonomikoa bestelako baldintzengatik sortuko balitz ezarri beharko lituzketen neurriak justifikatzea ere. Koronabirusa kausa bihurtuko dute. Nazionalismo baztertzaile hori goratzearekin batera, elkarlaguntzako lotura komunitarioen haustura eta faxismo sozialaren goratzea emateen ari da, gizartea bera bihurtuz bere polizia. Proposatu diren neurri politiko nagusiak indibidualizatzaileak dira (eskuak garbitu, etxean geratu…), elkartasun komunitarioa bigarren plano batean geratu den bitartean. Beraz, ondokoarekiko elkarlaguntza jarrera beharrean, kontrol jarrera bultzatu da, mesfidantzak eta beldurrak elikatu asmoz.
- Auto-antolakuntza komunitarioaren kriminalizazioa eta teknokrazia. Altruismoa bultzatzen da, baina auto-antolakuntza komunitarioa kriminalizatzen da herritarren ahalduntze prozesuak oztopatzeko. Horretarako argudio nagusiak teknikoak dira, babeserako bermerik eza kasu honetan. Espazio hauek baliabidez hornitu ez eta kriminalizatu edo kooptatzeko jarrea ugari ikusi ditugu hainbat herrietan. Era berean, hartu beharreko neurrien eztabaidari izaera politikoa kendu eta komite teknikoen esku utzi da, ustezko neutraltasun baten izenean, alternatiba eraldatzaileei ateak ixteko saiakera eginez.
- Neoestatismoa eta burujabetza eza. Espainiar estatuaren birzentralizazioa. Globalizazioaren eta kontrolik gabeko merkatuaren aurreran neoestatismo berri bat agertu zaigu parez pare, krisi honen aterabidean lidergotza hartzen ari dena (Beloki, E. eta Olariaga, A., 2020). Kontua da, hori guztia kontrol demokratikorako bide herritarren mesedetan izan beharrean, baliabide publikoekin kapital pribatuaren babesaren eta populazioaren kontrolaren norabidean egin dela. Beraz, estatuaren indartzea ez da herritarren burujabetzak indartzearen norabidean ematen ari. Espainiako Estatuaren kasuan, gainera, birzentralizazio prozesu bat bideratzen ari da euskal herritarrok hemen eta orain erabakitzeko gaitasunik gabe utzi gaituena.
Zapaldu eta zapaltzaileon arteko etengabeko borroka honetan, botere dominanteek tresneria osoa jarri dute martxan. Horretaz gain, egoerak sortutako beldurrak eta ezegonkortasunak izango duten papera ezin dugu gutxietsi, jarrera neo-kotserbadoreak nagusitu baitaitezke. Aurrerago sakonduko dugun bezala, egoera honek arrakalak ireki ditu; baina beldurra elementu geldiarazle indartsua da eta “más vale malo conocido que bueno por conocer” sentipena nagusitu daiteke, hainbat eta hainbat herritarren nahiak eta zerumuga berriak irudikatzeko aukerak zartaraziz. Egoera hori are sakonagoa da aterabidea norbanakoaren sakrifizioaren gain kokatzen denean.
Hala ere, esan dugun moduan, koronabirusak eragindako egoerak gako interesgarriak plazaratu ditu. Krisiak katarsi momentu izan daitezke; eta gure ardura da zentzu komun berri bat eraikitzeko elementuak proposatzea, horien aldeko eskaintza politikoa idartzea eta antolaketa sozial berri baten elementuak eraikitzen hastea. Gramscik esan zuen bezala, etorkizuna iragartzeko modu bakarra antolatzea eta nahi dugun hori gertaraztea da.
- Kapitalismo heteropatriarkalari eredu ekonomiko, politiko eta sozial bat kontrajartzeko momentua: zerumuga berriak sozialismo eta feminsimotik. Koronabirusaren krisiak egoera hontara ekarri gaituen sistema zalantzan jarri eta arrakalak sortu ditu. Baina eredu hori gainditzeko eta aldaketa soziala gauzatu ahal izateko, herri proiektu bat proposatu eta estrategia edo trantsizio bat diseinatu behar dugu. Proposamen horren oinarrian e inoiz baino presenteago egon behar dira gure proiektu sozialista eta feministaren baloreak eta praktikak. Horretarako, borroka ideologiko antikapitalista indartzea lehentasunezko lan lerroa da, etengabe posible denaren aukera horiek zabaltzeko. Eslogan eta izenetatik harago, proposamenetan arreta jartzea izango da garrantzitsua.; arrazoia izatea baino garrantzitsuago izango baita konbentzitzeko gai izatea.
- Ehun komunitarioa, babes soziala eta herritarren antolakuntza. Konfinamendu egoerak elkartasun sentimenduak eta praktikak azalarazi ditu Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Sortu diren zaintza sareetan dute isla horiek. Praktiketan arreta jarriz gero, bizitzako hainbat aspekturen sostengurako sortu diren herritar antolatuen sareak gizarte eredu berri baten oinarria izan daitezkela pentsa dezakegu. Alde batetik, herritarren ahalduntzea eta protagonismoa erdigunean kokatzen dituelako eta, bestetik, gaitasun zehatzak eraikitzen dituelako.
Batez ere konfinamenduari erantzuteko sortu badira ere, ikasketa prozesu bat izan dira zaintza sareak eta aurrera begira sortuko diren zaurgarritasun egoerei erantzuteko tresna izango dira. Izan ere, bestelako eremuetara hedatzen diren ereduak ikusten hasiak gara: etxebizitza sindikatuak, zaintza sareak, sindikalgintza eredu berriak, baliabide komunitarioen ekoizpena… Gaitasunen araberako ekarpenak eta beharrizaren araberako bermeak emateko antolatzen den komunitatea eraikitzeko prozesuak indartzeko aukeraz ari gara beraz. Jada existitzen diren ereduak indartzeko tenorea da, beraz: ekonomia sozial eraldatzaileko esperientziak, babes sareak, elkartegintza komunitarioa, auzo elkarteak…
Era berean, baliabide publikoak herritarren mesedetan jarriz, instituzionalizazio eredu berriak eraikitzeko abagunea irekitzen du honek; batez ere, hainbat herritan ikusi ditugun eta egoera honetan hedatu diren udalgintza komunitarioko esperientziak aintzat hartzen baditugu.
- Herritarren lidergotza, agenda soziala eta aldarrikapenak. Horrekin batera, koronabirusak sortutako egoerak neurri ausartak galdegiten ditu eremu ezberdinetan. Eraldaketa sozialaren alde egin nahi dugunok behar hauei erantzuteko aldarrikapen edo programak egituratu behar ditugu eta agenda sozial bat egituratu erabaki horiek har daitezen. Herritar eta langileen gehiengorako erreferentziazkoa den alternatiba bat irudikatzeko gaitasuna erakutsi behar dugu, neurri ekonomiko eta sozialak proposatuz eta instituzio ezberdinak interpelatuz. Prozesu horretan, herri eragileen protagonismoa ezinbestekoa izango da eta elkarlan eta artikulazio prozesuak abiatu beharko ditugu, dagokigun aitortza eta erabakimena aldarrikatuz. Testuinguru soziosindikalak eta bere indar-korrelazioak eskaintzen dituen baldintzak aukera interesgarria dira Euskal Herrian eraldaketa soziala gauzatzeko proposamenak egituratzeko eta gauzatzeko. Urtarrilaren 30eko greba orokorrak sortutako baldintzak, mugimendu feministak duen lidergotza eta eragin gaitasuna, tokian tokiko zein nazio mailako eragile sozial andana… elkartu egin behar ditugu eta aldarrikapen batzuen pean eskaintza mobilizatzaile bat egituratu behar dugu. Gure interesen defentsan dagokigun erabakimena aldarrikatu behar dugu, krisi honi emango zaion berehalako aterabidean eragiteko eta posizioak irabazteko, pertsona guztien babes soziala bermatu dadin.
Datozen eszenatoki eta erronka guztiei aurre egiteko, ezinbestekoa izango da gazte antolakuntza. Euskal Gazteriak antolatu eta nahi dugun hori eraikitzeko borrokaren lehen lerroan egon beharko dugu. Antolakuntzaz eta borrokaz bestetik ezingo dugulako aurre egin.
Bibliografia eta sakontzekoak:
- Espelt, Roser (2020). No és coronavirusm és poca plusvàlua per tant capital, L’Esquerda. youtu.be/E5xZrgUiVds
- Álvarez Barba, Yago (2020). Ocho cosas que la crisis del covid-19 nos ha mostrado que hay que cambiar en la economía, El Salto. elsaltodiario.com/coronavirus/ocho-cosas-crisi-covid-19-mostrado-cambiar-economia
- Cancela, Ekaitz (2020). Fin del interregno: hacia la sociedad digital post-covid19, El Salto. elsaltodiario.com/coronavirus/ekaitz-cancela-fin-del-interregno-hacia-sociedad-digital-post-covid19
- Txefi Rocori elkarrizketa El Salton:elsaltodiario.com/trabajo-domestico/txefi-roco-trabajadoras-hogar-%C3%Baltimo-eslab%C3%B3n-cadena
- Sotos, Edu (2020). Lo peor del coronavirus es que te dejará sin libertades y te parecerá normal, Código Nuevo. codigonuevo.com/conciencia-social/coronavirus-dejara-libertades-parecera-normal
- Beloki, E., Olariaga, A. (2020). Narratiba berriak, Erria aldizkaria. youtu.be/9ZmTjQaUnCA