‘Che Guevara’ gazte brigada internazionalista Venezuelan

40 herrialdetatik etorritako 140 gazte inguru batu gara Iraultza Bolibartarrari gure elkartasun osoa adierazteko

Otsailaren 16tik 23ra, Herrien Nazioarteko Asanbladaren baitan, ‘Che Guevara’ brigada internazionalistan parte hartu dugu. Aste honetan zehar, 40 herrialdetatik etorritako 140 gazte inguru batu gara Iraultza Bolibartarrari gure elkartasun osoa adierazteko.

Egun hauetan, Venezuelatik bertatik, herrialdearen benetako errealitatea ezagutu dugu, nazioarteko komunikabideen manipulaziotik urrun. Zentzu honetan, brigadiston funtsezko betebeharra da ikusten ari garen errealitatea gure herrialdeetara eramatea.

Aski ezaguna dugu Venezuelako Errepublika Bolibartarrak pairatu behar izan duen eta oraindik pairatzen duen 4 dimentsiotako estatu golpea. Lehenik eta behin, blokeo ekonomiko eta finantzieroak, elikagai, sendagai eta beharrezkoak diren bestelako produktuen horniduraren etete handi bat eragiten du. Bigarrenik, komunikabide eta sare sozialak egoeraren errealitate faltsu bat erakusten ari dira. Hirugarrenik, EEBBk, Europak eta bestelako enparauek, itxidura edo setio politiko bat sorrarazi dute. Azkenik, fikziozko estrukturekin sortutako kolpe instituzionala etorriko litzateke, gobernuburu “autoproklamatua” delakoa.

Venezuelan gertatzen ari denak ondorio zuzena dauka munduko herrialde guztietan. Kapitalismoa eta inperialismoari aurre egitea funtsezkoa da gizartearen ongizaterako.

BRIGADAREN HELBURUAK

  • Iraultza Bolibartarrari elkartasuna adierazteko plataforma bat sortzea. Honetan, artikulazio politiko eta komunikatibo iraunkor bat egongo da eta herrien autodeterminazio eskubidea babestuz, informazio manipulatuekin hautsi eta ekimen zehatzak pentsatu eta egingo dira.

 

  • Venezuelako errealitatea gertutik ezagutzea, hemen zer gertatzen ari den ikusi eta horrela, nazioarteko komunikabideen manipulazioak eragindako matriz faltsuak desegitea. Finean, brigadistok, Iraultza Bolibartarraren bozeramaile eta babesleak bihurtzea gure herrialdeetan.

 

BRIGADA EGUNEZ EGUN

Hasteko, Venezuelako Gazte Zuzendaritza Politikoarekin (Dirección Política Juvenil Nacional) batu gara, gaur egun eta etorkizunera begira dituzten erronkei buruz hausnartzeko. Bestetik, Ikasle Antolakunde ezberdinekin ere elkartu gara (OBE-FVEU-FVEM) eta hezkuntzaren eremuan Iraultza Bolibartarrak egindako lorpenak ezagutu ditugu. Azpimarragarria da, blokeo bortitz hau pairatu arren, hezkuntzan ez dutela atzera pausorik egin, guztiz kontrakoa, gehiago inbertitzea erabaki dute. Hezkuntzak, dohakoa (materiala eta garraioa ere) , unibertsala eta kalitatezkoa izaten jarraitzen du. Finean, Iraultza Bolibarrarentzat, hezkuntzak, borrokarako oinarrizko elementua izaten jarraitzen du. Honela adierazi digu lehen pertsonan Nicolas Maduro gobernuburuak.

Jarraitzeko, Venezuelan garatzen ari diren herrigintza esperientzia desberdinak ezagutu ditugu. Gure kasuan, Caraseko Petare auzoan dagoen “Cacica Urimare” nukleoan parte hartzeko aukera izan dugu, komunitateko auzokideekin harremandu eta espaziorako Infogune bat eraikiz. “Cacica Urimare”, 2013an sortutako espazio autogestionatu bat da eta bertan tailer eta formazio desberdinak eskaintzen dira gazte zein adinekoentzat. Irakasleak, gainera, komunitatean bertan bizi diren auzokideak dira. Petare auzorako erreferentziazko espazio bat bilakatu da batez ere gazteengan, non eskaintza alternatibo bat jasotzen duten logika kapitalistatik at.

Brigadari bukaera emateko, giza-laguntzaz mozorratutako EEBBn interbentzio militarraren aurrean, demokrazia eta bakea eskatu eta aldarrikatu dituen mobilizazio jendetsuan parte hartzeko aukera izan dugu.

Yankees go home! Dale duro Maduro!

Euskal gazteria Venezuelarekin!
Gora Iraultza Bolibartarra!